Mezu argia igorri du gaur Meritxell Budo Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, eguerdian egin duen prentsaurrekoan: «Herritarrek salbatu zituzten bankuak beharra izan zutenean, eta, orain, laguntza hori itzultzeko garaia da». Horregatik, galdegin die bertan behera uzteko, oraingoz, koronabirusaren krisiak kalteak eragin dizkien enpresa eta herritarren kredituen eta hipoteken ordainketak.
Ez dizkie bankuei soilik egin eskaerak, eta Espainiako Gobernuari ere mintzatu zaio. Lehenik eta behin, «herritarrak babesteko errenta bat» eskatu dio Madrili, «diru sarrerak bermatuak izan ditzaten eta benetako konfinamendua egin ahal izan dezaten».
Horretaz gain, aldi baterako lan erregulazioak aurkezteko baldintzak gogortzeko eskatu du Budok. Katalunian ia 250.000 pertsonari eragin die, oraingoz, lan erregulazio batek; soldatapeko 100 langiletik zortziri. Horregatik eskatu dio Espainiako Gobernuari beharrezkoak diren ezinbesteko arrazoiak gogortzeko. Budoren arabera, langileek «berehala behar dute dirua», eta errentarik txikienen soldatak ordaintzeko eskatu dio Madrili, baita langabeziaren laguntzak maiatzaren 10a baino lehen ordaintzeko ere.
Kataluniako gobernuaren bozeramaileak azaldu du lanean dabiltzala legez kanpoko lan erregulazioak eteteko, «inork ez dezan irabazirik lortu egoera hau dela eta».