Talka erabatekoa da, eta erabakiak sakoneko ondorioak eragin ditzake bi aldeen arteko harremanean. Erresuma Batuak Ipar Irlandarako Protokoloa aldatu nahi du, eta hala jakinarazi dio EB Europako Batasunari, testua erreformatzea beharrezkoa dela argudiatuta: «Ezin dugu orain arte bezala jarraitu», adierazi du David Frost brexit-erako negoziazioen buruzagiak. Hilabeteak dira Brusela eta Boris Johnson lehen ministroaren gobernua eztabaidan ari direla Irlandako itsasoko kontrolen inguruan, batez ere Erresuma Batuak horien graziazko epea luzatzeko erabakia bere kabuz hartu zuenetik; auziak, ordea, badirudi ez duela epe ertainera begira bientzako onargarria den konponbiderik, eta, testuinguru horretan, Londresek mehatxu egin dio EBri, bere proposamenak onartu ezean protokoloa beteko ez duela ohartarazita.
Brexit-a indarrean sartu eta horren inguruko akordioak adostuak zeuden arren, Irlandako mugako auzia gatazka iturri da oraindik ere Erresuma Batuko Gobernuaren eta talde komunitarioaren artean. Londresek negoziaturiko itunak, eta batez ere Ipar Irlandarako Protokoloak haserre handia eragin du Irlanda iparraldeko unionisten artean, eta, hilabeteek aurrera egin ahala, baita Johnsonen lantaldean eta Britainia Handian ere.
Frostek berak negoziatu zuen ituna Bruselarekin, baina orain dio ez dela ez «bidezkoa ezta jasangarria ere», eta, hortaz, horren edukia moldatzearen alde agertu da. Zehazki, Londresen kezka da ezin dituztela hozturiko haragi produktuak —hanburgesak eta saltxitxak, esaterako— Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatu, nahiz eta brexit-erako akordioa sinatzean Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi zuen ez zela arazorik ez kontrolik izango. «Egungo egoera ez da gogo betekoa izaten ari», argudiatu du brexit-erako negoziazioen buruzagiak.
Hori konpontze aldera, Frostek EBrekin ados jartzea lehenetsi du, baina, hori gertatu ezean, ohartarazi du aukera guztiak hartuko dituztela kontuan; tartean, Ipar Irlandarako Protokoloko 16. artikulua erabiltzea, nahiz eta epe laburrera begira ez duen ikusten horretarako beharrik.
Mekanismo horrek brexit-erako akordioaren parte batzuk bertan behera uzteko balio du, eta Londresek hainbatetan aipatu du hori erabiltzeko aukera, batez ere Brusela estu hartzeko. «Ondorioztatu dugu orain ez dela hori egiteko une egokia», argudiatu du Frostek.
Hala, Londresen estrategiaren parte da EBrekin negoziaturiko «geldialdi epe bat» indarrean sartzea, eta tarte horretan aurkeztuko lizkioke Bruselari bien arteko desadostasunak bideratzeko dituen proposamenak. Konfiantza litzateke horien oinarri: Britainia Handitik Ipar Irlandara doazen produktuak han geratuko direla ziurtatzea, eta, beraz, ez direla estatu kide batean sartuko; kasu honetan, Irlandako Errepublikan.
Hain justu, Johnson auzi horretaz aritu zen atzo Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroarekin, bilkura horretan adierazi baitzion Britainia Handian «fabrikaturiko ondasun guztiak kontrolik gabe» pasatu beharko liratekeela Ipar Irlandara. Dublinen erantzun publikoa gaur iritsi da: Londresi esan dio negoziaturiko eta adosturiko akordio bat dela brexit-arena, eta hori inplementatzea dagokiola.
Downing Streetek, berriz, Erresuma Batuko gobernuburuaren bilkurako adierazpen baten berri eman zuen: «EBk pragmatismoa erakutsi behar du. Irtenbideak aurkitzea beharrezkoa da protokoloak sortu dituen erronka zailei aurre egiteko». Gaurko agerraldian, Johnsonek adierazi du badirela «neurri praktikoak» egungo gatazkei aurre egiteko, baina Europako Batzordeak marra gorria jarri dio berehala, eta ezetz erantzun dio Ipar Irlandarako Protokoloa berriz negoziatzeko deiari; Maros Sefcovic presidenteordearen arabera, bada tokirik «sormenezko irtenbideak bilatzen jarraitzeko», betiere iaz adosturiko testua errespetatuta bada.
'Muga'-k non behar duen
Finean, Erresuma Batua duela urtebete sinatu zuen nazioarteko akordio bat aldatzeko eskatzen ari da, ez duelako lortu trilema irlandarra deiturikoari irtenbiderik aurkitzea: Erresuma Batua EBren merkatu bakarretik eta aduana batasunetik ateratzea, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean muga-rik ez egotea eta muga gogor bat eragoztea Irlandako irlan.
Hiru horiek batera betetzea ezinezkoa da, eta hasiera-hasieratik ohartarazi zioten horretaz Londresi; azkenean, Johnsonek erabaki zuen Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea kontrolak, eta hori izan da hilabeteotako gatazkaren iturri, batez ere etxe barruan izan duen presioagatik.
Ipar Irlandarako Protokoloa, besteak beste, eskualde horretako bakea bermatzeari begirako itun bat da, eremu horren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga orain arte bezala mantentzen baitu —irekia—, eta EBren merkatu bakarra, «babestua». Horretarako, Londresek eta Bruselak protokoloan adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta Ipar Irlandak EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan.
Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea, eta, hango unionisten iritziz, erabakiak Ostiral Santuko Akordioa urratu eta kolokan uzten du Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.
Protesta gisara, UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak, UDA Ulsterren Aldeko Elkarteak eta Esku Gorria Komandoak biltzen dituen LCC Komunitate Loialistak Batzordeak Londresi jakinarazi zion bake itunari babesa emateri uko egin diotela «behin-behinean», era «baketsu eta demokratikoan». Itunak 23 urte bete ditu aurten, eta, unionisten iritziz, Ipar Irlandarako Protokoloak horren «oinarrizko bermeak urratzen» ditu.
Alderdi unionistek ere auzitara eraman zuten protokoloa, baina Ipar Irlandako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen akordioa legezkoa dela. Hala, DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren buruzagi eta Erresuma Batuko Komunen Ganberako diputatu Jeffrey Donaldsonek adierazi du Londresen proposamenak «ongi etorriak eta adierazgarriak» direla, eta «lehen pauso garrantzitsu bat» direla auzia konpontze aldera; halere, Johnsoni ohartarazi dio «bermeak» beharrezkoak izango direla Bruselarekin izango lituzketen negoziazioak «luzatuak» izan ez daitezen: «Arrakastatsuak ez badira izaten, [Erresuma Batuko] gobernuak 16. artikulua erabili beharko du».