Israelek Gazan laguntza humanitarioa sartzea oztopatzen duela salatu dute gobernuz kanpoko ehun erakundek baino gehiagok, gaur kaleratutako ohar bateratu batean. Giza laguntza sarraskirako «arma» gisa erabiltzea leporatu diote Israeli. Talde humanitarioek adierazi dutenez —besteak beste, Oxfamek eta Mugarik Gabeko Medikuek—, armadakoek gero eta gehiagotan esaten diete ez dutela «baimenik» laguntza banatzeko, Israelgo araurik «zorrotzenak» betetzen ez badituzte behintzat. Orain, Israelek «mehatxua» egin die erakunde humanitario nagusiak debekatuko dituela.
Israel zerrenda «blokeatzen» ari da gazatarrentzat funtsezkoak diren jakiak eta sendagaiak irits ez daitezen, oharra kaleratu duten erakundeen arabera. Hala, azaldu dute laguntza humanitarioan Jordaniako eta Egiptoko biltegietan gelditzen dela, «milioika euro» gastatu diren arren.
Hilabeteak dira laguntza humanitarioko kamioiak pilatzen direla Gazako mugetan, goseteak jotako lurralde hartara sartu ezinik. Martxoan, Israelgo Gobernuak iragarri zuen ez zela laguntza humanitario gehiagorik sartuko zerrendan, eta, bi hilabetez, Gazako herritarrek kanpotik ez zuten ez janaririk eta ez botikarik jaso. Maiatzean, blokeoa amaitzean, GHF Gazako Fundazio Humanitarioa erakundeak hartu zuen zerrenda hornitzeko kontrola —Ameriketako Estatu Batuetako militar ohiek eta mertzenarioek osatua da fundazio hori—, Israelen onespenarekin. Ordutik, 1.400 gazatar inguru hil dira laguntza banatzeko lekuetan, zerrendako iturri ofizialen arabera.
Hala ere, Israelgo agintariek esaten dute ez dagoela mugarik Gazan laguntza humanitarioa sartzeko. Baina GKEek gaurko adierazpenean jakinarazi dutenez, bidalitako gaien entregek gero eta atzerapen handiagoa dute, eta Israelgo agintariek behin eta berriro baztertu dituzte premiazko produktuak sartzeko GKEek egindako eskaerak, laguntza emateko baimenik ez dutela argudiatuta. Horiek horrela, oharrean gogor salatu dute nazioarteko erakunde gehienek ezin izan dutela kamioi bakar bat ere entregatu martxoaren 2tik.
Hori guztia ikusita, erakundeek salatu dute Gazan laguntza humanitarioa banatzeko «mekanismo» bat ezarri duela Israelek, «helburu politikoetarako eta militarretarako» diseinatua, eta, bitartean, Gazan palestinarrak gosez hiltzen direla.
Mekanismo hori martxan jartzeko, Israelgo Gobernua GHFren programaz eta nazioarteko GKEen erregistro prozesuaz baliatzen da, oharraren arabera. Azaldu dutenez, martxoan, blokeoa ezartzearekin batera, Israelek indarrean sartu zituen zerrendara sartzeko irizpide berriak, eta, horietan oinarrituta, laguntza humanitarioa banatzen saiatzen diren erakunde gehienak —uztailean 60— «baimenik gabekotzat» jotzen ditu Israelek. GKEen arabera, irizpide berriak direla eta, arrazoi «lauso eta politizatuengatik» ukatzen zaie sarrera erakundeei; esaterako, erakunde horiek Israelgo Estatuaren «deslegitimazioan» parte hartu dutela uste bada.
Beraz, laguntza «inpartziala» blokeatzea, eragile palestinarrak baztertzea eta erakunde humanitarioak ordezkatzea da Israelen helburua, GKE horien arabera. Hala, laguntza banatzeko «plan militarizatuak» «arma» bihurtu du gosetea, eta «sekulako sufrimendua» eragiten ari da zerrendan.
Dagoeneko 239 pertsona hil dira gosez Gazan 2023ko urriaren 7an setioa hasi zenetik. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gaur bertan, gutxienez zortzi hil dira —tartean hiru ume—.
23 hildako erasoetan
Gosez hildakoez gain, Israelen erasoek gutxienez beste 23 palestinar hil dituzte gaur zerrendan, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez. Haietatik hamahiru Gaza hiriko kale eta etxeetan egindako erasoetan hil ditu armadak; beste hamarrak, berriz, GHFren banatze lekuetan.
Israelek Zisjodaniako lurralde gehiago okupatuko ditu
Zisjordanian, Israelgo kolonoen legez kanpoko kokaleku batean, hiru mila etxebizitza baino gehiago eraikitzea onartu du Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek. Hala adierazi du gaur ministroak, prentsaurreko batean. Jerusalem hiriaren ekialdea eta Maale Adumim kokalekua lotuko lituzke. Hala, plana gauzatuz gero, Jerusalem Zisjordaniatik bereizirik geratuko litzateke —aintzat hartzekoa da Israelek okupatuak dituela biak ala biak 1967tik—.
2021az geroztik, proiektua etenda egon da nazioartearen presioagatik; izan ere, kolono israeldarren kokalekuak hedatzeak guztiz eragozten du Nazio Batuen Erakundearen Palestinako Estatua eraikitzeko plana. Iragarpenaren aurretik egindako adierazpen batean, Smotrichek proiektua goraipatu du, «sionismoaren adierazpen gorena» dela esanda, eta planak Palestinako Estatuaren ideia «lurperatuko» duela ziurtatu du.
Palestinako Atzerri Ministerioak, berriz, genozidioaren, desplazamendu behartuen eta anexio krimenen hedapentzat jo du neurria, eta gehitu Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk «Israel Handia» deitutakoaren jarraipena dela. Egiptok, Qatarrek eta Jordaniak bat egin dute salaketarekin, eta guztiz gaitzetsi dute plana, «indarkeriara bultzatzen» duela argudiatuta.