KURDISTAN. «Lotsagarria da ezkerrak Irango diktadura bultzatzea»

urtzirrutikoetxea
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Abdula Mohtadiren iritziz, batzuek nahastu egiten dute amerikarren aurka egotea eta ezkertiar izatea.

Iraken daukazue egoitza. Hemengo gobernu kurdua eredu da?

Inspirazio iturri izan da, baina ez du esan nahi kopiatu gura dugunik. Iraken, bi nazio nagusi daude: kurduak eta arabiarrak. Iranen, sei talde etniko handi daude, eta bakoitzak bere hizkuntza, lurraldea, historia ditu; beraz, sistema federala askoz egokiagoa da.

Independentzia nahi duzue?

Nazio zatitu eta zapaldua gara; beraz, autodeterminazio eskubidea dugu. Baina gu Iran batu eta federalaren alde gaude, Irango guztien eskubideak babestuko dituen konstituzio demokratikoa nahi dugu.

Iraken inbasioak gauza onak ekarri dizkie kurduei. Iranen ere bultzatuko zenukete antzeko zerbait?

Ez gaude inbasioaren alde. Baina bai babes handi eta serioaren alde, demokraziaren alde, herri zapalduen alde. Iranen eta zehazki Kurdistanen demokraziaren alde borrokan ari direnak bultzatzea nahi dugu. 70 milioi biztanle ditu Iranek, eta horietatik 8-10 milioi kurdu daude mendebaldean eta ipar-mendebaldean, baztertuta garapen programetan, goi karguetan, politikoki, kulturalki; Iranek bortizki zapaldu ditu, baina ez dirudi inori ardura zaionik giza eskubideak horren era larrian haustea Irango Kurdistanen. Irango kurduen sufrimenduari arreta jartzea nahi dugu. Babes morala, politikoa eta materiala nahi dugu, ez kanpoko inbasioa.

Irango kurduak ez zaudete batuta, ordea.

Komalak proposatu zuen fronte kurdua osatzea orain bost urte, eta Irango oposizio zabala eratzea ere lantzen ari gara. Batasuna behar dugu, bestela ez dugu aukerarik izango. Iran Federalaren aldeko Nazionalitateen Kongresuan batu gara balutxak, arabiarrak, kurduak, azerbaijandarrak, baina fronte kurdua eta Irango koalizio demokratikoa lortzeke daude .

PJAKek gero eta babes handiagoa omen dauka.

Ez da hori nire inpresioa. Egunero gaude intelektualekin, ikasleekin, feministekin, jende arruntarekin, eta ez diote halakorik.Guk aniztasun politikoan sinesten dugu; jendeak eskubidea dauka alderdi eta talde berriak eratzeko, baina ez dugu uste kanpotik antola dezaketenik ezer Irango kurduentzat, eta PJAK Turkiako PKK-k sortu eta kontrolatzen du.

Ezkerreko sektore batzuek sinpatia diote Irani.

Bai, eta erabat okerra da hori. Ezkerraren izena zikintzen dute Irango erregimena bultzatuz, amerikarren aurka daudelako soilik. Ezkertiarrek, aurrerakoiek egon beharko dute abangoardian demokraziaren alde, zapaldutakoen eskubideen alde. Ez dut ulertu zelan deritzon inork bere buruari aurrerakoi, demokrata edo ezkertiar eta, era berean, Irango diktadura anker erreakzionario eta atzerakoia bultzatzen duen. Lotsagarria da. Errespetatzen dut askatasunaren, independentziaren eta justizia sozialaren aldeko borroka; baina Venezuelarena tamalgarria da, ez dauka justifikaziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.