mundua

Lehergailu nuklear bidezko eraso "terroristen" aukera handitu egin dela dio Obamak

Nuklearren trafikoa murrizteko neurriak hartzen aritu dira Washingtonen 47 herrialde, goi bileran.

2010eko apirilaren 13a
18:41
Entzun
Washingtongo segurtasun nuklearrerako goi bilerako lehen sesioan Barack Obama AEBetako presidenteak herrialdeen arteko guda nuklearra izateko arriskua murriztu egin dela esan du. Hala ere, "talde terroristek" eraso atomikoa egiteko aukera areagotu egin dela azpimarratu du. Adituen esanetan, taldeok lehergailu nuklearrak erabiltzea ez da oso sinisgarria baina, bestetik, "lehergailu zikinen" erabilera posible da -atmosferara elementu radioaktiboak isuritzen dituzten lehergailuena-.

47 herrialdeetako estatuburu eta ordezkari joan dira AEBetako hiriburura, segurtasun nuklearra bermatzeko neurriak hartzeko. Material atomikoaren trafikoa amaitzeko eta aberastutako uranioa murrizteko urratsak egingo direla espero dute lehen sesio honetan. Dena dela, Israel, Ipar Korea eta Iranen ez dira batzarrean izan eta haien hutsunea nabarmena da. Atzo hasi zuten goi bilera eta gaur amaitu dute.

Pasa den astean AEBek eta Errusiak armagabetze nuklearrerako hitzarmen "historikoa" sinatu zuten goi bileraren aitzindari gisa, Pragan. Era horretan, bi herrialdeen arteko lankidetza sustatuko dute arma nuklearrak ez ugaltzeko konpromisoan. Washingtonek Irango programa nuklearraren gainean jarrera bateratua lortu nahi du, eta Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak esan du Segurtasun Kontseiluak ezin dituela "begiak itxi" Teheranek eskaintza uko egiten badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.