Senatuak bigarrengoan ere baiezkoa eman ondoren, Lana Modernizatzeko Legea onartu du bart Argentinako Kongresuak. Javier Mileiren gobernua itsu-itsuan eta gosez ari da. Ekonomia ez da suspertzen ari, baina joko zelai politikoa aldeko du gobernuak, eta oposizioaren desordena berealdikoak abagunea bermatu dio bere ekinaldi parlamentario askori atea irekitzeko, hala nola lan erreforma historikoari, zeinak goitik behera aldatuko dituen Argentinako lan merkatuaren joko arauak.
Lan baldintzen inguruko auziak eragozteko eta lan merkatu irregularra murrizteko aitzakian —inoiz baino hedatuago dago gaur egun, lan merkatuaren %43 baita—, eskuin muturreko gobernuak 2026ko lehen garaipena lortu du lege arloan. Erreformaren helburua lan merkatua malgutzea da, eta hauek dira neurririk polemikoenak: langileak kaleratzeko erregimena aldatzea, eta kalte ordainak apaltzea —ordain horien finantzaketak pentsio sistemari eragiten dio—; oporraldiak zatikatzea; «ordu banku bat» sortzea, ordu estrak dirutan ez baizik ordutan konpentsatzeko —hamabi orduko jardunaldiei bidea zabaltzen die horrek—; greba eskubidea mugatzea, jarduera gehienak funtsezkotzat jota; eta lan itun kolektiboetan aldaketak egitea.

Milei ultraeskuindarrak, beraz, Argentinako lan erregimena errotik aldatzen duen lege bat onartzea lortu du, oposizio handirik gabe lortu ere. Egia da legea lantzen aritu ziren egunetan manifestazioak izan zirela kongresuaren aurrean, baina gaur egungo protestak ez dira inondik ere garai batekoak bezalakoak. «Gizartearen parte batek, Mileiren alde bozkatu zuenak, nolabait ere bazekien gauza mingarriak etorriko zirela», azaldu du Pablo Seman soziologoak. «Gainera, errepresioa ere hor dago, diziplinatzaile, eta egoera geopolitikoak bidea zelaitu zion Mileiri Trumpekin elkartzeko; horrek mesede egin dio finantza zailtasunei buru egiteko orduan». Nolanahi ere, eta nahiz askok Milei babesteari utzi dioten haren programaren ondorioz, «oposizioak nazkatuta dauka jendea, eta eraldaketak aurrera egingo duen promesa hor dago; beraz, Mileik ez dauka perspektiba txarrik 2027ko hauteskundeetarako».
Klase politikoak prestigio guztia galdua du, eta baliteke hori izatea, partez, apatiaren motiboetako bat, baina badirudi apatia hori badela beste zerbaiten seinale ere: garaiak aldatzen ari diren seinale, eta indarrak beste maila batean berregituratzen ari diren seinale. Hainbat erakunde sozialek, sindikatu batzuek eta oposizioko alderdi politikoek —ezkerrak eta peronismoaren parte batek— mobilizatzeko deia egin zuten, baina deialdiak ez zuen erantzun nabarmenik izan. Legea Diputatuen Ganberan jorratu zuten egunean —ordurako Senatuak onarpen partziala emana ziola—, mobilizaziorik gabeko greba orokor bat antolatu zuen Lan Konfederazio Orokorrak (CGT) —herrialdeko langileen sindikatu nagusiak—; eta peronismoak, bere barne krisiekin nahikoa lan, eta ez zuen lortu parlamentuan duen pisuarekin ezertan eragitea.
«Oposizioak nazkatuta dauka jendea, eta eraldaketak aurrera egingo duen promesa hor dago»
PABLO SEMAN Soziologoa
«CGTk oniritzia eman zion oraingo proiektuari, eta guk zuzeneko konfrontazioan aritzeko estrategia bat hobetsi dugu, ez negoziatzekoa», kontatu du Hugo Godoyk, CTA Argentinako Langileen Zentral Autonomoko idazkari nagusiak. Hain zuzen ere, egoera hartan, eta CGTk ezer egiten ez zuela ikusita, CTAk erabaki zuen Sindikatu Batuen Frontea eratzea beste hainbat sindikaturekin, tartean zenbait gremio nabarmen zirela, hala nola Metalurgiako Langileen Batasuna, oliogileak, aeronautikako langileak, Estatuko Langileen Elkartea eta dozenaka erakunde sozial. Halaber, CGTren parte diren sindikatu batzuk ere sartu ziren Frontean, ez baitaude ados lan erregimeneko aldaketen inguruan CGTk dituen planteamenduekin.
«Erreformak berrehun artikulu ditu, eta bakar bat ere ez langileen aldekoa», ziurtatu du Godoyk. «Besteak beste, ezartzen du arautik kanpo geratzen direla plataforma digitalen bitartez aritzen diren langileak, indarrik gabe uzten baitu lan harremanaren presuntzioa. Konstituzioak dio lan arloko legeek orotariko langileak babestu behar dituztela, baina, langile horiek independentetzat jota, desagertu egiten da presuntzioa».
Milaka enpresa itxita
Milei presidente denetik —2023ko abendutik—, ia 22.000 enpresa itxi dituzte —egunean 30 bat—, eta, 2025eko hirugarren hiruhilekoan, langabezia %6,6 izan zen —2001eko krisiaren ondoren baino askoz apalagoa, orduko hartan %21era iritsi baitzen—. Enplegu datu horren atzean, ordea, lan gero eta prekarioago eta irregularragoak daude, eta lan gehiagoren bila dabilen langile pila, eta lan bat baino gehiago eduki arren oinarrizko beharrak betetzeko modurik ez duen asko. Gainera, Argentina Grande institutuak, txosten batean, ohartarazi du gero eta erretiratu gehiago ari direla itzultzen lan merkatura, diru sarrerak osatu nahian.
«Mileik merkatu diziplinan oinarritutako plan libertario bat ekarri zuen, eta horrek inflazioa pixka bat apaldu zuen, baina arazoa ez zuen konpondu», gaztigatu du Semanek. Bide horretan «200.000 enplegu galdu dira sektore pribatuan, eta 80.000 sektore publikoan, baina 500.000 autonomo berri ere badaude, eta autonomo askok babesten dute Milei. Baina, langile gehienak ez daudenez erregistratuta, ezta lege esparruaren barruan ere, ez dira orain irtengo ez dauzkaten eta sekula eduki ez dituzten eskubide batzuk defendatzera».
«Erreformak berrehun artikulu ditu, eta bakar bat ere ez langileen aldekoa»
HUGO GODOY CTA sindikatuko idazkari nagusia
Semanen iritziz, gaur egungo plan ekonomikoak oso sakon aldatu du Argentinako klase egitura, eta sektorerik pobreenak askoz okerrago daude orain. «Mileik aurrez ere oso garbi zeukan austeritate fiskalarena: horixe du iparra, eta horrexetan izan du arrakasta pixka bat», ondorioztatu du. «Inflazioaren lorpena eztabaidagarriagoa da, herri xeheak kontsumitzen dituen gauzak garestitu baitira gehien. Bestalde, ez duenez bete NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin zeukan konpromisoa, hots, inflazioa neurtzeko modua aldatzeko konpromisoa, horrek ere neurriz gain hanpatu du inflazioaren arindua, eta ezkutuan utzi du arindu hori ez dela hainbesterainokoa izan».
Ondoez sozialak, Argentinan muturrera iritsita, ihesbide bat aurkitu zuen ultraeskuineko gobernu batean. Gobernu hori, berez, ez da konpontzen ari herritar xehe gehienen premia ekonomiko bakar bat ere, baina, era berean, ez dauka buru egingo dion oposiziorik. «Lehengo lan baldintzek aurrera jarraituko dutela bermatzeko egin dute erreforma hau», berretsi du Godoyk. «Zera egin dute: baldintza horiek instituzionalizatu, eta hedatuko direla segurtatu».