Tronura ailegatu, eta hiru hilabetera zehaztu du bere oinordekotza katea Salman bin Abdulaziz-ek, Saudi Arabiako erregeak. Mohammed bin Nayef iloba hautatu du ondorengo. Barne Ministroa da Bin Nayef (Jidda, 1959), eta Saudi Arabiako lehenbiziko errege Abdulaziz ibn Sauden biloba. Beraz, erresumako ondorengotza lehenbiziko aldiz hirugarren belaunaldiaren esku egonen da. Baina belaunaldi batetik haratago ere begiratu du Salman erregeak, eta bere seme Mohammed bin Salman hautatu du bigarren ondorengo. 34 urte dauzka Bin Salmanek, eta Defentsa ministroa da orain. Salman erregeak bere anaiorde Muqrin bin Abdelaziz printzea baztertu du oinordekotza katetik.
Munduko herrialderik itxienetakoa eta autoritarioenetakoa da Saudi Arabia. Erresumak bere izaera oinarritzen du islam sunitaren muturreko joera batean, wahabismoan, eta aplikatzen dituen lege, arau eta zigor anitz EI Estatu Islamikoak berak imitatu ditu. Erresuma horren zutabeetako bati lotuta egon da Bin Nayef oinordekoaren ibilbide politikoa: Barne Ministerioari. AEBetan Zientzia Politikoak ikasi zituen, eta herrialde horretan jaso zuen gai militarrei eta «terrorismoaren aurkako borrokari» buruzko trebakuntza. 1999an hasi zen Barne Ministerioarentzat lanean, aditu gisa. Saudi Arabiari maiz egotzi zaio muturreko talde islamista sunitak laguntzea bertze herrialdeetan; Mendebaldeko hedabideek nabarmendu dute, baina, Bin Nayef izan dela Saudi Arabian horien aurkako borroka zuzendu duena. 2009an Al-Qaedak atentatu suizida bat egin zuen haren aurka, baina onik atera zen. 2012an izendatu zuten ministro.
PERTSONAIA. Mohammed bin Nayef
Lehenbiziko biloba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu