«Eutsi egin diogu Ukrainari, eta direnak eta ez direnak egingo ditugu bakea lortzeko. Justizia egiten dela bermatzeko ere bai», esan du gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Errusiak inbasioa hasi zuela lau urte bete diren egunean: «Gure independentzia babestu dugu, eta Putinek ez ditu bere helburuak bete». Urteurrena gogoratzeko, ekitaldi bat egin dute gaur Kieven, eta Ukrainako estatuburuak alboan izan ditu Europako aliatuak; besteak beste, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europar Kontseilukoa. Von der Leyenek «Ukrainaren baldintzen araberako bakea» eskatu du, eta Costak, bake «justua eta iraunkorra». EB Europako Batasuneko liderrek ohar bateratu batean adierazi dute Ukraina militarki, ekonomikoki eta humanitarioki laguntzen segituko dutela, baita Errusia «higatzeko» erabakiak hartzen ere. Errusiak azpimarratu du, bestalde, ez dituela «helburu guztiak» lortu, eta, orduan, aurrera jarraituko duela horiek erdietsi arte.
Zelenskik, egunari ekiteko, hiriburuko Bankova kale azpiko bunkerrean hasi du herrialdeko telebistan eman duen ia hogei minutuko solasaldia, eta musika instrumental epikoz apaindu ditu bere hitzak. Inbasioa hasi zenean hantxe aritu zen lanean, eta hantxe izan zituen lehenbiziko solasaldiak «munduko liderrekin»; laguntza emateko prest zeudela adierazi du, eta munizioa eskatu ziela Errusiari atzera egitera behartzeko: «Bagenekien ez geneukala beste Ukrainarik, etxea dugula hau, eta guztiok ulertu genuen zer egin behar genuen».
Argi utzi du gatazka ez dela amaitu, eta hizkera gerrazalea erabili du hitzaldian: harrotasunez zerrendatu ditu herrialdeko armadak erabiltzen dituen droneak, misilak, aire bidezko defentsa sistemak eta dena delakoak; «uste duzu makurtu egin naizela? Botak lotzen baizik ez nintzen ari» esaldia oroitu du; frontean hildako zenbait soldaduren izenak aipatu ditu —«gure gerlari defendatzaileak, gure aingeru zaintzaileak»—; eta ziurtatu du herritarren «erresistentziaz» asko diola lau urtez aguantatu izanak: «Nola Ukrainak guduka egin duen denbora honetan guztian». Zera ere nabarmendu du bunkerreko bulegoa zuen horretan: «Gure jendeak ez zuen bandera zuria altxatu; bandera hori-urdina defendatu zuen».
Zelenskik aitortu du Errusiakoa «munduko gudarosterik onenetan bigarrena» dela, nahiz eta Ukrainakoa «mendean» ezin hartu. Horrexegatik ari dela etxebizitza blokeen eta zentral elektrikoen kontra, noiz-eta neguak herrialdea bete-betean jo duenean.
Eta Kremlinek ez du erasoak eteteko asmorik, Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan adierazi duenez. Hori bai, prest dago helburuak diplomaziaren bidez lortzeko. Gutxi gorabehera, Krimea 2014an anexionatu zuela kontuan hartuta, Moskuk Ukrainaren %20 inguru okupatu du. Azpimarratu izan du, bide batez, Donetsk eskualdean hartu gabe duen %20 bereganatu asmo duela; izan militarki, izan diplomaziaren bideak ibilita.
«Aktore txarrak» negoziazioetan
Diplomaziaren gorabeherez ere luze hitz egin du Zelenskik. «Bakea» nahi dutela esan du, «bake sendoa, duina eta iraunkorra», eta baldintza hori gogoan dutela inbasioa amaitzeko elkarrizketa bakoitza hasi baino lehen. Zelenskiren hitzetan, ezin dituzte «ahaztu» 2022ko otsailaren 24az geroztiko sarraskiak, ezin dute «amore eman», ezta «traizioa» egin ere: «Horrexegatik daude hainbeste negoziazio; hitz bakoitzagatik borrokatzen gara, puntu bakoitzagatik, benetako segurtasun bermeengatik, akordioa irmoa izan dadin».
5,9Zenbat milioi errefuxiatu ukrainar dauden Europan. Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lau urte bete diren egunean, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gogorarazi du gerra horren ondorioz 5,9 milioi errefuxiatu ukrainar daudela Europan; gehienak, adingabeak eta emakumeak dira. «Apartekoa izan da hedatutako elkartasuna», esan du gaur Europarako zuzendari Philippe Leclercek, prentsaurreko batean. Inkesta bat egin du UNHCRk, eta, horren arabera, errefuxiatu poloniarren artean %60k esan dute itzuli egin nahiko luketela.
Hain zuzen ere, Kieveko, Moskuko eta Washingtongo delegazioak aste honen amaieran dira biltzekoak, aurten laugarrenez, Kirilo Budanov Zelenskiren kabineteburuak atzo Kieven egindako agerraldi batean iragarri zuenez.
Eta gonbita egin dio Donald Trumpi: «Benetan nahi dut hona etorri Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin. Ziur dakit: Ukrainara etorrita, gure bizimodua eta zorigaitza bertatik bertara ikusita, gure herritarren oinazea sentituta, orduan uler daiteke gerra hau zertan datzan».
«Errusiarrak ez dira serioak», bota du Ukrainako presidenteak bere bulegoan gaur emandako elkarrizketa batean, «jolasean» dabiltzala uste baitu. «Aktore oso txarrak» direla esan du behin aktore eta umorista izandakoak, Vladimir Putin Errusiako presidentea barne; munduaren aurrean aurpegi ona erakustea leporatu dio, berezko asmoa Kieven negoziatzeko gaitasuna ahultzea baldin bada ere: «Putinek uste du konbentzigarria dela, eta gainontzekoak harekin fida daitezkeela. Bada, ez. Aktore txarra da».
Telebista bidezko hitzaldian, nazioarteko agintariek Ukrainara egindako bisiten irudiak tartekatu ditu Zelenskik, eta horien artean agertu da Von der Leyen, balak gelditzeko txaleko bat jantzita. Gaur Kieven dago Europako Batzordeko presidentea, «berresteko» Europa Ukrainaren alde dagoela lerrokatuta, eta «laguntza militarra eta finantzarioa» emango diotela: «Mezua bidali nahi diegu Ukrainako herriari eta erasotzaileari: ez dugu etsiko bakea berrezarri arte», adierazi du sare sozialetan idatzitako mezu batean. Costa Europar Kontseiluko presidentea ere hantxe da: «Lau urteko gerra bidegabea hasi zenetik, Ukrainarrek lau urte daramatzate kemen suntsiezina erakusten. Europak lau urte daramatza etenik gabe laguntzen», idatzi du sare sozialetan. Europa iparraldeko zenbait agintari eta ordezkari ere hiriburuan daude.