Atzo bete ziren 50 urte Fidel Castrok gidatutako erreboltari kubatarrek Fulgencio Batista diktadorearenindarrak menperatzea lortu zutenetik eta Kubako iraultza aldarrikatu zutenetik. Santiago hirian, iraultzaileek eskuratu zuten lehen hirian, egin dituzte bart urteurren biribil hori ospatzeko ekitaldi nagusiak, Raul Castro presidentea buru dela. Hutsune nabarmen bat izan da, ordea, ospakizunetan: zalantzak azken unera arte iraun badu ere, Fidel Castrok ez du agerraldirik egin.
Castrok gaitz bat zela medio Raul Castro anaiaren esku utzi zuen estatuburutza behin-behinekoz 2006an. Iragan otsailean ofizialki hartu zuen presidentzia Raulek, Fidelen faltan bera izan da 50. urteurreneko ekitaldietan gidari eta hizlari nagusia. Hain zuzen ere, iraultza inoiz baino indartsuago dagoela aldarrikatu du: "Gaur iraultza inoiz baino indartsuago dago eta inoiz ez du bere printzipioetan milimetro bat ere atzera egin, ezta unerik zailenetan ere".
Iraultzaren eta Alderdi Komunistaren etorkizuneko buruzagiei printzipio horiei eusteko eskatu die, eta ez liluratzeko "etsaiaren sirena kantuekin". Kubako iraultza "apalenen" iraultza izan zela oroitarazi die: "Ez daitezela inoiz gure langile, nekazari eta herritarrengandik aldendu; militanteek ez diezaiela utzi alderdia suntsitzen. Ikas dezagun historiatik".
Arestian esan bezala, Fidel Castrok ez du parte hartu ekitaldian, baina haren irudi ugarik hornitu dute ekitaldia, eta, halaber, sarri aipatu dute hitzaldietan gorazarre egiteko.
Mundua
Kubako iraultza inoiz baino indartsuagoa dagoela aldarrikatu du Raul Castrok 50. urteurrenean
Fidel Castrok ez du ospakizunetan parte hartu, baina presentzia handia izan du ekitaldiko irudi eta hitzaldietan. Kubako Alderdi Komunistako buruzagiei "etsaiaren sirena kantuekin" ez liluratzeko eta herritar apalenen beharretatik ez aldentzeko eskatu die Raul Castrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu