Hamabi kilometro eskas daude Greziako uharte Lesbosen ekialde-ekialdeko muturretik Turkiako kostara. Hain gertu egonik, lur menditsu eta lasai hori da, gaur egun, Europako Batasunaren erronkarik garrantzitsuenetako baten frontea: migranteen eta errefuxiatuen pasabidea. Jendetza handiak Turkiatik itsasoz iritsi izanak alde askotatik aldatu du Lesbos, eta bizilagunen elkartasunezko sarea ere mudatuz joan da, mesfidantza, gaitzespena eta nazionalismo sutsua bultzatzeraino.
Bruselaren migrazio politiken «probalekutzat» jo izan dute Lesbos: Europa guztiko errefuxiatu esparrurik handiena eraiki zuten han, eta dozenaka mila iheslari pilatu, ozta-ozta 2.000 lagun sartzen ziren toki batean. Kostazainak eta Europako Frontex muga agentziako indarrak jarri zituzten, eta orain ere hantxe daude, uharteko kostalde guztian. Giza eskubideen urraketak ugaritu egin dira: milaka errefuxiatu janaririk gabe egon dira, etxerik gabe, hezkuntzarik gabe, seguru bidaiatzeko modurik gabe. Hamar urte pasa geroago, ez dago batere garbi nork erantzun behar lukeen horregatik guztiagatik, eta ez dirudi inor prest dagoenik giza eskubideak errespetatuko dituzten asilo politikez eztabaidatzeko.
«Greziako esparru horiek sortu zituztenean jarri zituzten martxan oraingo politikak, mugak urruntzeko oraingo politikak, Europatik ahalik eta urrunen kudeatzeko asilo eta onarpen prozesua», azaldu du Nikos Xypolytas-ek. Egeoko Unibertsitateko akademikoa da Lesbosen bertan, eta migrazioan aditua: «'Migrazio krisia' deitu zioten itsasoa gurutzatzeko bidaien ugaritzeari, eta iheslari esparruak sortu zituzten, baina kontzentrazio esparruak dira egiatan. Poliki-poliki, inor ez etortzeko politika geldiarazleak ezarri zituzten: bizimodua eramanezina zen esparruetan; ontziak hondora bidaltzen saiatzen ziren, eta hona iristea galarazten zieten, Turkiarekin eta beste herrialde batzuekin egindako hitzarmenen bidez». Sute bat izan ondoren, itxi egin zuten Europako errefuxiatu esparrurik handiena, eta Greziako agintariek hitzeman zuten ez zela «beste Moriarik» izango. Hala ere, behin-behineko beste esparru bat jarri zuten hilabete batzuetan, eta orain beste bat egiten ari dira uhartearen erdialdeko baso batean, hirietatik eta herrietatik urrun.
2023arekin konparatuta, jende gutxiagok gurutzatu zuen iaz Mediterraneoa, baina lehorretik iritsitakoek beste errekor bat ezarri zuten: iaz 13.000 lagun baino gehiago iritsi ziren Europako Batasunera, Frontex agentziaren datuen arabera. Grezia beldur da ez ote diren are migrante gehiago iritsiko Europako Batasunera Gazako zerrendako gerraren ondorioz eta Ekialde Hurbileko gatazkaren hedapenaren ondorioz, eta esana du beste neurri batzuen bila dabilela migranteen eta errefuxiatuen sarrera moteltzeko.
«Europak ezin du inolako legitimitaterik izan; gotorleku ekonomiko bat da, baina ez du inolako legitimitaterik herritarren begietan»
NIKOS XYPOLYTASEgeoko Unibertsitateko akademikoa
«Oraingo datuak kontuan harturik, kalkulatu dugu urtea bukatzerako 50.000 immigrante sartuko direla gure herrialdean», adierazi zuen Migrazio ministro Nikos Panagiotopulos-ek orain hilabete batzuk, iragarri ondoren gobernua aztertzen ari zela beste atxilotze zentro batzuk sortzea Rodasen eta Kretan, hara gero eta jende gehiago iristen da eta. «Europa guztirako irtenbide baten bila gabiltza», zehaztu zuen Panagiotopulosek, eta kritikatu Greziaren esku utzi izana azken hamarkadan Europako Batasunari egindako asilo eskaera asko eta asko kudeatzeko lana. Greziako lehen ministroak, Kyriakos Mitsotakis-ek, kritikatu egin zuen Greziari leporatzea «itsasoan jendea ez salbatzea», kontuan izanik Greziak bere gain hartu behar izan duela «arazo hori kudeatzeko lana».
«Normalizatuta»
«Guztiz normalizatua dago halako kontzentrazio esparruak sortzea, giza eskubideak etengabe urratzen diren halako tokiak. Alexis Tsiprasen ezkerreko gobernuak ekin zion politika horri. Halakoak onartzeak bidea zelaitu zion azken hamarkadan gertatu den guztiari, Pilosko hondamendia barne», zehaztu du Xypolitasek, gogora ekarrita nola hondoa jo zuen 750 lagun zekartzan ontzi batek 2023ko ekainean, kasurik egin ez zietelako laguntza eskeei. 82 gorpu aurkitu zituzten, eta 500 bat lagun galdu ziren itsasoan.
Naufragio hark ez zuen erreakziorik piztu nazioartean, eta horrek, Xypolitasen ustez, argi erakusten du nolako deshumanizazioa ekarri duen Europako Batasunaren oraingo migrazio politikak. «Europako edozein herrialdetan 600 lagun hilko balira istripu batean, horrek gogor astinduko lituzke bai herrialde hori eta bai ingurukoak. Baina orduan ez zen halakorik izan batere», azaldu du. «Europak ezin du inolako legitimitaterik izan; gotorleku ekonomiko bat da, baina ez du inolako legitimitaterik herritarren begietan».
Nolanahi ere, badirudi Europako Batasuna dibertsifikatzen ari dela mugak urruntzeko politika, eta, horretarako, hitzarmenak egiten ari dela Afrika iparraldeko herrialdeekin, Mediterraneo iparraldeko herrialdeetarako bidea ixteko. Italia, esaterako, bere kabuz ezartzen ari da politika batzuk: Giorgia Melonik Albaniako atxilotze zentroetara bidali ditu migranteak. «Mugak urruntzeko politiken parte zen Grezia, baina hala ere migranteak beste herrialde batzuetara iristen zirenez, beste politika batzuk ezarri zituzten ahalik eta gehien urruntzeko migranteak», esplikatu du Xyplotasek. «Frontex, kostazainak, beste herrialde batzuetako segurtasun indarrak eta atxilotze zentroak dauzkagu, eta zentro horietan inork ez du erantzun behar giza eskubideen urraketengatik».