Danimarkako Justiziak libre utzi du gaur arratsaldean Juan Lopez Uralde euskal herritar eta Espainiako Greenpeace erakunde ekologistako zuzendaria, baita haren hiru kide presoak ere, denak ere karguekin. 30 bat lagun zituzten zain Kopenhageko espetxe atarian, 18:30ak aldera. Lopez Uraldek-eta ez dute hedabideen aurrean adierazpenik egin nahi izan. Euskal herritarrak telefonoz emazteari deitu dio, aske zela jakinarazteko.
Laurak bihar ziren pasatzekoak epailearen aurretik eta, nahiz azkenean hitzordua bihar ez den izango, auziak aurrera jarraitzen du eta epaileak noiz deituko daude.
Nora Christiansen eta Christian Schmutz Greenpeaceko kideekin batera atxilotu zuten Lopez Uralde, abenduaren 17an, Kopenhageko klima aldaketari buruzko biltzarreko afarian "modu ilegalean" sartu izana egotzita. Joris Thijssen bi egun beranduago atxilotu zuten, eta laurak atxiloaldi inkomunikatuan izan zituzten atzora arte.
Lopez Uralde-eta pankarta batekin sartu ziren aretoan, biltzarraren "porrota" politikariei leporatuz. Hain zuzen, munduko ehunen bat estatu eta gobernuburu afaltzen ari ziren gelaraino sartu ziren, segurtasun neurriak gaindituta. Besteak beste, Danimarkako Gobernuko eta errege familiako kideak, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa, Lula da Silva Brasilgo presidentea, Hugo Chavez Venezuelakoa, Nicolas Sarkozy Frantziakoa eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa zeuden afaltzen.
Euskal herritarrak atzo jaso zuen lehen bisita kartzelan. Segurtasun neurri gogorrekin, atxiloketa eta kartzelatzea eragin zuten gaiez hitz egiteko debekuarekin, itzultzailearekin eta honek eragindako etenekin...; halakoa izan zen unea, Greenpeaceko iturrien arabera. Koro Castellano emazteak eta Iñigo anaiak egin zioten bisita.
inguruMENA
Lopez Uralde libre utzi dute arratsaldean, baina auziak aurrera jarraitzen du
Greenpeaceko burua abenduaren 17an atxilotu zuten Kopenhagen, klima aldaketari buruzko biltzarrean. Atxiloaldi inkomunikatuan izan zuten atzora arte, beste hiru kiderekin batera. Laurak karguekin utzi dituzte aske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu