Latinoamerika, Latinoamerikatik

CELAC Amerikarentzat elkarlanerako erakundea sortu dute, AEBak eta Kanada kanpoan utzita

Caracas
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Goi bilera «historikoa» izan da Venezuelako hiriburuan egin dutena. Asteburuan ofizialki sortu dute CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa: AEBak eta Kanada izan ezik, Amerikako gainerako herrialde guztiak biltzen ditu erakundeak. 33 nazioetatik 33ak izan dira Caracasen.Ondorioz, bai ezkerreko bai eskuineko 30 presidente eta ehunka diplomazialari 48 orduz hiriko etorbide nagusietan gora eta behera euren kotxe ofizialetan ikusi dituzte herritarrek. Irudi horrek ondo islatzen du CELACeko sorreraren garrantzia, eta goi bileraren ezusteko arrakasta, orain artekoa, 2010ean Cancunen, Mexikon, hitzarmena sinatu zen paper bat baino ez zela kontuan hartuz gero.

Goi bileraren emaitzak nabariak izan dira: adierazpen orokor bat, datorren urterako ekintzaplan bat, funtzionamendu organikoaren prozedura eta gai politiko, sozial eta ekonomikoei buruzko hogei adierazpen aho batez onartu dituzte herrialde guztiek. Lan saioak hasi baino lehen, CELAC foru bat besterik ez izateko arriskua bazegoen ere, publiko egin dituzten dokumentuen arabera, erakunde gisa lehen urratsak egiteko prest dago aliantza. CELAC erakundeko egiturak presidentzia behin-behinekoa izango du, eta urtearen hasieran berrituko da. Horrekin batera, estatuko agintarien, ministroen eta talde espezializatuen bilerak egingo dituzte, gutxienez urtean behin.

Erabakiak hartzeko Ekuadorrek eta Mexikok bozketaren prozedura eskatu zuten, baina puntu horretan ez zuten Venezuelarekin eta Erdialdeko Amerikako beste herri batzuekin akordiorik lortu; horregatik, oraingoz, erakundean aho batez onartu beharko dituzte erabakiak. Desadostasunetatik harago, CELACek zer izan nahi duen jakiteko, adibide bat: Europako Batasunaren eta Latinoamerika eta Karibeko eskualdearen arteko bitartekaritza «bere gain hartzea» iradoki dio EBri.

Horrez gain, 2012ko Caracasko Ekintza Planaren arabera, CELACeko norabideak zehaztasun gehiago lortu du arlo sozialean, eta, besteak beste, pobrezia errotik kentzeko eta klima aldaketaren aurkako neurriak aplikatuko dituzte hurrengo urtean. Gai ekonomikoei ere heldu die planak, krisia saihesteko elkarlana, tresna ekonomikoak eta Latinoamerikako eta Karibeko herrien arteko muga zergen inguruko proposamena jaso dute testuan.

CELACek agenda bateratua lortu duela ziurtatu dute presidenteek eta analistek. Caracasera iristean,Uruguaiko presidenteak, Jose Mujicak, hauxe esan du: «Ez dugu zerua ukituko, baina eskailera batzuk igoko ditugu».

Inoren aurka ez

CELAC erakundea sortzeko, bi mende oso-osorik behar izan dira. Haiti izan zen independentzia lortu zuen lehenengo herria, 1804an, eta Saint Kitts eta Nevis Karibeko uharteak azkenak, 1983an. Bere garaian, Bolivar, San Martin eta beste askatzaileek independentzia lortu bazuten ere, haian batasun proiektuak ez ziren gauzatu. Herrialdebakoitzak bere bidea hartu zuen, eta 1823tik aurrera AEBen tutoretza ezarri zen kontinentean Monroe doktrinaren bitartez.

1980ko hamarkadan Latinoamerikako eta Karibeko integraziorako esparruak agertzen hasi ziren, nagusiki, Contadora Taldea (1983) eta Rio Taldea (1986). Hamabi urte pasatu ziren urrats serioagoak egin arte, hala, 2008an Salvador de Bahian, Brasilen, Latinoamerika eta Karibeko lehen goi bilera egin zen. Hiru urte geroago CELAC agertu da nazioarteko agertokian, munduko zati horren betekizuna aldarrikatzeko. Inaugurazio hitzaldian Mexikoko agintari Felipe Calderonek adierazi duenez, CELAC ez dago inoren aurka, baina, hori bai, Latinoamerikaren alde dago.

AEBak, mesfidati

Orain arte, Mexikotik Argentinako hegoalderaino dauden 20.446.909 kilometro koadro eta 600 milioi biztanle ez dira inoiz geopolitikoki elkarrekin egon erakunde berean. 1948an AEE Amerikako Estatuen Erakundea sortu zenean, herri asko kolonien menpe zeuden, eta 1963an, «marxismo-leninismoaAmerika arteko sistemarekin bateraezina» zela argudiatuz, Kuba kanporatu egin zuen erakundeak.

XXI. mendeko dinamika berri bat denez, Gerra Hotzaren halako oroipenik ez du CELACek, eta Monroe doktrinak AEEri ematen dion kutsu ideologikoa ere baztertu du erakunde berriak, eta pragmatismoa da nagusi, nahiz eta ikuspegi eta ibilbide kontra-kontrakoak eduki; adibidez, Kuba eta Txile estatuak elkartu dira bai bileretan, eta baita argazkian ere.

Modu ofizialean AEEk ongietorria egin dio CELACi, baina isiltasuna da nagusi. AEBek esan dute AEE dela hemisferioko «lehentasunezko antolakuntza». Testuinguru horretan, CELACen gaitasuna frogatzeko dago, baina fitxak mugitzen ari direla badakite AEBetan. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, AEBen eragina murriztu egin da kontinentean, eta, gainera, Latinoamerikan hazkundea izan dute azken urteotan, bazkide berriak aurkituz: Txina eta Errusia. Izan ere, Asiako potentziak zoriondu egin zuen larunbatean CELACeko sorrera. Baldintza ezin hobeak daude erakundea izena baino askoz gehiago izan dadin.

Caracasko adierazpenak idatzita utzi du hurrengo goi bilerak noiz eta non izango diren, eta berriro ere pragmatismoaren aldarria bidali nahi izan du CELACek bere erabakiaren bitartez: Txilen egingo dute datorren urtean; hurrengoan, 2013an, Kuban, eta 2014an Costa Rican.

Halako esfortzu sinbolikoak ezinbestekoak izango dira hemendik aurrera kontinentean dauden ikuspegi politiko guztiek bat egin dezaten. Venezuelako edo antzeko ezkerreko prozesurik gabe, Latinoamerikak ez luke autonomoa den erakunde kontinental bat edukiko; baina, aldi berean, Mexiko, Kolonbia edo halako naziorik gabe ezinbestekoa den gutxieneko batasuna ez litzateke egongo CELACek aurrera egiteko.

Aldagai eta horiek guztiak argitzen diren bitartean, eta zehaztasuna ematen, Latinoamerikaren eta Kariberen mezua argi dago: Latinoamerika eta Karibe latinoamerikarrentzat eta karibearrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.