Legegintzaldia espetxetik

Can Atalay ezkerreko parlamentaria preso dago iazko maiatzetik, 2013an Istanbulgo Taksim plazan izan ziren protestetan parte hartzeagatik, Turkiako Gobernuaren kontra. Auzia justiziaren politizazioaren ikur bihurtu da herrialde hartan.

Haur bat Can Atalay diputatuaren irudi batekin, maiatzaren 1eko protesta batean, hura aske uzteko eskatzen. #BARRA_ABILDUA#CANATALAY.
Istanbul
2023ko urriaren 01a
00:00
Entzun
Zerbait falta zaigu parlamentuan. Legebiltzarrak 599 diputatu ditu. Bat falta da, baina ganberako lehendakariak ez du ezer ere egiten. Agintean dagoen alderdiak ez du atzera egiten, ez baitzaio axola. Ez daukate eskubiderik herritarrek botoen bitartez aukeratutako diputatu bat espetxean edukitzeko horren luzaroan», esan zuen legebiltzarreko saio batean Harun Ozgur Yildizlik: Turkiako oposizioko alderdi nagusiko kidea da, CHP alderdi sozialdemokratakoa. Hilabete eta erdi inguru da hitz horiek esan zituela; hain justu, kartzelatutako diputatuaren alde justizia eskatzeko ekitaldi bat debekatu berria zeukaten agintariek, hamaikagarrenez. Eserleku hutsa Can Atalayri dagokio: ezkerreko TIP Turkiako Langileen Alderdiko kidea da, eta 2022ko maiatzetik dago preso, orduko lehen ministro eta oraingo presidente Recep Tayyip Erdoganen aurkako protesta batzuetan parte hartzeagatik, 2013an. Atalayri 18 urteko kartzela zigorra jarri zioten, «gobernua agintetik kentzen saiatzeagatik».

Nolanahi ere, Turkiako Konstituzioak dio ezen, preso bat diputatu hautatua bada, aske utzi beharra dagoela bere karguan aritzeko modua izan dezan, eta kartzelara bueltatu beharko duela legegintzaldia amaitzean. Ekainaren 7an, parlamentariek karguaren zina egin zuten, presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren. Boz horietan, Erdoganek karguan segitzea lortu zuen, eta berriro gehiengoa izatea hemizikloan. Geroztik, Atalayren eserlekua hutsik dago, eta TIP alderdia eta haren abokatuak auzitegiz auzitegi dabiltza hura aske uzteko eskatuz. Bai alderdia eta bai abokatuak bat datoz «kasu politiko bat»dela, eta uste dute Atalay bera eta gobernuaren aurkako protestetan parte hartutako guztiak zigortzea duela helburu.

Ez da lehen aldia

«Hasteko, haren kondena ez da pasatu instantzia judizial guztietatik; ez da kasu itxitzat jotzen, eta, beraz, aske utzi behar lukete», azaldu du Atalayren abokatu eta alderdikide Akçay Tasçik. «Auzitegi Gorenak atzera bota du hura aske geratzeko egin genuen eskaera. Orain, helegitea jarriko dugu Konstituzionalean. Atalay libre ez uzteko erabakia politikoa da guztiz. Legearen ikuspuntutik, ezin dute espetxeratuta eduki», esan du. Haren abokatuek ohartarazi dutenez, ez da lehen aldia auzitegiek diputatu espetxeratu bat aske uzteari uko egiten diotena, baina Atalayren kasua berezia da: absolbitu egin zuten akusazio guztietatik, baina, handik urte batzuetara, beste auzitegi batek berriz zabaldu zuen kasua, eta azkenean zigortu egin zuten. Giza eskubideen aldeko nazioarteko zenbait erakundek kritikatu egin dute zigorra, eta, haien ustez, haren bitartez epaileak politizatzen saiatu dira agintariak.

Atalay ofiziozko abokatua da, eta garrantzitsua izan da Turkiako gizarte zibilean. Defentsari aritu zen zenbait kasu entzutetsutan; besteak beste, meategi batean istripuz hirurehun langile hil zirenean, eta zenbait kazetariren kontrako kasu judizialetan. Auzipetua izan zen Taksimen Alde Elkartasunez taldeko kide izateagatik; hain justu, gobernuak Istanbul erdialdeko azken berdeguneetako batean eraikuntza lanak egitearen kontra zegoen plataforma hori.

Ingurumenaren aldeko manifestazio horren harira, beste protesta jendetsu batzuk ere egiten hasi ziren herrialde osoan, Erdoganen autoritarismo gero eta handiagoaren kontra. Atalay bera eta Taksimen Alde Elkartasunez taldeko beste kide batzuk auzitara eraman zituzten, eta, prozesu luze baten ondoren, absolbitu egin zituzten. Orain hiru urte, ordea, beste zenbait auzitegi ikerketa penalak egiten hasi ziren, eta berriz ireki zituzten protestetan parte hartu zuten dozenaka lagunen aurkako kasu batzuk. Atalayri eta Taksimen Alde Elkartasunez taldeko beste sei kideri 18 eta 25 urte arteko kartzela zigorrak jarri zizkieten, «gobernua agintetik kentzen saiatzea» egotzita.

Erdoganek etengabe eraso die bai protestan aritzeagatik auzipetutakoei, bai manifestazioetan parte hartu zuten milaka lagunei; are, «terrorista» deitzen die, eta bere gobernuaren kontrako mehatxutzat dauzka. 2013an protestak izan zirenetik, pixkanaka debekatu egin dute gobernuarekin kritikoa dela uste duten edozein manifestazio egitea Istanbul erdialdean.

Uztailean, kasazio auzitegiak ezezkoa eman zion Atalay aske uzteko eskaerari, argudiaturik haren kondenak «zigor gogorra eskatzen» duela eta hura aske uztea herritarren «oinarrizko eskubide eta askatasunen» kontrako eraso bat litzatekeela. «Erabaki horrek argi uzten du protesta horien prozesu judizial osoan urratu egin direla zintzotasun, inpartzialtasun eta berdintasun printzipioak», esan du Atalayren abokatuetako beste batek, Lale Buyuk Efek. «Nire ustez, auzi honetan, bai Atalayren aurkako sententziak eta bai protestetako beste kasu batzuek argi erakutsi dute zenbateraino falta zaion independentzia botere judizialari».

«Askotan jabetu gara ez dela epaiketa justurik egin, eta argi ikusi dugu politika tartean sartu dela prozesu horietan», esan du Amnesty Internationalek Turkian duen eskualde ikertzaile batek, Begum Basdasek. «Gaur egungo botere politikoak inoiz ez ditu ondo ulertu Geziko protestak, eta ezin ditu irentsi. Agintean segitzeko oztopo eta mehatxu bat direla uste du oraindik ere. Horregatik daude oraindik kartzelan Atalay eta gainerako inputatuak», azaldu du Tasçi abokatuak.

Amnesty Internationaleko kide Basdasek, berriz, gaur egungo sistema judizialaren ahultasunaren sinbolotzat jo du auzia. «Herrialdean azken urteetan izandako kasu judizialik okerrenetako bat da. Atalayren eta gainerako kideen egoerak argi erakusten du nola gero eta gehiago urratzen diren giza eskubideak Turkian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.