Igande honetan, Familien Kodeari baiezkoa edo ezezkoa eman beharko diote Kubako herritarrek. Familien Kodea lege multzo bat da, helburu duena gizarteko zenbait sektore zaurgarriren eskubideak bermatzea. Besteak beste, arautzen ditu sexu bereko pertsonen ezkontza, indarkeria matxistaren biktimen babesa, eta haurren eta zaharren zaintza.
Mugimendu feministak eta LGTBI mugimenduak egindako hainbat eskari daude kodearen barruan, baina zenbait atal ere kritikatu dituzte mugimendu horiek. Batetik, haurdunaldi subrogatua arautuko dute, eta, bestetik, pertsona transgenero eta ez-bitarren eskubideak ez ditu bermatuko. Eliza katolikoa eta oposizioa lege multzoaren aurka daude, eta eskatu dute ezetz bozkatzeko edo abstenitzeko.
1959ko iraultzatik Kuban antolatu duten hirugarren erreferenduma izango da igandekoa. Aurreko biak konstituzioa erreformatzeko egin zituzten.
Sexu berekoen ezkontzak legezkoak izango dira erreferendumean baiezkoak irabazten badu. Gainera, bikote horiek haurrak adoptatzeko aukera izango dute, eta osasun sistema publikoak ugalketa lagundua eskainiko die.
«Familiaren barruan» indarkeria matxista jasaten duten emakumeek euren esku izango dute babes judiziala, igandean kodea onartzen badute. Mugimendu feministaren arabera, «aurrerapen garrantzitsu bat» da, baina ez da nahikoa: indarkeria matxistaren biktimentzako aterpeak eta «erreparazio integrala» egiteko mekanismoak ere eskatu dituzte, baina legeak ez ditu aurreikusten.
Haurren eskubideen alde
Adingabeen arteko ezkontzak, berriz, legez kanpo geratuko dira. Gaur egun, 14 urte baino gehiago dituzten emakumeek eta 16 urte baino gehiago dituzten gizonek ezkontzeko aukera daukate. Azken datuen arabera, lau emakume kubatarretik bat 18 urte bete aurretik ezkontzen da.
Gainera, haurrek eskubidea izango dute beren identitatea libreki garatzeko, beren ongizatea eta garapena erraztuko duen informazioa jasotzeko, eta indarkeriarik gabeko giro batean hazteko.
Zainduak izateko eskubidea izango dute haurrek, zaharrek eta aniztasun funtzionala dutenek. Senideen gain uzten du legeak zaintzaren ardura, baina senidetasuna bera ere ez du mugatzen odolkidetasunera. Esaterako, legearen aurrean haur baten guraso izan liteke harekin lotura estu eta konstantea duen pertsona bat, nahiz eta odol berekoa ez izan edo lotura hori adopzioaren bidez ez egin.
Familien Kodeak haurdunaldi subrogatua ere arautzen du. Haurdunaldi solidarioa deitu diotena legezkoa izango da haurdun gelditu ezin direnentzat.
Polemika handia piztu du haurdunaldi subrogatua lege multzoan sartu izanak. Kubako mugimendu feministak ez du espresuki salatu, baina militanteek denetariko iritziak dituzte. «Emakumeen gorputzen esplotazioa» bultzatzen duela salatzeaz gain, «pobreziaren feminizazioa» handitzeko arriskuaz ohartarazi dute askok. Beste batzuen iritziz, berriz, «bi aldeen eskubideak» bermatzeko, legeztatzea «beharrezkoa» da.
Legearen arabera, haurdun geratuko litzatekeen emakumeak guraso izan nahi dutenen senidea edo «gertukoa» izan beharko du, eta ezingo da transakzio ekonomikorik egin, «haurdunaldiko gastuak kenduta». Emakumeen sexu esplotazioa eta haurren salerosketa eragozteko kontrolak aurreikusten ditu legeak.
Kuban erreferendum bat egingo dute zaurgarrienen eskubideak bermatzeko
LGTBI mugimenduaren eta feminismoaren hainbat eskakizun sartu dituzte legean. Eztabaida piztu du haurdunaldi subrogatua arautzeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu