Egutegiak adierazten duenez, hasi da bertze egun bat Habanan, Kuban. Badira hirurogei urte baino gehiago uhartea blokeo ezin krudelago baten pean dela, eta gaur ere haren eraginpean ekin diote egunari.
Eguerdiko eguzki galdatan dago 12. eta 23. kaleen bidegurutze enblematikoa, Habanako Vedado auzokoa. Ibilgailu bakan batzuk dabiltza harat-honat. Ezagun da erregai eskasia. Hala salgaiak garraiatzeko nola joan-etorrietarako, triziklo elektrikoak erabiltzearen alde egin dute bai gobernuak eta bai beren kontura aritzen diren langileek: Txinatik eta Vietnamdik inportatu dituzte, eta Kuban muntatu. Preseski, halako batean dabil Fernando, eta argi mintzatu da: «Gaindituko dugu krisialdi hau. Aldi Berezia ere bizi izan genuen 90eko urteetan, Sobietar Batasuna erori zenean, eta aitzinera atera ginen».
ICAIC Arte eta Industria Zinematografikoaren Kubako Institutuko sarreraren parean, bi erretiratu eztabaidan ari dira gobernuak ekainaren 18an iragarri zuen plan estrategikoari buruz, egitasmoak uhartea inarrosi baitu. Hain zuzen ere, Herri Boterearen Asanblea Nazionalak aho batez babestutako 176 neurri ekonomikoak direla medio, merkatu libreranzko bide aldaketa bat izanen da Kuban, iraultza gailenduz geroztik izandako nabarmenena.
Karrika batzuk beheitiago, landako produktuen poltsa batzuk garraio dabil 40 urte inguruko emakume bat. Kontrakoa espero bazitekeen ere, aurpegian ez zaio pozik nabari erabaki historiko horren harira. Semeak Madrildik bidaltzen dion diruari esker, Leyanisek modua izan du erosketak egiteko zenbait nekazari independentek, kooperatibak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainek antolatzen duten asteroko azokan, 14. eta 15. kaleetako parkean.
Azkeneko bortz urteetan, nekazaritza produktuen ekoizpena %54 baino gehiago jautsi da Kuban, eta, beraz, arrautzak, haragia, fruta eta barazkiak izugarri garestitu. «Ikusteko dago Trumpek modua emanen ote duen neurri horiek martxan jartzeko», erran du Leyanisek, sinesgogor. Haren egoera ez da bakana. Izan ere, hondarreko urteetan, Kubako ekonomia uzkurtuz-uzkurtuz joan da etengabe, itzalaldi izugarri luzeak izaten dira, 20 edo 30 ordu baino gehiagokoak herrialdearen parte handi batean, eta inflazioak porrokatu egin du bai soldatapekoen eta bai pentsiodunen erosahalmena.
«Gaindituko dugu krisialdi hau. Aldi Berezia ere bizi izan genuen 90eko urteetan, Sobietar Batasuna erori zenean, eta aitzinera atera ginen»
FERNANDO Habanako herritarraÂ
Nolanahi ere, denak ez dira Leyanis bezain ezkorrak. Ernesto Kubako Arrantza Flotatik erretiratua da, 80ko urteetan Pasaiako portuan behin baino gehiagotan egona Atlantikoan ibiltzen ziren Kubako arrantzontziak konpontzen, eta esperantza handiagoz mintzo da, 12. karrikako okindegiko lerroan zain dagoen bitartean: «Diaz-Canelek janari programa aipatu zuen, eta inbertsioei bidea irekitzea; traba batzuk kenduko dituzte, eta iruditzen zait halakoak bidezkoak direla, beharrezkoak ekonomia suspertzeko eta blokeoari izkin egiteko. Mexikoko, Errusiako, Txinako eta, zergatik ez, Euskal Herriko enpresak sartzen badira, baliteke estualdia arintzea». Hori bai, ñabardura bat egin du: «Betiere, traiziorik txikiena ere egin gabe gure gizarte sozialistaren oinarriei». Ernestoren gibelean, baietz egin du Tania neurokirurgia ikasleak: «Kontuan hartuta gure gurasoak ataka estuagoetatik atera zirela, uste dut guk ere aurkituko dugula irtenbidea. Kubatarrok gainditu egin behar dugu egoera hau». Emakumearen baikortasuna kubatarren oroimen historikoaren erakusgarri da, Kuba onik atera izan baita ekaitz gogorragoetatik.
Kubatarrak bat datoz erreforma horiek ez direla agintariei bat-batean bururatutakoak, baizik eta patxadaz hausnartutakoak, kontuan harturik AEBek itobeharrean dutela uhartea. Halere, herritar anitzek uste dute lehenago ezarri behar zirela. Arratsaldea aitzinera doa, eta eztabaidak ez du etenik Habanako karriketan. Sinesgogortasuna eta esperantza sumatzen dira nahas-mahas. Edozein moduz, gehien-gehienen ustez, iragarritako neurri sorta hori da salbatzeko bide bakarra. Hartan sinetsi nahi dute, baina emaitzak ikusi behar horretarako.

