Kazetaria

Gabriel Vera Lopes: «Kubarako petrolio hornikuntza blokeatzea gerra deklaratzearen parekoa da ia»

Washingtonek Kubarako energia hornikuntza blokeatu duela eta, herritarrak haserre eta, aldi berean, zain daudela esan du Verak. Berriemailea da Habanan.

Gabriel Vera Lopes kazetaria. BERRIA
Gabriel Vera Lopes kazetaria. BERRIA
Cecilia Valdez
2026ko otsailaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelan egindako esku hartzeak agerian utzi zuen AEBek zer-nolako asmoak zituzten, eta, aldi berean, modua eman zien estatubatuarrei hirurogei urtez baino gehiagoz gutiziatu duten bertze lurralde baten kontra oldartzeko: Kubarako energia hornikuntza blokeatu dute AEBek. Erabaki hori, hain zuzen, Washingtonek beren gibeleko patiotzat hartzen duen horren aurka, hau da, Latinoamerikaren aurka abiatua duten oldarraldiaren parte da, eta, haren ondorioz, Kuba giza krisi baten atarian da.

Nahiz eta ez dagoen argi uharteak zer bilakaera izanen duen epe laburrean, litekeena da AEBen erabakiak giza krisi bat eragitea. Gabriel Vera Lopes analista Brasil do Fato egunkarian aritzen da berriemaile, Habanan bizi da, eta zuzen-zuzenean kontatu du Kubako oraingo egoeraren berri.

Kubarentzat zer esan nahi du AEBek petrolio hornikuntza blokeatzea erabaki izanak?

Gerra deklaratzearen parekoa da ia, guztiz eragozten baitu egunerokoan normal bizitzea, eta, erabakiak energia hornikuntzari ere eragiten baldin badio, nekazaritzako produktuak ekoizteko gaitasuna mugatuagoa izanen da. Badira hirurogei urte AEBak Kubaren aurka ari direla, baina neurri horrek gogortu egin du oldarraldia, inoiz ez bezala gogortu ere. Halako bortizkeriak herritar guzi-guziei eragiten die.

Zenbat egun daramatzazue horrela?

AEBetako Gobernuak agindu exekutibo bat sinatu zuen urtarrilaren 29an: hartan, «ohiz kanpoko eta aparteko mehatxutzat» jotzen da Kuba, eta zehaztu zigorrak ezarriko dizkiotela Kuba petrolioz hornitzen duen herrialde orori. Uharteak abenduan utzi zion Venezuelako petrolioa jasotzeari, AEBek itsasontziei ezarritako blokeoa zela-eta, baina beste arazo bat dago orain: beste hornitzaileak ere ataka estuan daude, batez ere Mexiko.

Zer aldatu da AEBek Venezuelan esku hartu eta Kubarako energia hornikuntza blokeatu zutenetik?

Batetik, Caracasi eraso zioten, eta, bertzetik, 32 borrokalari kubatar hil. Horrek giharrean jo zituen Kubako herritarrak, gobernuarekin atxikimendu handia izan ala ez. Venezuela da Kubak azken 25 urteotan Latinoamerikan izan duen aliatu nagusia, eta, beraz, eztabaida handia piztu zen AEBen esku hartzearen ondotik han hartzen ari diren neurriei buruz. Hau da, jende anitzi ezinegona piztu zaio ikusita Venezuela zenbat kolaboratzen ari den AEBekin.

«Jende anitzi ezinegona piztu zaio ikusita Venezuela zenbat kolaboratzen ari den AEBekin»

Zer dio jendeak?

Jendea hagitz haserre dago, gertatutakoaren ondorioz arrunt ahuldu baita uhartea, baina, aldi berean, zain-zain ere bai, egoerak zer bide hartuko. Izan ere, Venezuelaren eta Kubaren arteko harremana estu-estua da hainbat arlotan. Obamaren agintaldian, Kubak AEBekin solas egiteko bideak ireki zituen garai berean, AEBek estu hartu zuten Venezuela, eta Habanak guztiz gaitzetsi zituen beti Caracasi eraso egiteko politikak. Orain, baina, gauzak ez dira horrela.

Zer-nolakoa da egunerokoa uhartean?

