Hiru aldeko bilkura abian da, baina Errusiak ez du atzera egiteko asmorik

AEBetako, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak 2022tik lehen aldiz batzartu dira, Abu Dhabin. Lurralde eskakizunei eusten diela jakinarazi dio Moskuk Trumpen ordezkaritzari.

Ukrainako armadako soldadu bat Zaporizhia eskualdeko lubaki batean, asteon. EFE
Ukrainako armadako soldadu bat Zaporizhia eskualdeko lubaki batean, asteon. EFE
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko urtarrilaren 23a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lau urte beteko dira hilabete barru; soldaduek lubakietan jarraitzen dute, eta gatazkaren konponbidea ere modu berean dago: ez atzera, ez aurrera. Abu Dhabin elkartuta daude AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak, baina aldez aurretik Errusiak ohartarazi du eutsi egiten diela lurralde eskakizunei. Eta lurraldetasunaren auzi hori ari da izaten oztopo nagusia Kieven eta Moskuren artean adostasun bat lortzeko. Halere, hiru herrialdeetako ordezkaritzek batzartuta jarraituko dute asteburuan zehar.

2022ko otsailean inbasioa hasi zenetik lehen aldiz bildu dira Mosku, Kiev eta Washington. Arratsaldean hasi dute bilkura erronda hori, ateak itxita. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo aurreratu zuen asteburuan zehar batzartzekoak zirela hiru herrialdeetako ordezkariak, eta hala baieztatu du gaur goizaldean Kremlinek, Vladimir Putin Errusiako presidentea Steve Witkoff eta Jared Kushner AEBetako ordezkariekin Moskun bilduta egon ostean. Bilera horretan adierazi du Moskuk ez duela atzera egingo lurralde eskakizunei dagokienez.

Yuri Uxakov Kremlinen aholkulariak Moskuko bilkuraren ostean esan duenez, elkarrizketa «baliagarria» izan da, eta aurreratu du Abu Dhabin «segurtasun kontuak» izango dituztela hizpide. «Onartu beharra dago AEBek lan handia egin dutela bilera hau egin dadin, eta elkarrizketa arrakastatsua izango dela uste dute», gaineratu du. Hala ere, Moskuk Trumpen ordezkari bereziari ohartarazi dio inbaditutako herrialdean dituen lurralde eskakizunei eusten diela. Ez dute bilkura horretan hitz egindakoen inguruko xehetasun gehiago eman, ezta hiru estatuen arteko bileraz ere.

Jakina den gauza bakarra zera da, Errusiako, AEBetako eta Ukrainako presidenteak ez direla Arabiar Emirerri Batuetara joan. AEBetako ordezkariak Witkoff eta Kushner dira, orain arte bezala. Errusiako ordezkaritza militarrek osatzen dute, eta Igor Kostiukov izango dute buru, Errusiako inteligentzia militarreko agentziako zuzendaria. Eta Ukrainako ordezkariak hauek dira: Rustem Umerov Segurtasun Kontseiluko idazkaria, Kirilo Budanov presidentearen kabineteko burua, Sergui Kislitsia haren ondokoa, David Arakhamia Zelenskiren alderdiko buruzagia eta Andrii Gnatov Estatuko Indar Armatuen burua. Europa mahai horretatik kanpo utzi dute, gerra kontinente horretan gauzatzen ari bada ere.

Horregatik, Europako hainbat herrialdek kezka agertu dute, besteak beste, Alemaniak. Kremlinek bere «asmo maximalistak» alboratuko ote dituen zalantzan jarri du Alemaniako Gobernuko bozeramaile Steffen Meyerrek. Eta gaineratu du akordio batek ez lukeela onurarik ekarriko bermatzen ez bada Errusiak etorkizunean ez duela beste erasorik egingo.

