Lokatzetan harrapatutako ehunka lagun onik atera dituzte Taiwanen

Japoniako mendebaldeko kosta astindu duen 'Etau' tifoiak hemezortzi lagun hil ditu

2009ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bizirik iraun duten ehunka lagun atera dituzte lokatzetatik Taiwanen. Dozenaka helikopterok eta 4.000 militarrek hartu dute parte Morakot tifoiak inkomunikaturik utzi dituen pertsonak onik ateratzeko operazio militarrean. Herrialdearen hegoaldeko Pingtung barrutian, 350 lagun atera dituzte isolatutako tokietatik. Barne Ministerioaren arabera, lohian harrapaturiko 700 bat herritar salbatu dituzte Kaohsiung herrixkan.

Hala ere, ia ezinezkoa da jakitea herrietan zenbat lagun zeuden Morakot tifoia iritsi eta ekaitz bortitzak eragin zituen unean; horregatik, ezin da oraingoz hildakoen kopurua jakin. «Ez dakigu Hsiaolinen eta beste herrixketan, lokatzaren azpian zenbat jende dagoen», adierazi zuen, atzo,Larrialdietarako Egoitza Nazionaleko bozeramaile batek.

Taiwanen historian izan diren uholderik bortitzenek herrixka ugari estali dituzte, eta, esaterako, Taimali ibaiaren zola hamar metro zabal izatetik 800 metro izatera pasatu da egun hauetan. Taiwan hegoaldeko mendien ordokietan bizi dira iragan ostiral eta igande bitartean tifoiaren ondorioz harrapaturik geratu ziren milaka lagun. Gobernuak denbora asko darama pertsona horiek lekualdatzeko asmoarekin; horren bidez, halako hondamendiak saihestu asmo dituzte. Tokialdatzea proposatu dieten 26 herrixketatik bik bakarrik onartu dute plana. Gainontzekoak ez daude beren etxeak uzteko prest.

Erreskate taldeen lana oztopatzen ari da eguraldi txarra; herenegun, tifoiak eragindako hondamenditik herritarrak salbatzeko lanetan ari zen helikopteroa jausi eta eskifaiako hiru kideak hil ziren.

Orain artean, gutxienez 103 lagun hil dira, eta beste 61 desagerturik daude Taiwango Suhiltzaile Zerbitzu Nazionalaren arabera. 23 zubi eta 156 errepide suntsitu ditu tifoiak, eta turismoaren sektorea gogor jo du; hamazazpi hotel jausi dira. Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bizi diren tokietan ere gogo jo du; landa lurren erdia hondatua dago, eta diru galerak 165 milioi eurokoak dira.

Txinara iragan igandean ekaitz tropikal gisa heldu zen Morakot tifoiak, berriz, zortzi lagun hil eta 10.000 etxe bota ditu, Gobernuak emaniko datu ofizialak aintzat hartuta. Gainera, uholdeek eragindako luiziek erreskate lanak asko zaildu dituzte.

Epidemien beldur

Taiwango eta Txinako herritarrek hondamendia gertatu den eremuetan desinfekzio lanetan hasteko eskatu diete agintariei. Bestela, egoera okertu dezaketen epidemiak hedatzeko arriskua dagoela diote. Kaltetutako askok salatu dute egun ugari jan eta edan gabe daramatela, eta salbamendu taldeek ez dietela laguntzarik eman.

Bestalde, Kyido informazio agentziak jakinarazi du Japoniako mendebaldeko kostaldea astindu duela Etau tifoiak eta dagoeneko hemezortzi hil direla eta beste bederatzi lagun desagerturik daudela. Hildakoetatik hamabost Japoniako hego-mendebaldeko Hyogo herrikoak ziren.

Sayo herrian, berriz, desagerturik dauden zortzi pertsona bilatzen ari da Polizia. Uholdeek sortutakour-lasterrek lagun ugari herrestatu eta desagerrarazi zituen. Herri hori hondamen eremutzat jo dezatela eskatu diote hango agintariek Gobernuari. Etau tifoia Ozeano Barera hurbiltzen ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.