Lecornuk dekretu bidez onartuko ditu aurrekontuak

Konstituzioko 49.3 artikulua erabiliko du Frantziako lehen ministroak 2026ko aurrekontu orokorrak onartzeko. Bihar sartuko da neurria indarrean, eta oposizioak zentsura mozioak aurkeztu ahal izango ditu.

Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa Asanblea Nazionalean, aurreko astean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa Asanblea Nazionalean, aurreko astean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 19a
21:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kargua hartu ostean promes egin zuen ez zuela 49.3 artikulua aplikatuko. Baina Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak gaur azaldu duenez, beste biderik aurkitu ez, eta bozketarik egin gabe onartuko ditu 2026ko aurrekontu orokorrak. Neurri hori aplikatzen den aldiro, oposizioak zentsura mozioak aurkezteko aukera zabaltzen da. Lecornuk, baina, mozio horiek aurrera ez egiteko hainbat neurri sozial iragarri ditu azken asteetan. Horrela, espero du PS Alderdi Sozialistak ez babestea zentsura mozioak.

Negoziazioek porrot egin zuten, eta Lecornuren gobernuak ez zuen lortu abenduaren amaierarako 2026ko aurrekontuak onartzea. Hortaz, lehen ministroak neurri «aringarri bat» proposatu zuen funtzionatzen segitzeko. Eta gaineratu zuen urtarril amaierara arteko epemuga jarri ziola bere buruari aurrekontu horiek onartzeko. Oraingoan ere negoziazioek huts egin dute, eta Lecornuk dekretu bidez onartuko ditu aurrekontuak. Bihar sartuko da neurria indarrean, eta, zentsura mozioek aurrera egiten ez badute, otsail erdialderako aurrekontuak martxan egongo lirateke. Izan ere, oposizioko bi alderdik jada iragarri dute zentsura mozioak aurkeztuko dituztela: LFI Frantzia Intsumisoak eta RN Batasun Nazionalak.

2024ko uztailean bozak egin zituztenetik bi lehen ministro erorarazi ditu behe ganberak, zentsura mozio bidez: Michel Barnier eskuinekoa 2024ko abenduan, eta François Bayrou zentrokoa irailean. Hain zuzen, Bayrouk ere ezin izan zituen adostu aurrekontuak, eta, horrenbestez, otsailean 49.3 artikulua baliatuta onartu zituen 2025ekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.