Liberalek nabarmen egin dute gora eta ultrek nabarmen behera Herbehereetako bozetan

Ordezkarien Ganberarako hauteskundeen botoen %99 zenbatuta, D66 alderdia eta Wilders eskuin muturrekoarena berdinduta daude. Timmermans sozialdemokraten buruak dimisioa eman du.

D66ren zerrendaburu Rob Jetten, atzo, Leidenen (Herbehereak). ROBIN UTRECHT / EFE
D66ren zerrendaburu Rob Jetten, atzo, Leidenen (Herbehereak). ROBIN UTRECHT / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 30a
10:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ultraeskuinak nabarmen egin du behera Herbehereetako hauteskunde orokorretan. Inkestek aurreikusitakoa baino emaitza askoz ere kaxkarragoa lortu du Geert Wilders buru duen PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiak, duela bi urteko bozetako emaitzaren aldean 11 eserleku gutxiago izango baititu ordezkarien ganberan; 26, botoen %98 zenbatuta. Wildersek berak ere aitortu du «beste emaitza bat» espero zutela. Kopuru bera lortzekoa da D66 alderdi liberal aurrekoia. Atzoko eguneko garaile nagusia da, hamazazpi ordezkari gehiago izango baititu behe ganberan. Parte hartzea handia izan zen, %78,4koa.

«Milioika herbeheretarrek agur esan diote beldurraren politikari, eta indar positiboak aukeratu dituzte», nabarmendu zuen atzo gauean D66ren zerrendaburu Rob Jettenek Leidenen, alderdiaren ekitaldi batean. Bere burua lehen ministro gisa ikusita jada, «gobernu egonkor eta anbiziotsu bat» lortzeko ahaleginean, lankidetzarako deia egin die «indar eraikitzaile moderatu guztiei». 

Eskuineko hiru alderdik eta PVVk osatutako koalizio bat egon da agintean Herbehereetan azkeneko urtean. Aliantza hori, baina, uztailean hautsi zen. Izan ere, Wildersi iruditzen zitzaion beste hirurak ez zeudela prest migrazioari dagokionez gobernuak onartutako planteamenduko neurriak hartzeko. Kontuan hartu behar da zer iragarri zuen gobernuak iazko irailean: «Inoizko asilo erregimenik zorrotzena».

Bozetako zenbakiak eskuan, argi dago alderdien arteko koalizio bat beharko dela; izan ere, 150 aulki ditu behe ganberak, eta gehiengo osoa edukitzeko, hortaz, 75 ordezkariren babesa beharko du lehen ministro berriak. Ikusteko dago, ordea, nork hartuko duen negoziazioen ardura; hauteskundeen garaileak hartu beharko luke, baina hori ez dago argi oraindik. ANP Herbehereetako berri agentziak gaur goizean egindako proiekzioaren arabera, liberalak 2.300 botoren aldeaz gailenduko lirateke.

VVDren betoa

Babes bila hasita, eta zenbakiak eskuan, D66koek begiratu beharko dute bai eskuinera, bai ezkerrera. VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiak indar kontserbadoreak eutsi egin dio, nahiz eta indar pixka bat galdu duen: 24tik 22ra. Sozialdemokratek ere (GroenLinks-PvdA aliantza), Frans Timmermans artean buru zutela, apur bat behera egin dute: 25etik 20ra.

Timmermansi iruditu zaio, ordea, ez dela gai izan jendea «konbentzitzeko», eta erantzukizuna bere gain hartuta, dimisioa eman du. Horren berri eman zuen atzo gauean. Ibilbide luzeko politikari bat da, erreferente bat Europako sozialdemokraten artean, eta, Herbehereetan ez ezik, Bruselan ere karguak eduki izan ditu; esaterako, Europako Batzordearen presidenteordea izan zen 2014tik 2023ra.

15

Zenbat alderdik lortu duten ordezkaritza. Herbehereetako hauteskunde legeak dio botoen %0,66 biltzea nahikoa dela Ordezkarien Ganberan aulki bat lortzeko. Hori dela eta, hamabost alderdik lortu dute ordezkaritza parlamentarioa. 27ri botoa emateko aukera zuten herbeheretarrek.

Eta bai sozialdemokratek, bai kontserbadoreek indarra galdu duten arren, biak ala biak ezinbestekoak lirateke D66ren bueltan koalizio bat eratzeko ahaleginean. Eta zeresana edukiko dute, gainera, demokristauek, CDAk hamahiru diputatu gehiago izan baititu: bostetik 18ra. Aliantza horrek aise gaindituko luke gehiengo osoaren muga. Dena den, VVDren lider Dilan Yesilgozek esana dauka ez duela aliantza batean sozialdemokratekin egon nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.