KURDISTAN. «Ahmadinejadek ez du botererik: buruzagi nagusiak agintzen du»

urtzirrutikoetxea
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Mustafa Hijri da Irango kurduen alderdi garrantzitsueneko idazkari nagusia da. Alderdia oraintsu zatitu bada ere, itxaropena du berriz bildu eta oposizioko taldeek fronte bakarra osatuko dutela.

Datorren urteko bozetan aldaketarik gerta daiteke Iranen?

Europan agian zail da sinesten, baina Iranen Parlamentuak, presidenteak eta Gobernuak ez dute botererik. Buruzagi nagusiak kontrolatzen du dena. Beraz, ez du axola nor den presidente. Ahmadinejadek [Mahmud, presidentea] egitasmo nuklearraz diharduenean edo Israel suntsitu nahi duela dioenean, buruzagi nagusiaren baimenarekin egiten du. Europak ez luke saiatu behar erregimena aldatzen Gobernua aldatuz. Erreforma sistema demokratikoan gerta daiteke, baina Iranen ez dago demokraziarik. Buruzagi nagusiak Jainkoaren hitza du, eta ezin duzu hura kritikatu; beraz, ideia horrekin ez dago aldaketa itxaroterik.

Zelan aldatu orduan?

Era bakarra aliantza sendoa izatea da, nazioartean eta etxean. Nazioarteak Irango oposizio demokratikoa bultzatu behar du erregimenari gailen dakion, erresistentziari lagundu behar dio. Tamalez, proiektu nuklearraz bakarrik hitz egiten dute Europak eta AEBek.

Zein babes daukazue orain nazioartetik?

Tamalez, ez gure alderdiak ez besteek ez dute jasotzen babesik Europan edo AEBetan. Hori oso arriskutsua da guretzat, Irango erregimena oso ankerra baita; emakumeak exekutatu dituzte, nazioen aldeko ekintzaileak, dozenaka kazetari ere bai.

Harremanik baduzue PJAKekin?

PJAKek politikoki ez dauka kurduen babesa. Batzuek bat egin dute PJAKekin borroka armatua egiten duelako. Babesa ez da haien ideiekin bat datozelako, erregimena gorroto dutelako baizik. Beste edozein erakundek borroka armatua egingo balu, jende askok bat egingo luke.

AEBek laguntzen diotela esaten da.

AEBek ez diete laguntzen oposizioko taldeei. Ez daukate politika argirik Iranekin; orain mehatxu orain negoziatu dabiltza, eta hori ez da batere eraginkorra.

Zein da zuen ikuspuntua borroka armatuaren inguruan?

Ez dugu baztertzen. Etorkizunean, behar balitz eta erabilgarria balitz, berriz ere helduko genioke. Baina orain ekintza politikoa, erakunde sendoak izatea, argitalpenak, eraginkorragoak direla uste dugu.

Irakeko Kurdistanen estatubatuarrei lagundu ostean ia burujabe dira kurduak. Eredutzat har daiteke?

Ezin duzu sistema bat automatikoki kopiatu. Baina, noski, beti dago zer ikasi. Adibidez, Irakeko Kurdistanen bizi duten demokrazia giroa gure alde da. Eta gobernu mota ere bai, Parlamentu demokratikoa, administrazio propioa eta baita erlijioa boteretik bereizita egotea ere.

Independentzia baztertuta daukazue?

Orain bertan ez gara ari estatu kurdu baten alde, edo Kurdistan batzearen bila. Ez da errealista. Uste dugu sistema onena, kurdu guztientzat, dauden herrialdean demokrazian eta sistema federalean autonomia izatea dela. Hori da erronka, hori lortzeko ari gara borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.