Londresen abokatuaren arabera, ezin da «galdeketaren ideiaz» ebatzi

Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariak Auzitegi Gorenean argudiatu du Westminsterren baimena beharrezkoa dela Eskozian independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko

James Eadie Erresuma Batuko Gobernuaren abokatua, atzo, Gorenean. BERRIA.
ander perez zala
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuaren abokatuak estrategia erabat desberdina erabili du Eskoziako Parlamentuak independentzia erreferendum batez legeak onartzeko eskumenik ba ote duen argitzeari buruzko ahozko saioan. James Eadiek atzo helarazi zuen sentsazioa zera izan baitzen: konfiantza handia dutela defendatzen duten jarreran, Eadiek denbora gehiago pasatu baitzuen Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak kasua bertan behera utzi behar duela adierazten, galdeketari buruzko lege proiektua legez kanpokoa dela defendatzen baino. Edinburgok aurkezturiko testu hori «ideia bat» dela argudiatuta —Eskoziako Parlamentuak oraindik ez duelako onartu—, abokatuak uste du epaileek ez dutela horretaz epairik eman behar.

Gorenak atzo amaitu zuen afera horri buruzko ahozko saioa, eta, auzitegiko presidente Robert John Reedek herenegun azaldu zuen modura, «zenbait hilabete» beharko dituzte erabaki bat hartzeko. Hortaz, beranduenez datorren urte hasierarako espero da epaia; Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak esandakoaren arabera, asmoa da 2023ko urriaren 19an egitea bigarren independentzia galdeketa, betiere Gorenaren baimena baldin badute.

Eskoziako Gobernuaren abokatuak herenegun defendatu zuen erreferendumera deitzea Eskoziako Parlamentuaren eskumenen artean dagoela, balizko galdeketa kontsulta modukoa litzatekeenez, baiezkoaren garaipenak ez lukeelako «ondorio legalik» eragingo Erresuma Batuaren batasunean. Londresen ordezkariak ez zuen bat egin argudio horrekin, atzo erantzun baitzuen «argi» dagoela erreferendum hori ez litzatekeela «inkesta soil bat» izango.

Are, Eskoziaren independentzia Erresuma Batuaren etorkizunarentzako «une kritiko bat» izango litzatekeela argudiatuta, eta herrialde osoari eragingo liokeen gertakari bat litzatekeela azalduta, Eadiek defendatu zuen Westminsterren baimena beharrezkoa dela Eskozian beste independentzia galdeketa batera deitzeko. «[Ingalaterraren eta Eskoziaren arteko] Batasuna Britainiako Estatu modernoaren oinarri konstituzionala da».

Erresuma Batuan, herrialdearen batasuna erreserbaturiko auzietako bat da, defentsa eta merkataritza bezala, esaterako; hau da, soilik Erresuma Batuko Parlamentuaren esku dauden eskumenak eta aferak dira. Eadiren arabera, independentzia galdeketa bat batasunari buruzkoa denez, Eskoziako Parlamentuak ez du eskumenik horretaz erabakitzeko.

2024ko hauteskundeak

Gorenak Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariaren jarrerarekin bat egingo balu, Sturgeonek esana du Komunen Ganberarako hauteskundeak —printzipioz, 2024 amaieran egitekoak dira—«de facto erreferendum bat» izango direla Eskozian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.