Financial Times egunkariak aurreratu duenez, Washingtonek eta Kievek «su eten mugatua» proposatuko dute goi bilera horretan. Egunkari horren arabera, Errusiak gelditu egin beharko lituzke Ukrainako azpiegitura energetikoaren aurkako bonbardaketak. Ukrainak, berriz, Errusiako petrolio findegien eta petroliontzien aurkako erasoak egiteari utzi beharko lioke.

erasoaldiek ez dute etenik

Ukrenergo Ukrainako elektrizitate enpresa nazionalak ohar baten bidez jakinarazi du elektrizitate mozketak jasan dituela gaur ere, hainbat eskualdetan, Errusiak distantzia luzeko droneekin egindako beste eraso baten ondorioz. Ukrainako Aire armadak jakinarazi duenez, Errusiak ehun drone inguru jaurti ditu, eta hogei inguruk jo dute lurra.

 

Negu betean dira Ukrainan, eta herritarrek ezin diote hotzari nahi bezala aurre egin, Errusiak aste hasieran egindako erasoek kalte handiak eragin baitituzte herrialdean. Milioi bat herritar baino gehiago daude argindarrik, urik eta berogailurik gabe. Kieven, adibidez, 2.000 eraikin ingurutan ezin izan dute berogailua berriz piztu, hiriko alkate Vitali Klitxkok adierazi duenez. Gainera, krisi energetikoak okerrera egin dezakeela ohartarazi du, eta herritarrei eskatu die hiriburutik beste nonbaitera alde egiteko, «egun batzuetarako» bada ere.

 Hori dela eta, Europako Batzordeak jakinarazi du 447 larrialdi sorgailu eman dizkiola Ukrainari.

 

Azken hilabeteetan, Donald Trump AEBetako presidentearen ordezkariak Zelenskirekin eta Putinekin bildu dira, eta presioa egin diete gerra amaitu dezaten. Azken egunetan, urteroko hitzordua egin du Munduko Ekonomia Foroak Davosen, eta, han, Trumpek argi esan zuen bi herrialdeek kontzesiorik egiten ez badute eta bake plana onartzen ez badute «inozoak» izango direla.

Zelenskik atzo Davosen adierazi zuen oztopo nagusia lurraldetasunaren gaia dela, oraindik «argitu gabe» dagoelako. Kievek eta Washingtonek Ukrainako gatazka konpondu asmotan adostutako hogei puntuko zirriborroan jasotzen da Ukrainak tropak aterako dituela Donetsken kontrolpean duen eremutik —%20 inguru—.

Donbass eremuko beste eskualdea, Luhansk, osorik dauka kontrolpean Errusiako armadak, eta Putinek esana du ez diola uko egingo Ukraina ekialdeko Donetsk eskualdeari, Donbass eremua osorik kontrolatu nahi baitu. Horregatik, Ukrainari eskatu izan dio entregatu dezala orain bere esku daukan Donetskeko eremu hori. Eta gaur berretsi egin du ez duela auzi horretan atzera egiteko asmorik, eta lurralde eskakizunei eusten diela.

Ukrainako presidenteak atzo Davosen adierazi zuenez, Abu Dhabin gaur hasitako hiru aldeko bileran alde bakoitzak bere proposamenak aurkeztuko dizkio besteari. «Lurraldetasunaren inguruan ari gara denok; kontu horixe da zailena, eta konpondu gabe dago oraindik», nabarmendu zuen.

Segurtasun bermeak

Ukrainako presidentea Trumpekin bildu zen Davosen, hitzaldia eman aurretik. Ez zuten hitz egindakoaren inguruko xehetasunik eman, baina elkarrizketa «oparoa» izan zela azpimarratu zuten biek ala biek. Horrez gain, Zelenskik hitzaldian nabarmendu zuen aurrez ere behin eta berriz esandakoa: gerra amaitzekotan Ukrainak «segurtasun berme sendoak» behar dituela. Horren harira, jakinarazi zuen AEBek Ukrainarako segurtasun bermeen gainean egindako dokumentua «amaituta» dagoela. Hala ere, argitu zuen presidenteek agiria sinatu behar dutela oraindik, eta bi herrialdeetako parlamentuetatik igaro beharko duela ondoren.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.