Gazan eta Zisjordanian egindako eguneroko erasoez harago, azken egunetan Libanon ere operazioak areagotu ditu Israelgo armadak. Horietako batean, gaur, Libano hegoaldeko herri batean sartu dira Israelgo soldaduak, eta hango udaleko funtzionario bat hil dute. Hala jakinarazi dute Libanoko iturri ofizialek, eta Joseph Aun herrialdeko presidenteak armadari eskatu dio Israelgo indarren erasoei erantzuteko. Presidenteak ohar batean nabarmendu duenez, «estatuaren instituzioen kontra» egin dute. Tel Avivek baieztatu du «susmagarriari» tiro egin diola, «mehatxu bat» zela argudiatuta.
Libanon su eten bat dago ezarrita iazko azarotik, baina Israelek ia egunero egin izan ditu erasoak; 110 pertsona baino gehiago hil ditu menia indarrean denetik. Gaur bertan, esaterako, funtzionarioa hil ondoren, herrialdeko hainbat leku bonbardatu ditu, argudiatuta Hezbollah milizia xiitaren azpiegiturak zituela helburu.
Horregatik, asteon Beirutek exijitu du martxan jarri beharra dagoela iazko azaroan adostutako menia akordioa gainbegiratzeko mekanismoa. Hala eskatu zioten Aunek, Nawaf Salam lehen ministroak eta Nabih Berri parlamentuko bozeramaileak Morgan Ortagus AEBetako ordezkariari asteartean.
Libanon bezala, Gazan ere su etena indarrean dagoela esaten du Israelgo Gobernuak. Halere, asteartean menia hori «eten», eta ehun palestinar baino gehiago hil zituen egun bakarrean, Hamasi tregoa urratzea egotzita.
MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak salatu duenez, asteartekoa «zibilen aurka nahita» egindako eraso bat izan zen. MSFren arabera, hildako gehienak haurrak eta emakumeak izan ziren. Elkarte hori zerrendan osasun laguntza ematen ari da, eta, ohar batean ziurtatu dutenez, Israelek su etena «behin eta berriz» urratu du, eta MSFko kideak «testigu» izan dira.
Bahituen familiak, kexu
Beste bi gorpu entregatu dizkio Hamasek Israeli. Gurutze Gorriak jaso ditu hilkutxak, eta Israelgo armadari eman dizkio gatibu israeldarrenak zirela baieztatzeko. Hala baieztatuz gero, Gazan 11 bahituren gorpuak geratuko lirateke.
Hain justu, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri bilera baterako deia egin dio. Ohar batean salatu dutenez, bahituen senideak «gogaituta» daude bitartekariekin hitz egin behar izateaz, eta «aurrez aurre» bildu nahi dute lehen ministroarekin. Azalpenak eskatu nahi dizkiote oraindik Gazan geratzen diren bahituen inguruan; izan ere, elkarte horren arabera, Hamasek «badaki» non dauden gatibuen gorpuak.
Talde islamistak, ordea, behin baino gehiagotan esana du gorpu guztiak entregatu nahi dituela, baina «zailtasun handiko» lana izaten ari dela horiek aurkitzea. Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako ondutako planean hitzartutakoa betetzeko, guztiak entregatu beharko ditu.
 
     
    