Lehen fasea amaitzear dela, abiatu dituzte Gazarako meniaren bigarren faseko eztabaidak

Gaza nola kudeatu «eremu segurua» izan dadin, horixe negoziatu beharko dute aldeek. Israelgo soldaduek gutxienez bost palestinar hil dituzte gaur goizean tiroz, Gaza hirian, «gehiegi» gerturatu direla argudiatuta.

Aske geratutako preso palestinar batzuk, atzo, Khan Yunisera iristen. HAITHAM IMAD / EFE
Aske geratutako preso palestinar batzuk, atzo, Khan Yunisera iristen. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urriaren 14a
10:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako su eten bat erdietsi asmotan ibili diren bitartekariek —hau da, Egiptok, Qatarrek, AEBek eta Turkiak— atzo sinatu zuten AEBetako presidente Donald Trumpek ondutako itun proposamena. Hogei puntu daude jasota dokumentu horretan, baina xehetasun batzuk negoziatzeko daude oraindik. Lehen fasea amaitzear dagoen honetan, aldeak hasi dira bigarren fasearen baldintzak eztabaidatzen, Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaile Majed al-Ansarik azaldu duenez. «Elkarrizketa zailak abian dira; hau da, aztertzen ari dira nola kudeatuko duten Gaza eremu segurua izan dadin eta erasoaldia ez dadin berriro ere abiatu», esan du gaur, AEBetako telebista kate Fox Newsi emandako elkarrizketa batean.

Ikusteko dago zer-nolako forma hartuko duen bigarren faseak, aintzat hartuta ez direla gutxi Israelek eta Hamasek hurrengo pausoen inguruan dituzten desadostasunak. Hamas armagabetzea eta Gazan inolako agintaritzarik ez izatea nahi du Tel Avivek; Palestinako talde islamistak esana du, ordea, ez duela armak uzteko asmorik, eta leku bat izan nahi duela Gazako etorkizun politikoan. Bestalde, Hamasen exijentzietako bat da Palestinako estatu burujabe eta independente bat ezartzea, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk behin baino gehiagotan esan du ez duela onartuko Palestinako Estatua sortzea. 

Horren guztiaren inguruan galdetuta, zalantzak argitu ordez afera are gehiago korapilatu du AEBetako presidente Donald Trumpek, Egiptotik AEBetara bidean prentsari egindako adierazpenetan: «Ez dut estatu bakar baten, estatu bikoitz baten edo bi estaturen inguruan ezer ere esango; Gaza berreraikitzeari buruz ari naiz». Etxe Zuriko maizterra jakitun da Palestinako Estatu bat sortzea zein garrantzitsua den hainbat herrialde arabiarrentzat; halere, azpimarratu du ez duela horri buruzko «ikuspunturik». Are, atzo sinatutako itunari buruzko komunikatu bateratu bat kaleratu dute gaur bitartekariek, eta ez dute Palestinako Estatua sortzeari buruzko aipamen espliziturik egin.

Horrekin lotuta, honela dago jasota Washingtonek ondutako eta Trumpek aurkeztutako dokumentuko 19. puntuan: «Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta Palestinako Aginteak bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke azkenean Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko modua izatea».

Torturak eta abusuak

«Ofer kartzela izeneko hiltoki batean geunden; eta gizon gazte asko han daude oraindik». Hala kontatu dio bart Al-Jazeera hedabideari Israelgo Ofer kartzelan egondako preso palestinar batek, Gaza hegoaldeko Khan Yunis hirira iritsi berritan, aldeek Gazarako adostutako meniaren lehen faseko trukean aske geratu ondoren. Gauza bera salatu dute atzo askatu zituzten beste preso palestinar batzuek ere: espetxealdian torturak, umiliazioak eta jipoiak jasan dituztela, eta kasik ez zutela ez edateko urik, ez janaririk. 

Hamasek bizirik zeuden hogei gatibuak entregatu ondoren, Israelek hartutako konpromisoa bete, eta aske utzi zituen 2023ko urriaren 7az geroztik atxilotutako 1.718 palestinar eta bizi osoko espetxealdira zigortuta zeuden 250 preso —deportatu egingo dituzte horietatik 154—. Bada, Palestinako osasun langileen jarduna gainbegiratzen duen GKE gobernuz kanpoko erakunde Healthcare Workers Watchek ohar baten bidez jakinarazi duenez, atzo aske geratutako 55 preso osasun arloko langileak dira, hala nola erizainak eta medikuak; are, horietatik 44 ospitalean lanean zeudela hartu zituzten atxilo. 

60.500

Zenbat milioi euro beharko diren Gaza berreraikitzeko. Nazio Batuen Garapen Programaren arabera, gutxienez 60.500 milioi euro beharko dira Israelen erasoaldiaren ondoren Gaza berreraikitzeko. Are, horietatik 17.300 milioi euro datozen hiru urteetan inbertitu beharko lituzkete zerrendan bizi ahal izateko. 

Adostutako trukearen bidez, aske geratu dira, guztira, 1.968 preso palestinar; dena den, oraindik ere 10.000 palestinar baino gehiago «legez kanpo atxilo» daudela salatu du PAN Palestinako Aginte Nazionalak, sare sozialen bidez. Haren arabera, gainera, azkeneko bi urteetan gutxienez 77 pertsona hil dira Israelgo kartzeletan preso zeudela, eta 360 adingabe baino gehiago atxilo daude. 

Nolanahi ere, gatibuen eta presoen arteko trukea ezin da amaitutzat jo, Hamasek ez baitizkio Israeli hildako bahitu guztien gorpuak entregatu oraindik. Palestinako talde islamistak lau gorpu entregatu zituen atzo, argudiatuta gainontzeko bahituen gorpuak birrindutako eraikinen hondakinen azpian daudela, eta horiek aurkitu nahian dabiltzala. Azken orduko horrek haserrearazi egin zuen Israel atzo, eta, iturri ofizialak aipatuz Times of Israel egunkariak jakinarazi duenez, Tel Avivek egunaren bukaerara arteko epea eman dio Hamasi gainontzeko 24 gorpuak entregatzeko. Dena den, Gurutze Gorriak ohartarazi du «erronka handia» izango dela hildako gatibu guztien gorpuak aurkitzea, eta balitekeela horretarako «egunak edo asteak» itxaron behar izatea.

Horrekin lotuta, Israelgo armadak dagoeneko identifikatu ditu Hamasek atzo entregatutako lau gorpuak; horren arabera, haietako bat 2023ko urriaren 7an jasandako zaurien ondorioz hil zen, bestea, berriz, Hamasek «erail» zuen. Identifikatutako beste bi gorpuen senideek ez dute baimenik eman haien izen-abizenak kaleratzeko. Bestalde, Israelek hildako 45 palestinarren gorpuak entregatu dizkio Gurutze Gorriari, eta hark zerrendara eramango ditu.

Aldeek erdietsitako akordioaren arabera, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia eteteko betebeharra dauka. Halere, Israelgo soldadu batzuek bost palestinar hil dituzte gaur goizean Gaza hirian, tiroz, Israelgo armadak berak baieztatu duenez, argudiatuta bost palestinar horiek «gehiegi» hurbildu direla soldaduengana. Horrez gain, drone bidez tiroz hil dituzte hiru pertsona hiri horretan, Palestinako Wafa albiste agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.