Mundua

Liskarrak larritu dira Ukrainan

Legebiltzarraren aurreko polizia hesia inguratu dute milaka manifestarik, eta Kieveko udaletxean sartu dira hainbat, baita Janukovitx presidentearen alderdiaren egoitzan ere. Gutxienez zazpi lagun hil dira, eta ehundik gora zauritu daude. 17:00ak arteko epea eman die Poliziak manifestariei liskarrak amaitzeko.

Kieven izandako istiluak.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2014ko otsailaren 18a
16:45
Entzun

"Ordena jartzeko bitarteko guztiak erabiltzera behartuta egongo gara 18:00etarako [17:00ak E.Han] Kieveko liskarrek  jarraituz gero", Segurtasun eta Barne minsiterioetako arduradunek ohar bidez jakinarazi dutenez, eta oposizioko buruzagiei dei egin diete "manifestariak lasaitzeko eta negoziazio mahaira itzultzeko", bestela "agintariek nahikoa indar dituzte-eta ordena inposatzeko". Vitali Klitxko oposizioko buruak, berriz, umeei eta haurrei liskar guneetatik ateratzeko eskatu die poliziek har ditzaketen neurrien beldur.

Catherine Ashton Europako Batasuneko goi mandatariak ere "lasaitasunerako deia" egin diete ukrainarrei, eta "legebiltzarreko prozesura itzul" daitezela. "Kezka" azaldu du liskarren berpiztea dela eta, izan ere, itxura txarra dauka Kieven gertatzen ari denak.

Ukrainako Legebiltzarra inguratzen duen polizia hesia apurtzea lortu dute goizean Viktor Janukovitxen gobernuaren kontra dauden hainbat eta hainbat manifestarik, eta poliziek negar gasekin, granada zorabiagarriekin eta gomazko pilotekin erantzun dute. Duela hilabete istilu larriak gertatu ziren leku berean saiatu da Polizia legebiltzarrerako martxa eragozten. Hiru hilabetean protestek etenik izan ez badute ere, gaurkoak dira hilabetean izan diren liskartsuenak.

Dozenaka kaputxadun, berriz, Janukovitxen Eskualdeen Alderdiaren egoitzan sartu dira, makilak eskuan, eta su eman diote eraikineko barruko hainbat gailuri. Horrez gainera, Kieveko udaletxean ere sartu dira. Duela bi egun atera ziren handik oposiziokoak, hiru hilabetean okupatuta izan ondoren.

Eskuin muturra

Kievek uste du manifestarien artean eskuin muturreko kideak daudela. Ukrainako Atzerri ministro Leonid Kozharak esana da "muturreko indarrak gordetzen direla manifestari baketsu batzuen irudiaren atzean", eta nazioarteari eskatu dio "opoisizioko manifestariek sustatu duten indarkeria gaitzesteko"

Atzo iragarri zuten Batkivstxina, UDAR eta Svoboda oposizioko alderdiek konstituzioa lehengoratzea eskatuko zutela gaurko saioan, baina gobernuaren aldeko ordezkariek ez dute horren gaineko eztabaidarik bultzatu nahi. 2010eko urrian, Ukrainako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zituen Iraultza Laranjak sustatutako erreforma guztiak, eta ordutik, indarrean izan dira berriz 1996ko legea eta sistema politikoa. 2004ko konstituzioa berrezarri nahi dute hiru alderdi horiek, Janukovitx presidentearen boterea murrizteko eta diputatuena handitzeko. Alderdiok, ordea, gutxiengoan dira legebiltzarrean.

Amnistia indarrean

Atzo jarri zuten amnistiaren legea indarrean; protestatan atxilotutako 230 herritarri baino gehiagori eragingo die lege horrek, eta horren truke Kieveko udaletxea eta zenbait eraikin okupatu hustu zituzten. Hustuketak ez du asko iraun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.