Ukrainako armadak eta miliziano errusiazaleek borrokan jarraitzen dute Ukraina ekialdean. Errusiazaleen arabera, atzo 30 miliziano hil zituzten Kieven soldaduek Alexandrovkan. Hiri hori Ukraina eta Errusiaren arteko mugan dago, eta handik Luhansken aurkako erasoak egiten ari direla salatu dute miliziano errusiazaleek.
Diotenez, Donetsk inguruaren aurka ere erasoak egiten ari da armada, eta Izvarinonen borrokak daude. Armadak azken hiri horretako kontrol gunea berreskuratu zuen joan den astean.
Borrokak direla eta, 30.400 ukrainarrek eskatu diote formalki Errusiari aldi baterako har ditzala. Konstantin Romodanovski migrazio zerbitzuko buruak gaineratu du Errusiara joandako 1.300 ukrainarrek eskatu dutela haien egonaldia luzatzea. "Orain arte, bisarik gabe baimendutako egonaldia 90 egunekoa zen. 180 egun baimentzeko prest gaude".