Japonia. Fukushimako hondamendia

Kutsatutako 11.500 tona ur isuriko dituzte itsasora zentral nuklearretik

IAEAk salatu du zentralaren enpresa kudeatzaileak, TEPCOk, ez zuela hartu istripua saihesteko behar adina neurriOrduko 7.000 litro ur kutsatu isurtzen dira itsasora, 20 zentimetroko pitzadura batetik

2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Japoniako Fukushimako zentral nuklearretik 11.500 tona ur erradioaktibo isuriko dituzte itsasora. Legeak onartzen duen baino ehun aldiz handiagoa da ur horren erradioaktibitatea, baina TEPCO enpresa kudeatzaileak dio ezinbestekoa dela langileek zentral nuklearreko egoera kontrolatzeko lanetan jarraitu ahal izateko.

Krisi nuklearrak luze joko zuela ohartarazi zuen iragan astean Japoniako Gobernuak. Martxoaren 11n bederatzi graduko lurrikarak herrialdeko kostaldea gogor astindu zuenetik kasik hilabetea igaro da, eta Fukushimatik larritzeko moduko berriak ailegatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Izan ere, ez dute zentralaren kontrola berreskuratzea lortzen. TEPCOren arabera, erradioaktibitateak ez die langileei euren lana egiten uzten. Horrexegatik bota nahi ditu 11.500 tona ur kutsatu itsasora. Bosgarren eta seigarren erreaktoreetako edukiontzietan eta sotoan tokia egin nahi du, are kutsatuagoa dagoen ura bertan sartu eta langileek egitekoarekin jarraitu ahal izateko. Izan ere, lehen hiru erreaktoreen turbinen eraikinak gainezka egitear daude, legeak onartzen duena baino 100.000 bider erradiazio gehiago duen urarekin.

Horrez gain, itsasora ur kutsatua iragazten jarraitzen du zentral nuklearrak. Hogei zentimetrotako pitzadura topatu dute bigarren erreaktoretik gertu dagoen hobi batean. Zuloa tapatzen saiatu dira, baina oraingoz ez dute isuria gelditzea lortu. Yukio Edano Japoniako Gobernuko eledunak ur erradioaktiboa itsasoan hedatzea saihestu behar dela dio. Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta handiagoa izango da erradiaktibitatearen eragina itsasoan, Edanoren hitzetan. Hain justu, TEPCO, itsasoan erradiaktibitatea zabaltzea saihestuko duen lokatzezko hesiak jartzea pentsatzen ari da. Horiek ezartzeko, baina, hainbat egun beharko dituztela azaldu du. Bitartean, orduko 7.000 litro ur kutsatu isurtzen dira itsasora.

Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziaren arabera, 11.500 tona ur itsasora botatzeko operazioak ez du arriskurik eragingo osasunean. Gobernua, aldiz, larrituta mintzatu da, eta «larrialdiko» neurria izan dela argitu du. Era berean, TEPCOri ur hori isurtzeak ingurumenean izango duen eragina neurtzeko eskatu dio Edanok.

Nuklearren eztabaida

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako idazkari nagusiak, Yukiya Amanok, salatu du TEPCOk ez zuela hartu istripu nuklearra saihesteko behar besteko neurri. Gainera, Fukushiman gertatutakoaren ondotik, industria nuklearrak ezin du ezer gertatu ez balitz bezala egin, Amanoren aburuz.

Herritarrek energia nuklearrarekiko konfiantza berreskuratu dezaten beharrezkoa izango da nazioartean segurtasun arau zorrotzagoak ezartzea eta herrialde guztiek arau horiekin bat egitea. Hala azaldu du Amanok Vienan segurtasun nuklearraren hitzarmena berrikusteko egiten ari diren bileran.

Fukushimako gertakaritik ikasgaiak atera nahi dituzte Austriako hiriburuan bildu diren 71 herrialdeetako ordezkariek. Horretarako, zentral nuklearren segurtasuna hobetzeko neurriak eztabaidatzen ari dira. Elektrizitatea luzaroan etenez gero arazoari nola aurre egin, edo istripua jasanez gero erabilitako erregaia modu seguruan nola gorde ikertzen ari dira, era berean. Hain justu, horiexek dira Fukushimako zentralak pairatu dituen arazoak lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz.

Amanok, horrez gain, gardentasuna eskatu die energia nuklearra ekoizten duten enpresei, bai garai onetan, eta baita txarretan ere. Greenpeace erakunde ekologistak, ordea, energia nuklearrarekin behin betiko amaitzeko eskatu dio erakundeari. Izan ere,Fukushiman gertatutakoa ikusita, «segurtasun nuklearra» existitzen ez den zerbait dela esan dio Greenpeacek IAEAri.

Langileak arriskuan

Goizetik gauera lanean dihardute Fukushiman langileak, bestetik, euren biziak arriskuan jarriz. Geroz eta zailagoa zaie, ordea, lan egitea, izan ere erradiazio maila geroz eta handiagoa da zentraleko hainbat tokitan.

Bigarren erreaktoretik gertu topatu duten pitzaduratik ateratzen den ur kutsatuaren eraginez, eremu horretan orduko mila milisievert neurtu dituzte. Adituen arabera, erradiazio maila horrek barne hemorragiak eragin ditzake, eta sei orduz hori jaso ondotik, hiltzeko arriskua ere eragiten du.

Itsasora isurtzen ari den ur erradioaktiboa ere oso arriskutsua dela diote hainbat adituk. Thomas Jung Alemaniako Erradiazioaren Babeserako Erakundeko kideak ohartarazi du erradiazioa elikadura katean pilatuko dela. Horrez gain, uneotan zentral nuklearraren ondoan norbait uretara sartuko balitz, minutu gutxi barru azala erreko litzaiokeela adierazi du Jungek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.