munDUA

Liberalek ozta-ozta irabazi dituzte Herbehereetako hauteskundeak

Legebiltzarrean 31 aulki lortu dituzte eta laboristek 30. Alderdi kristau-demokrata izan da galtzaile nagusia: 41etik 21era pasatu da. Eskuin muturrekoa, berriz, 9tik 24ra, eta gobernuan sartu nahi du.

2010eko ekainaren 10a
10:19
Entzun
VVD alderdi liberalak irabazi ditu Herbehereetako Legebiltzarrerako hauteskundeak, ozta-ozta irabazi ere, aulki bateko aldea baino ez diolako atera PcdA alderdi laboralistari. Botoen %90 dituzte zenbatuta.



Mark Rutte buru duen alderdi liberalak legebiltzarreko 150 eserlekuetatik 31 eskuratu ditu -2006ko bozetan baino hamar gehiago-, alderdi laboristak 30 -hiru gutxiago-. Baliteke bi alderdiek koalizio gobernua osatzea.

CDA alderdi kristau-demokrata izan da hauteskundeetako galtzaile nagusia: hogei aulki galdu ditu eta 21 ditu orain. Ondorioz, Jan Peter Balkenende jarduneko lehen ministro eta alderdiko buruak dimisioa eman du. Azkeneko zortzi urtean CDA egon da agintean.

Eskuin muturreko PVV Askatasunaren Alderdia bederatzi eserlekuetatik 24ra pasatu da. Geert Wilders PVVko buruak esan du bera izan dela bozetako garailea eta gobernuan sartu nahi duela. "Ezin gaituzte bazterrean utzi, ez litzateke demokratikoa". Herbehereek "segurtasun handiagoa" behar dute, haren ustez, "kriminalitate tasa txikiagoa eta Islam gutxiago".

Liberalek kanpainan iragarri dute estatuaren gastuak 20.000 milioi euro gutxituko dituztela, defizit publikoa erdira gutxituko dutela -gaur egun Barne Produktu Gordinaren %6,3ra igo da-, eta erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra pasaraziko dutela.

Laboristak ere gastu publikoa 10.000 milioi euro gutxitzearen alde agertu dira baina, aldi berean, 2.000 milioi euro bideratu nahi dituzte hezkuntzara, eta errenta handienei zerga berezi bat jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.