Lee Jae-myung oposizioko buruak irabazi ditu presidentetzarako bozak Hego Korean

Botoen %49 baino gehiago lortu ditu Leek, eta Hego Koreako hurrengo presidentea izango da. Zortzi punturen aldea atera dio Kim hautagai ofizialistari.

Leeren jarraitzaileak gaur lehen zundaketen emaitzak ospatzen, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Leeren jarraitzaileak gaur lehen zundaketen emaitzak ospatzen, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 3a
20:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Hauteskunde aurreratuak egin dituzte gaur Hego Korean, presidentea aukeratzeko, eta Lee Jae-myung DP Alderdi Demokratikoaren presidentegai liberalak irabazi ditu. Orain arteko oposizioko burua zen garaipena lortzeko hautagai nagusia, eta botoen %49,3 eskuratu ditu —botoen %99 baino gehiago zenbatuta dago—. Haren atzetik geratu da Kim Moon-soo ofizialista kontserbadorea, botoen %41,3 eskuratuta.

Behin bozak eginda, beste ziklo politiko bat abiatzekoak dira Asiako ekonomia nagusietan laugarrena den horretan. Yoon Suk-yeol estatuburua kargutik kendu izanak eragin zuen aurreko zikloa amaitzea. Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen erabaki hori, apirilean, argudiotzat hartuta hilabete batzuk lehenago, abenduan, 2022ko martxotik presidentea zenak gerra legea ezarri izana herrialdean, oposizioa «matxinada bat» prestatzen ari zelakoan.

Gerra legea bizpahiru orduz baino ez zen egon indarrean. Batetik, Asanblea Nazionalak presidentearen neurriaren kontra bozkatu zuelako, Herriaren Boterea talde kontserbadoreak ganberan gehiengorik ez duenez gero; eta, bestetik, kaleko presioa ere izan zelako tartean. Baina, halere, Yoonen hautuak krisi instituzional betean sarrarazi zuen herrialdea. 

Leek irabazita, egoera baretu egingo da. Izan ere,  DP Alderdi Demokratikoak gehiengoa du Asanblea Nazionalean, eta, orduan, gobernua eta ganbera hori elkarri trabarik egin gabe aritu ahal izango lirateke lankidetzan. Hori izan da ohikoena Hego Korean; hau da, gobernuan dagoen alderdiak edukitzea Asanblea Nazionalaren kontrola ere. Azken hiru urteotan, ordea, ez da halakorik gertatu.

Lee, epai baten zain

Lee (61 urte) giza eskubideen aldeko abokatua izandakoa da duela hamar urte pasatxo arte. 2022tik da DPren liderra —2022ko presidentetzarako bozetara aurkeztu zen, eta Yoonek puntu bakarrez irabazi zion—, eta kanpainan zera iragarri du, berrikuntza teknologikoa bultzatuko duela, ekonomia suspertzeko neurriak hartuko dituela, indar handiagoa eman nahi diola Genero Berdintasuneko Ministerioari, eta, besteak beste, elkarrizketak hauspotu asmo dituela Ipar Korearekin. Halere, Auzitegi Gorenaren epai baten zain dago. Iazko azaroan, Seulgo auzitegi batek bi urteko inhabilitazioa ezarri zion, 2022ko bozen atarian egindako adierazpen batzuengatik hauteskunde legea urratzea egotzita. Gorenak inhabilitazioa berresten badu, ikusi beharko da presidentearen immunitatearen estatusa gailentzen den edo krisi konstituzional bat pizten den.

Kimek (73 urte), bestalde, agenda kontserbadoreagoa du. Yoonen gobernuan Lan ministroa izan zen (2024-2025), eta «malgutasunean» oinarritutako erreforma bat proposatu du esparru horretarako. Atzerri politikari dagokionez, AEBekin bat eginda jokatu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.