Deskolonizazio prozesuko azken erreferendumerako bost hilabete falta direla, Kaledonia Berriak beste mugarri bat jarri du, lehen presidente independentista aukeratu baitu. UNI Independentziarako Batasun Nazionaleko Louis Mapouk hartu du kargua, otsailetik honako haren koalizioaren eta UC Kaledoniar Batasuna alderdiaren arteko negoziazioek arrakasta izan ostean.
Mapou ibilbide luzeko militante eta politikari ezkertiarra da, eta, egun, Palika alderdiaren eta independentistak biltzen dituen FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka koalizioaren bulego politikoko kidea ere bada; beti defendatu izan du Frantziatik ateratzearen aldekoen arteko batasuna eta adostasunetara heltzeko beharra eta, hortaz, espero da ideia horietan oinarrituko dela haren agintaldiak iraun bitartean.
Kaledonia Berriko gobernuburua aukeratzeko bozketaren ostean, Ozeaniako uhartediko presidentea pozik agertu da bere kargu berriaz aritzean, eta adierazi du «ohore bat eta ardura pisutsu bat» izan dela postu hori jasotzea: «Azken 30 urteetako unerik zailenera iristear gara. Nire gobernua gertutasunaren gobernua izango da».
Praktikan, Mapou ez da izango lehen gobernuburu kanak eta independentista: Jean-Marie Tjibaou buruzagi historikoa Kaledonia Berriko presidenteorde izan zen 1982tik 1984ra, baina gobernuburu lana egin zuen, garai hartan Frantziako Gobernuaren ordezkariak baitzuen presidente kargua. Hortaz, gaurko berritasuna izan da independentistek kargurik garrantzitsuena, presidente postua, lehen aldiz izango dutela.
Kargu hartze historiko horrez gain, 1998an Noumeako Akordioa sinatuz geroztik lehen aldiz, gehiengo independentistako gobernu bat ere izango dute Kaledonia Berrian, koalizioko 11 kideetatik sei baitira Frantziatik banantzearen aldekoak: UCko eta UNIko hiruna ministro.
Iragan otsailean egindako bozketan, ezustekoa azken horrek izan zuen, espero baino bi boto gehiago jaso baitzituen, eta, beraz, beste ordezkari bat lortu baitzuen gobernuan, EO Ozeaniako Esnaldiaren kalterako; Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak zerrenda bateratua aurkeztu zuen UCrekin, baina jokaldia gaizki atera zitzaion, eta ez du alderdikiderik izango gobernu berrian.
Berez, UCk eta EOk aurkezturiko zerrendaburu Samuel Hnepeune zen Kaledonia Berriko presidente bilakatzeko faboritoa, baina bozketan izandako ezusteko horrek planak aldatu, eta hilabeteotako alderdi independentisten arteko desadostasunak eragin zituen.
Hnepeune lehen aldiz sartu da politikan, baina haren ibilbideak gutxi iraungo du, jakinarazi baitu datozen egunetan dimisioa emango duela, eta enpresa mundura itzuliko dela. UNIkoentzat, haren profila izan da negoziazioetako arazoa, Palika alderdiko eledun Charles Washetinek iragan martxoan azaldu zuenez: «Hnepeunerekin, alfonbra gorria jartzen diogu patronalari. [...] Ikuspegi historiko eta ideologiko batetik begiratuta, guretzat ezinezkoa da [haren alde bozkatzea]».
Gaurko bozketaren aurretik, eta Mapouk arrakasta izango zuela jakitun zegoela, EOk erabaki zuen UCrekin osatzen duen Kongresuko talde parlamentario bateratutik ateratzea, «indar orekak errespetatze» aldera. Hortaz, horrek iradokitzen du uhartediko parlamentuko presidentea aukeratzeko bozketan hautagai loialistaren alde egin dezakeela, orain arteko joerari eutsita: egoeraren arabera, alde bat edo bestea babestea.
Egun, Kaledonia Berriko Kongresuko presidentea Roch Wamytan independentista da, eta jada adierazia du berriz aurkeztuko dela kargu horretarako. Hori bai, Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen alderdiak hil honetan azaldu du prest legokeela independentista baten alde egiteko, betiere hautagaia adostua baldin bada. Bozketa hilabete amaieran izango den arren, oraindik zehazteke dago eguna.
Azken erreferenduma, abenduaren 12an
Kaledonia Berriko independentistak agintean daudela egingo dute deskolonizazio prozesuko azken eta hirugarren erreferenduma, abenduaren 12an. Aurreko bietan ezezkoak irabazi zuen, iaz eta 2018an egindakoetan.
Ozeaniako uharte multzoko independentistez eta loialistez osaturiko ordezkaritza bat Parisen izan zen iragan hilabetean, Frantziako Gobernuarekin hirugarren erreferendumaz negoziatzeko; besteak beste, Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroarekin, Jean Castex lehen ministroarekin eta Emmanuel Macron presidentearekin batzartu ziren, baiezkoaren garaipenaren eta ezezkoarenaren ondorioak argitze aldera.
Bilkura sorta horretan ere argitu behar zuten hirugarren galdeketaren data, eta, adostasunik egon ez zen arren, Parisek alde bakarrez erabaki zuen abenduaren 12ko data finkatzea. Horrez gain, jakinarazi zuen egun horren ostean Kaledonia Berria bi urteko trantsizio epean sartuko dela, 2023ko ekainaren 30era arte; galdeketaren emaitza edozein dela ere, bere estatus berria argitzeko.
Erreferendumaren data, zalantzarik gabe, datorren urteko apirilean egitekoak diren Frantziako presidentetzarako bozen arabera aukeratu dute; izan ere, independentistek ahalik eta beranduenerako nahi zuten, hau da, datorren urteko urrirako, eta loialistek eta Frantziako Estatuak, ordea, aurten egin nahi zuten.