HERRIALDE KATALANAK

Lau lagun hil dira sute baten ondorioz Katalunian

Gironan izan da ezbeharra. Hildako bi frantziarrak dira, gizonezko bat eta 15 urteko nerabea, suak inguratu ditu autoan zihoazela eta itsasora egin dute salto. Beste lagun bat bihotzekoak jota hil da. Laugarrena ospitalean zendu da, erredura larrien ondorioz. Suak 13.000 hektarea inguru erre ditu jada eta suhiltzaileak kontrolpean hartu ezinik dabiltza. 

2012ko uztailaren 23a
12:34
Entzun

Atzo Alt Emporda eskualdeko Jonquera eta Portbou herrietan (Girona, Herrialde Katalanak) piztutako suteen ondorioz lau lagun hil dira. Hildako bi frantziarrak dira, gizonezko bat eta 15 urteko nerabea. Suak inguratu ditu autoan zihoazela eta bere burua itsasora bota dute. Beste 15 lagunek ere egin dute salto eta zaurituta daude.

Beste lagun bat bihotzekoak jota hil da. Laugarren pertsona bat, 64 urteko frantziarra, ospitalean zendu da. Larri zaurituta eraman dute, gorputzaren % 80 erreta. Guztira, 24 lagun daude zaurituta. 

Sutearen ondorioz herritarrei etxetik ez ateratzeko agindua eman diete; besteak beste, Jonquera, Agullana, Capmany, Biure, Vilarnadak, Sant Climent Sescebes eta Masarac herrietan. Mossoek zenbait udaleku hustu behar izan dituzte, eta bertan zeuden pertsonak, artean 74 adingabe, Sant Climent Sescebeseko armadaren egoitzara eraman dituzte. Gaua etxetik kanpo igaro dute 1400 lagunek. 

Suteak 13.000 hektarea inguru erre ditu jada eta suhiltzaileak kontrolpean hartu ezinik dabiltza. Bost metroko sugarrak daude hainbat puntutan. Generalitateko 320 suhiltzaile ari dira sua itzaltzeko lanetan, baita Larrialdietako Armadako Unitateko 150 pertsona inguru ere. 

Eskualdea Frantziarekin lotzen duten errepide eta trenbideak irekitzea lortu dute. Lehen hipotesien arabera, suteen atzean zigarrokinak egon daitezkeela azaldu du Artur Mas Kataluniako Generalitateko lehendakariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.