LDPko primarioak irabazita, Kishida Japoniako lehen ministro izango da

Gobernuburu berria bere alderdiaren hautagai izendatuko dute laster egitekoak diren bozetarako

Fumio Kishida, atzo, LDP alderdiko primarioak irabazi eta gero alderdikideak agurtzen. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Fumio Kishidak irabazi ditu LDP Alderdi Liberal Demokratikoaren primarioak, eta Japoniako lehen ministroa izango da, horrenbestez. 2012tik 2017ra Atzerri ministroaren karguan egondakoa izango da, gainera, gobernuan dagoen alderdiaren hautagaia aste batzuk barru egitekoak diren Japoniako hauteskunde orokorretan. Yoshihide Suga (LDP) azkeneko urtean gobernuburu izandakoa ordezkatuko du karguan. Sugak dimisioa eman zuen hilaren hasieran, haren kudeaketaren aurkako kritikek bultzatuta.

Primarioak atzo egin zituzten, eta, bigarren itzulian, 257 boto lortu zituen Kishidak, eta 170 Taro Konok, Administrazio Erreformako ministroak. Kono oso aktiboa da sare sozialetan, eta bozen aurreko inkestetan bera zen irabazteko faboritoa. Baina azkenean erabakigarriak izan dira alderdiak parlamentuko bi ganberetan dituen ordezkarien botoak, eta horiek, LDPko kide beteranoenen moduan, Kishida babestu dute. Bigarrenean ez bezala, alderdiaren barne bozetako lehen itzulian oso-oso txikia izan zen botoen aldea: 256 Kishidak, eta 255 Konok. Bozketa hartan, Sanae Takaichi (188) eta Seiko Noda (63) hautagaiek ere parte hartu zuten.

Behin primarioak eginda, lehen ministro izendatuko dute Kishida. Datorren astelehenean da egitekoa horretarako osoko bilkura, eta, sekulako ezustekorik ezean, Suga ordezkatuko du karguan, LDPk gehiengo nabarmena baitu parlamentuko bi ganberetan. Eta jada aurrera begira jarri da Kishida: «Orain hauteskundeetarako prestatu behar dugu», adierazi zuen atzo, aukeratua izan ondoren egindako aurreneko adierazpenetan. COVID-19ak eragindako pandemia alboratu gabe, nabarmendu zuen lehentasun izango duela aurrekontu orokorren zirriborroa osatzea, eta, esaterako, jaiotza tasaren gisako «premiazko gaiei» heltzea, horrek azken urteetan behera eta behera egin baitu Japonian.

Datozen hiru urteetan daLDPren buru izatekoa, eta aste batzuk barru edukiko du lehen erronka. Indarrean dagoen legegintzaldia urriaren 21ean da bukatzekoa, eta bozetara deitu beharko du; horiek, ordezkarien ganberarako hauteskundeak, azaroaren 28rako egin beharko dituzte beranduenez. Azkeneko bi hauteskunde orokorretan, 2014koetan eta 2017koetan, erraz nagusitu zen LDP, botoen %33 inguru lortuta. Ikusteko dago zer gertatuko den hurrengoetan, baina alderdiak ez du pandemia hasi aurretik zuen babesa. Izurria herrialdea gogor jotzen ari zen arren, gobernua Olinpiar Jokoak Tokionegitearen alde agertu zen, eta hori ez zen herritarren gustukoa izan. Jokoak hasi aurreko asteetan egindako hainbat inkestaren arabera, japoniarren %80 inguru Jokoak egitearen aurka zeuden.

Politika ekonomikoa

Politikarien familia batetik dator Kishida, eta herritarren kritikak apaltzea izango du helburu datozen asteetan. Haren ingurukoen iritziz, profil bateratzailea du. Hori dela eta, haren kontrarioek zozotzat eta aspergarritzat hartzen dute. Eta Kishidak arrasto batzuk eman ditu egin nahi duenaz. Agindu du, esaterako, «dozenaka bilioi yen» —dozenaka mila milioi euro— gastatuko dituela pandemiak ekonomian eragindako kaltetik suspertzeko. Oro har alderdiaren ildoarekin bat egiten du, baina kritiko agertu zen Shinzo Abe lehen ministroaren garaian (2012-2020) gobernuak ekonomikoki hartutako bidearekin, eta adierazi zuen politika horiekin aberatsak are gehiago aberasten zirela, eta enpresa ertain eta txikiei kalte egiten zitzaiela.

Atzerri politikari dagokionez, Txinarekin eta AEBekin eduki beharreko harremanetan jarriko du arreta. Kishidari iruditzen zaio Pekinek bere «sistema autoritarioa» esportatu nahi duela.

Azkeneko hiru legegintzaldietan LDP egon da gobernuan. Abe izan zen lehen ministroa 2012tik 2020ra, baina kargua utzi zuen, osasun arazoengatik. Sugak hartu zuen haren lekukoa, baina handik urtebetera dimisioa eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.