Muammar Gaddafiren eta oposizioaren agertoki odoltsua izaten ari da Brega, eta bien arteko lurreko talka hori geldiarazteko bonbardaketak areagotu ditu NATOk. Helburua beste nonbait jarrita izanda ere, dena den, oso zaila da misilak jaurtitzean inguruan den edozer eta edonor suntsitzea, zibilak barne. Hori uste du behintzat NATOk. «Hildakoei buruzko albisteak ikertzen ari gara, beti kezkatzen gaitu-eta zibilak hiltzea», Oana Lungescu aliantzaren bozeramaileak esandakoaren arabera. Hiru egunetan diktadorearen kontrako erasoetan dozenaka matxino hil dira, tartean herritarrak, inguruan diren etxeetan bizi diren haurrak ere bai, Lungescuren arabera, aurrez aurreko gatazketan helburuak finkatzea eta bete-betean asmatzea oso zaila delako. Helburuak aire eremua debekatzeak eskatzen dituenak baino harago joan direlako ari dira hilketa horiek gertatzen, Arabiar Liga asteon ia egunero salatzen ari denez.
Ostiral gauean hildakoak dira albistegietara heldu diren azkenak, eta parteak iristen direnero bezala, kopuruetan dantza dago. BBCk zehaztutakoaren arabera, 15 matxino hil ditu Bregaren kanpoaldean, Ajdabijara zihoazela, eta tartean anbulantzia bat geratu da suntsiturik. Matxinoen bertsioaren arabera, Gaddafiren infiltratuek airezko erasoen kontra egindako jaurtiketaren ondorio izan da erantzuna, baina ekintzaile batzuek onartu dute, «hutsegitea» izan zela, eurek NATOren indarrak tirokatu zituztela, Gaddafirenak zirela pentsatuta. Zibilak etxeetan gordeta daude, eta lekukoek telefonoz kontatutakoa benetakoa bada, Gaddafiren aldeko indarrak berdin-berdin tirokatzen ari dira matxinoak eta zibilak.
Misratan da Gaddafi
Bregan egin bezala, Misratako kaleetan daude Gaddafiren aldeko indarrak, eta bost aste han egon ondoren, amore ematekotan dago oposizioa, horiek irabazteko lurreko borroka sendoa behar baita, eta matxinoek ez dute indarrik, ez egiturarik horretarako gaur-gaurkoz. NATOk diktadoreak hiriaren kanpoaldean duen base militarrari eraso dio, baina ezer gutxi lortu du. Etorbide nagusia Gaddafik hartua du, eta teilatuetan daude frankotiratzaileak; herritarrak etxean.
Koalizioa hasi eta aliantza ondoren, bi aste bete dira airez bonbardaketak hasi zirela zibilen hilketak saihesteko, eta Gaddafik boterea utz dezan presio egiteko, baina ez dute lortu ez bata eta ez bestea, eta gerrak luze joko duela itxura guztia hartzen ari da.
Libiako hainbat eremutan zibilak hiltzea saihetsezina dela onartu du NATOk
Bregan ustez eragin dituen 30 bat herritarren hilketen zergatia ikertzen ari da aliantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu