«Londresentzat suizidio politikoa litzateke gure hitza ez errespetatzea»

Eskozian agintea lortu zuenetik, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren egitasmo nagusia independentzia erreferenduma egitea izan da. Sostengu faltak, baina, ahalegina atzeratu du.

Bilbo
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Hiru urte dira 2007an SNP Eskoziako Alderdi NazionalakEskoziako gobernua eskuratu zuenetik. Hasieratik, alderdi abertzaleak independentzia erreferenduma egiteko lege egitasmoa iragarri zuen. Alabaina, parlamentuan sostengu nahikorik ez, eta egitasmoa 2011ko lurralde hauteskundeen ondorenerako uztea erabaki dute.

Anne McLaughlin (Greenock, Eskozia, 1966) SNPko parlamentari izendatu zuten Glasgow barrutitik. McLaughlin Euskal Herrian izan da egunotan Aralarren Ezkerraberri Fundazioak gonbidatuta.

Hamaika urte igaro dira Eskoziak autonomia eskuratu zuenetik. Zein izan zen hori lortzeko bidea?

Berez mendeak behar izan genituen autogobernua berreskuratzeko. Azkenik, 1979an egon zen erreferendum bat erabakitzeko Eskoziak berezko parlamentua izango ote zuen. Hautesleen gehiengoak -%52ak- baiezko bozka eman zuen, baina gobernu britainiarrak iruzurra egin zuen: Londresek zehaztu zuen erroldatutako hautesleen %40ak eman behar zuela baiezko boza. Parte-hartzea %64koa izan arren, ez zen ezarritako mugara heldu, eta ondorioz, bertan behera geratu zen lege proposamena. Alderdi laboristak, hala ere, ziurtatu zuen Batasuneko gobernua berreskuratzean erreferendum berri bat antolatuko zuela, eta hori 1997an gertatu zen. Harako hartan, hautesleen %74 autonomiaren alde agertu zen, eta bi urteren buruan Edinburgoko legebiltzarra osatzeko lehenengo hauteskundeak egin ziren.

Londresek devolution -itzultze- prozesuari oniritzia eman zion, Alderdi Laboristak eta Liberal Demokratek pentsatzen baitzuten autonomia emanez independentziarako gogoak baretuko zituztela. Baina oker zeuden.

Zer lortu da urte hauetan autonomiari esker?

Alde batetik, lorpen orokorrak daude: eskoziarrek orain harreman estuagoa nabari dute instituzioekin. Ikerketak bat datoz esatean herritarrek orain hobeto ezagutzen dutela lurraldearen gaurkotasuna. Geografikoki hurbilago dago Edinburgo Londres baino, eta jendeak nabari du erakunde hau irekiagoa eta irisgarriagoa dela.

Gero, badira lege ekimen zehatzagoak. Esate baterako, uste dut Europan lehenengo herrialdeetako bat izan ginela leku publikoetan erretzeko debekua ezartzen, eta klima aldaketaren aurkako neurrietan ere aitzindariak gara.

Orain hiru urte SNP botorik gehien jasotako zerrenda izan zen. Nola lortu duzue hori?

Esango nuke eskoziarrak Alderdi Laboristarekin asperturik zeudela. Baina SNPn ere, gure ideiak adierazteko estiloa aldatu genuen. Horren ezkorra eta defentsarako jarrera izan ordez, baikorrago bihurtu ginen. Mezu baikorrak zabaltzen hasi ginen, gutxiago kritikatuz gainerako alderdiak eta gehiago aipatuz zer lortzeko gai izan gintezkeen bai alderdi moduan eta bai nazio moduan. Behin gobernura iritsita,gobernuaren kutsua erabat aldatu zen baikortasunaren irizpidetik. Funtzionarioek, herritarrek eta herrialdeko eliteak berak baieztatu digute, gure hautesleak ez izandakoek barne: aurreko gobernuekin ez bezala, eskertzen dute gure irekitasuna arazoetaz hitz egin ahal izateko.

Alderdi nagusien sostengurik ez izatean atzeratu egin duzue independentziarako erreferenduma.

Hala da, bai: gure asmoa da 2011n egingo diren hauteskundeetan nahiko aldearekin irabaztea, gainerako alderdiekiko menpetasunik ez izateko. Salmond ministroak proposatutako kontsultan nabarmen geratu da Alderdi Laboristaren hipokresia: Laboristak independentzia erreferendum baten alde agertzen dira Galesen edo Ingalaterran, eta hemen, aldiz, ez.

Onartuko luke Erresuma Batuak balizko erreferendum batean eskoziar gehienek independentzia hautatuko balute?

Erresuma Batuak hori onartu beharko luke, ez dago besterik. Argi dago Londrestik alderdi unionistek haien esku legokeen guztia egingo luketela prentsa britainiarrarekin batera baiezkoa eragozteko. Baina erreferenduma irabaziko bagenu ezingo zuten legez ezer egin. Erresuma Batuarentzako suizidio politikoa izango litzateke eskoziarrek erabakitzeko dutena ez errespetatzea, nazioartean, besteak beste.

Gero eta muga gutxiagokoEuropan zer zentzu dauka muga berriak eraikitzeak?

Kontua ez da muga berriak eraikitzea, Europan maila bereko bazkideak izatea baizik. Ziur nago behin independentzia lortuta Ingalaterra gure bazkide preferenteetakoa izango litzatekeela. Momentu hauetan, baina, oso zaila da lagun onenak izatea haiek kontrolatzen dutenean gure herrialdean gertatzen dena. Zaila da ikustea Eskozian lau haurretatik bat pobrezian bizi dela, eta ez daukagula baliabide ekonomikorik egoera horri erantzuna emateko, eta, are gehiago, beste herrialde horrek ez duela egoera konpontzeko ezer egiten. Herrialde bat ezin da loratu sozialki, ekonomikoki, kulturalki, eta politikoki beste herrialde bat duenean esaten zer egin behar duen. Esate baterako: Europan Eskoziak ez du betorik, Erresuma Batuak baizik. Ezin izan genuen ezer egin gure arrantza industriari horrenbeste kalte egin zion Europako legedia aldatzeko, Erresuma Batuko gobernuarentzat gaia ez baitzen horren garrantzitsua.

Erresuma Batuak Ipar Irlandan izandako esperientziak izan al du eraginik Eskoziarekin duen jarreran?

Ezinezkoa da bi kasuen arteko paralelismorik egitea, egoera guztiz ezberdinak baitira, historia eta osagai ezberdinak dituztelako. Inoiz ez da uste izan Eskoziak Batasunarekiko lotura hautsiko zuenik... Gure ustez, zorte handia izan dugu, ez baitugu militarismoarekin aritu behar izan. SNPk zabaldu nahi duen baikortasun mezua bide baketsuekin bat joan da beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.