Trumpek Gazarako egindako plana sinatu dute negoziazioetako bitartekariek, Egipton

Orain arte lortutako akordiorik «konplikatuena» dela aitortu du AEBetako presidenteak. Israelgo Parlamentuan hitz egin du: «Horixe besterik ez dut egiten: akordioak. Ona naiz akordioak egiten».

Donald Trump AEBetako presidentea, Gazarako egindako plana sinatzen, gaur, Xarm el-Xeikh hirian. YOAN VALAT / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, Gazarako egindako plana sinatzen, gaur, Xarm el-Xeikh hirian. YOAN VALAT / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urriaren 13a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamasek eta Israelek preso eta gatibuen trukea egin duten egun berean heldu da Donald Trump AEBetako presidentea Ekialde Hurbilera, zertara-eta berak Gazarako ondutako plana izenpetzera. Etxe Zuriko kontuak sinatzeko erabiltzen duen errotuladorea eraman du Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian egin duten goi bilerara, eta Israelen eta Hamasen arteko elkarrizketetan aritu diren bitartekariek ere azkar batean sinatu dute. Orain arteko akordiorik «konplikatuena» izan dela aitortu du Trumpek, «hirugarren mundu gerrari» bide emateko moduko gatazka bat izan baitute mahai gainean: «Ez da gertatuko, ez».

Tel Avivera egindako bisita zenbait ordu luzatu ondoren heldu da AEBetako presidentea Egiptora. Negoziazioetan bitartekari aritu diren lau herrialdeek —AEBek, Egiptok, Qatarrek eta Turkiak— Ekialde Hurbilean «bakea, egonkortasuna eta segurtasuna» lortzeko sinatu dute akordioa, Al-Sisiren bulegoak kaleratutako ohar baten arabera; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Hamasen ordezkaritza, aldiz, ez ziren han egon.

Sinatzaileak ez dira bakarrik egon, ekitaldian parte hartu baitute Europako, herrialde arabiar eta islamiarretako eta nazioarteko zenbait agintarik eta erakundek ere: Frantziak, Erresuma Batuak, Italiak, Espainiak, Jordaniak, Pakistanek, Irakek, Nazio Batuen Erakundeak eta Arabiar Ligak, besteak beste.

«Terrorearen» amaiera

AEBetako presidenteak berretsi du atzean utzi dutela «terrorearen eta heriotzaren garaia»: «Fedearen, esperantzaren eta Jainkoaren garaia hasi da. Luze iraungo dute konkordiak eta harmoniak, bai Israelen eta bai zeharo bikaina izatear den eskualde honetako nazio guztietan». Nabarmendu du Ekialde Hurbilak «potentziala» duela, eta «terrorismoak eta estremismoak» ez diotela onik egin: «Hondamendi bat izan da».

AEBetako presidentearen ustez, Netanyahu «gogoratu» egingo dute aurrerantzean, «adorea» izan duelako Hamasi kontra egiteko: «Israelek armen bidez irabazi du ahal duen guztia». Aitortu du, ordea, ez dela «erraza» izan lehen ministroarekin moldatzea, nahiz eta horrek berak egiten duen aliatu «handi». Etxe Zurira heldu zenetik, «hainbeste aldiz» deitu dio Netanyahuk arma eske, ezen «sendo eta indartsu» bihurtu den Israel: «Horrek ekarri du bakea, gero».

Hitzaldia eman bitartean, oposizioko bi kidek Palestina aitortu zioen kartel bat atera dute. Azkar batean kanporatu dituzte parlamentutik; «a zer efikazia», esan du Trumpek.

Netanyahuk hartu du hitza AEBetako presidenteak baino lehen, eta laudorioak besterik ez du izan harentzat. Bien arteko «adiskidetasuna» azpimarratu du, eta erantsi hauei esker lortu dela akordioa egitea: «Bi nazioon arteko lankidetzari, Israelen presio militarrari eta Trumpen buruzagitza global paregabeari esker». Lehen ministroaren arabera, «AEBetako ezein presidentek ez du hainbeste egin Israelen alde», eta goraipatu egin du Etxe Zuriko maizterraren planaren lehen fasearen ondorena: «Hainbeste urtez gerran eta arriskuan egon ondoren, gaur zerua bare dago, armak isilik, sirenak geldirik, eta eguzkia atera da, azkenean, lur santuan, zeina bakean baitago».

Israelgo lehen ministroa hiru kasutan auzipetuta dago 2019tik. «Aizu, zera otu zait: presidente jauna, zergatik ez diozu indultua ematen?», galdetu dio Trumpek Isaac Herzog Israelgo presidenteari. Iruzurra, eroskeria eta konfiantza abusua egozten dizkiote Netanyahuri, besteak beste enpresari batzuen opariak jasotzeagatik. «Puruak eta xanpaina nori axola zaizkio?», jarraitu du Trumpek, opari horiei erreferentzia eginez. Herzog armadaren irrati katean elkarrizketatu zuten irailaren amaiera aldera, eta esan zuen indultua emateko eskatuz gero «kontuan» hartuko lukeela eskaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.