Ekialde Hurbila

Libanon zibilak hiltzen eta Beirut bonbardatzen jarraitzen du Israelek

Beirut berriro bonbardatuz gero Tel Avivi erasoko ziola ohartarazi zuen atzo Hezbolak, baina mehatxua aintzat hartu gabe Libanoko hiriburua bonbardatzen jarraitu du gaur Israelgo Armadak; gutxienez bost zibil hil ditu Beiruten. Hiriburua ez ezik, Libanoko beste eremu batzuei ere eraso die: Baalbek hiriti hurbil, Siriako mugan, gutxienez 28 nekazari hil ditu.

2006ko abuztuaren 4a
18:49
Entzun
Eraso horretan, Siriaren eta Libanoren arteko mugara jaurti ditu misilak Israelek. Erasoa Bekaa Bailarako Baalbek hiritik 50 kilometrotara dagoen Kaa herrian gertatu da. Lekukoek adierazi dutenez, Israelgo Armadako hegazkinek frutaz betetako kamioi bati eraso diote. Une horretan 25 nekazari ari ziren kamioia kargatzen. Leherketaren ondorioz, gutxienez 28 pertsona hil direla jakinarazi du Ahmed Fatgat Libanoko barne ministroak. Zauritutakoak Siriako ospitalera eraman dituztela esan du Fatgatek

Bestalde, Beirut hiriburuan Libano iparraldera joateko errepideekin lotzen dituen lau zubiak lehertarazi ditu Israelgo Armadak, eta, beraz, irteera hori guztiz oztopatu dute. Gainera, bide batez, Siriara igarotzeko irekirik dagoen pasabide bakarrera iristeko modua trabatu dute; hau da, Libanotik lurreko garraiobidez irtetzeko aukera bakanetakoa.

Baina azpiegituretan egindako kalteez gain, eraso horretan gutxienez bost zibil hil ditu Israelek eta hamar bat zaurituta daude. Libanoko Gurutze Gorriaren arabera litekeena da hildakoen kopurua handitzea, zaurituetako batzuk hil edo bizi baitaude.

Beirut hegoaldea ere gogor bonbardatu dute. Israelgo Armadaren arabera, han daude Hezbolaren egoitza nagusia eta Al Manar telebista katea. Helburua egoitza horiek suntsitzea dela agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.