Petrolio inportazioak geldiarazi eta, hala, blokeoa gogortu duten honetan, egoera muturreko bihurtua da. Ana ICAICeko langilea da, eta uste du «deus ez egitea» dela «arrisku guzietan handiena». Miguel Diaz-Canel presidenteak argi adierazi du horixe bera, Fidel Castrok duela zenbait urte errandakoak parafraseatuta, herritarrak deitu baititu «zer garai historikotan dauden ohartzera», «aldatu beharrekoa aldatzera». Presidenteak erran duenez, aldatu beharra dago, eta herrialdeak ezin du orain arte bezala-bezala funtzionatu hemendik aitzinera.
Itzalaldiak krisiaren eguneroko erakusgarri bihurtu dira. Eskoletan lehenago amaitu dute ikasturtea, ospitaleetan baliabide gutxirekin ari dira lanean, eta garraioa odisea bat da egunero. Gainera, zaborra pilatzen ari da karrikan, ez baita erregairik aski hura biltzeko.
«Diaz-Canelek inbertsioei bidea irekitzea aipatu zuen; traba batzuk kenduko dituzte, eta iruditzen zait halakoak bidezkoak direla»
ERNESTOÂ Habanako herritarra
Hori nahikoa ez, eta Washingtonen presioa eta mehatxuak ere badira tartean. Horren erakusgarri, AEBek blokeatu egin dituzte Kubako zentral termoelektrikoetarako ordezko piezen bidalketak, Frantziako CMA CMG ontzi enpresaren bitartez garraiatzen ari zirenak. Halaber, NBEren giza laguntza ezin banaturik dabiltza uhartean, erregai eskasia dela eta.
Lan gutxiago
Turismoari dagokionez, azken urteetako atakarik estuenetako batean da Kuba, hotelak hutsik baitaude, eta jatetxeetan ohi baino hagitzez lan gutxiago baitute. Kontrara, mikroenpresa eta enpresa txiki pribatuak, haietako anitz familiarrak, ugaritu egin dira 2021az geroztik, gobernuak legeztatu zituenetik alegia, eta, blokeoak ez dienez eragiten, modua dute produktuak inportatzeko, baita erregaia ere.
Asanblea Nazionalak onartutako neurri sorta historiko hori garrantzi handikoa da. Haren bidez, banku pribatuen jarduna baimenduko dute lehenbiziko aldiz, enpresa pribatuek aukera gehiago izanen dituzte handitzeko, estatuko enpresak eraldatzeko bidea malgutuko dute, zuzeneko inportazio eta esportazioei bide emanen diete, eta atzerriko inbertsioak onartuko dituzte bertze zenbait sektoretan.

Gazte batzuk futbolean ari dira John Lennon parkean. Nahiz eta iruditzen zaien lehenago ere adituak dituztela oraingo promesen antzekoak, den-denak suminduak daude Donald Trumpekin. Ricardok argi erran du: «Ez naiz politika kontuetan ibiltzen, ez baitzait interesatzen, baina Trump jasanarazten ari zaigun hau genozidioa da. Zer eskubide du hark kubatarroi errateko nola bizi behar dugun?». Wilfredok 26 urte ditu, Bayamokoa da, eta zera gaineratu du: «Kontua ez da erreformak txarrak edo onak diren, baizik eta aukerarik izanen ote dugun ikasteko, lan egiteko, dantzatzeko, musika aditzeko eta egunero jateko. Erronka ez da legeak onartzea, baizik eta lege horiek berehala ezartzea eta burokrazia eta blokeoa amaiaraztea».
«Ez naiz politika kontuetan ibiltzen, ez baitzait interesatzen, baina Trump jasanarazten ari zaigun hau genozidioa da»
RICARDOÂ Habanako herritarra
Bien bitartean, bizia aitzinera doa ziurgabetasuna eta zailtasunak goiti-beheiti. Kubatar guziei eragiten die blokeoak nola edo hala: garraiorako piezak falta dira, botikak ere bai, zenbait ebakuntza gibelatu egin behar izan dira, industriak jarduna geldiarazi behar izan du ekipo batzuk ezin izan dituztelako inportatu… Eta energia arloko egoera gehitu behar zaio horri guziari, uharteko sektore guziak jotzen baititu, egunero-egunero.
Gobernuak behin baino gehiagotan errana du estatuak eutsi eginen diola sektore estrategikoen kontrolari, eta justizia soziala ez duela sakrifikatuko efizientziaren izenean. Rene militar erretiratua da, Indar Armatu Iraultzaileetan ibilia eta Angolan soldadu izana, eta Habanari begira dagokio Vedadon duen apartamentuko terrazatik: «Kezka dut merkatuak ez ote duen dena irentsiko. Dena ez ote den merkantzia huts bihurtuko. Oreka lortu behar da: bizirik iraun, baina arima galdu ez. Ez dakit gobernuak ba ote dakien nola egin hori, baina, bederen, aitortzen du mugitu beharra dagoela. Kontraerrana agerikoa da. Nola ireki ekonomia merkatura, gure eredu sozialista higatu gabe? Erronka izugarria da».