Ahaleginak egiten ari dira zona guzietan argindar etenak orekatzeko. Neurrien xedea da sektorerik delikatuenetan argindar hornikuntza bermatzen saiatzea, hala nola ospitaleetan eta eskoletan. Plan bat osatu dute leku estrategiko batzuetan eguzki plakak paratzeko, baina, aldi berean, beharrezkoa da eskura dagoen erregai apurra errazionatzea, eta horrek eragina du hirietan hara eta hona mugitzeko orduan. Oraindik ez dago jaki eskasiarik, baina litekeena da inflazioak goiti eta goiti egitea eta horrek ekonomiari nola edo hala eragitea.

Zenbateko babesa du prozesu iraultzaileak?

Zaila da kalkulatzea, bi fenomeno gertatzen ari baitira aldi berean. Inongo zalantzarik gabe, herrialdean aspalditik indarrean den krisiak badu eragina, eta, hain justu, politikarako atxikimendua galarazi die gizarteko hainbat sektoretako kideei. Beraz, haserre handia nabari da, eta jendeak gero eta eskari gehiago ditu, baina gobernuaren kontrako kritikak ez dira iraultzaren kontrakoak beti. Zenbait gazte taldek uste dute iraultzak porrot egin duela proiektu gisa, eta kapitalismoa berrezartzea dela gerta daitekeen gauzarik onena, baina erranen nuke gehiengoak oraindik ez duela halakorik uste. Hori bai, nire iritziz, herritar gehienek uste dute iraultzan hitzemandakoak ez direla bete, eta iraultza egiteko beharrezkoa dela gobernua aldatzea.

Batzuek esaten dute goi mailako politikako krisi bat dagoela tartean…

Gidaritza politikoko krisi bat da, alderdia zuzentzeko moduari lotua, alderdiak ez baitu lortzen gizarteko sektore zabalekin konektatzea, eta ez Fidel Castrok utzitako hutsuneagatik bakarrik, baizik eta baita funtzionatzeko modu burokratikoagatik ere. Edozein moduz, erranen nuke hala sektore batzuetakoei nola bertzeetakoei beldurra ematen diela AEBek autonomia nazionala galarazteak; kubatar diaspora, ordea, AEBek zuzenean esku hartzearen aldekoa da.

«Ez dago AEBekin batera nolabaiteko trantsizio bat prestatuko lukeen sektorerik»

Zure ustez, gizarteko sektore horiek bat eginen lukete kanpoko erasoren bati buru egiteko?

Bai, eta uste dut AEBentzat horixe dela traba nagusia esku hartzeko moduren bat asmatzeko, ez baitago AEBekin batera nolabaiteko trantsizio bat prestatuko lukeen sektorerik. Ez dago agintea AEBen esku uzteko prest dagoen eskuineko oposiziorik. Bertzalde, zail ikusten dut lurretik inbasio bat egitea, AEBentzat hagitz korapilatsua izanen bailitzateke halako egoera bat bideratu behar izatea, hagitz hurbil gaude eta. Argi eta garbi, AEBak Kuba baino hagitzez gehiago dira arlo militarrean, teknologikoan eta logistikoan, baina AEBetako armadarekin lotutako sektoreek badakite Kubako armada hagitz batua dagoela eta arrunt aukera gutxi dituztela aginte katea hausteko. Horrez gain, Kubak zilegitasun handia du nazioartean, arazo ugari baldin baditu ere.

Zenbait espekulazioren arabera, baliteke Kubak kanpoko babesa biltzea…

Kubak harreman estu samarra du zenbait herrialderekin; Latinoamerikan, Mexiko du aliatu nagusia, eta hura aztertzen ari da nola helarazi petrolioa uhartera AEBen zigorrei izkin eginez. Gainera, laguntza humanitarioa bidali du berriki. Bertzalde, Kubak trantsizio energetikoari buruzko akordio batzuk eginak ditu Txinarekin eta Vietnamekin, parke fotovoltaikoak paratzeko, eta prozesu horiek azkartzen ari dira. Uharteak harreman arrunt estua du Vietnamekin, eta, nire ustez, espero izatekoa da nobedaderen bat izatea alde horretatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA