AEBetako Alderdi Demokratak bart aurkeztu du ofizialki Etxe Zurira heltzen saiatuko den bikotea, eta herrialdea «berreraiki» beharra azpimarratu du: «Etorkizun hobe bat hautatzeko aukera izango dugu hemendik 83 egunera». Kamala Harris senatari eta presidenteordetzarako hautagaiak bere lehen hitzak egin ditu jendaurrean, Joe Biden presidentegaiak aurkeztu zuenetik: «AEBek lidergoa eskatzen dute».
Wilmingtonen —han bizi da Biden— eginiko agerraldi batean, presidentegaia Harrisen alde mintzatu da. «Pertsona egokia» dela azpimarratu du, badakielako «gobernatzen» eta «erabaki zailak hartzen». Hautagai demokratak senatariaren jatorria azpimarratu du, eta zenbait komunitaterentzat «eredu» dela adierazi. Harrisek aita Jamaikakoa du, eta ama Indiakoa, eta presidenteorde izan daitekeen lehen emakume beltza da. Hala, Barack Obamaren presidenteorde izandakoak uste du gazteak ordezkatuak sentituko direla lehen aldiz, «batez ere euren komunitateetan baztertuak sentitzen diren neska beltz eta beltzaranak».
Harrisek aukera eskertu du, eta bozak irabazi beharra azpimarratu, AEBetako presidente Donald Trump kargutik kentzeko. Hark gogor egin zuen Harrisen aurka, Bidenek hautagaitzaren berri eman laster, eta «iruzurtitzat» jo zuen senataria. Hori ikusirik, Harrisek estatubatuarrei eskatu die ez onartzeko Trumpek eta Mike Pence presidenteordeak osatutako «gobernu huts egina». Bere buruaz herritarrez baino gehiago arduratzea egotzi dio Trumpi, eta «lidergo» beharra azpimarratu du, hautagaitza errepublikanoaren aurrez aurre.
COVID-19ari aurre egin beharra
Hauteskunde kanpainako gai nagusia, oraingoz, koronabirusak eragindako osasun krisia da. Demokratek AEBetako presidenteari erasotzeko baliatu dute. Harrisek salatu du bost milioi kutsatu baino gehiago eta 165.000 hildako egon direla Trumpen «eldarniozko» erabakien eraginez: «Ez zuen hasieratik serio hartu». Adibidetzat jo ditu maskara erabiltzearen edo segurtasun tartea zaintzearen inguruan izan dituen iritzi aldakorrak.
Bidenek azaldu du demokratek badutela koronabirusari aurre egiteko plan bat, gobernu errepublikanoak ez bezala, «zientzian oinarrituta». Proba gehiago egingo lituzketela esan du, beharrezko baliabide publikoak erabilita: «Eskolak eta negozioak irekitzea behar dugu».