Auschwitzeko diruzaina izan zenari, Oskar Groeningi, lau urteko kartzela zigorra jarri diote. Epaileak handitu egin du fiskalak eskatutako zigorra, fiskalak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu baitzuen apirilean Groeningen kontra eginiko epaiketan.
Alemanian nazismo garaian kontzentrazio esparruan hildako 300.000 lagunen heriotzan parte hartzeagatik zigortu dute Groening. Haren epaiketa izan da nazismo garaiko krimenengatik egin den azkenetakoa. Izan ere, bizirik dauden azkenetako bat da. 94 urte ditu.
Bere adina dela-eta, ikusteke dago kartzelara sartuko ote duten. Gainera, osasun arazo larriak ditu.
Groeningek beti aitortu du Auschwitzeko sarraskia, baina esan izan du berak ez zuela inor hil eta, beraz, errugabe dela. Haren lana presoak sailkatzea zen; besteak beste, haiek zekarten dirua jasotzen zuen. Fiskalaren akusazioaren arabera, diru bilketa horrekin erregimen naziari lagundu eta hilketa sistematikoak egiten lagundu zuen Groeningek.
1944ko maiatzetik uztaila bitartean izaniko krimenengatik zigortu dute. Orduan eraman zituzten Auschwitzera 425.000 judu, Hungariatik. Haietatik 300.000 inguru hil egin zituzten.