Lurrikara bortitza izan da Errusian, eta tsunami alertak aktibatu dituzte Ozeano Bareko zenbait herrialdek

Errusiako Zientzien Akademien arabera, 1952tik Kamtxatka penintsulan izan den lurrikararik handiena izan da. Alerta maila jaitsi egin da Japonian eta Hawaiin, baina olatu bortitzak espero dira Kalifornian eta Polinesia Frantsesean.

Tsunami arriskuaren abisua pantaila batean, gaur, Japonian. FRANCK ROBICHON / EFE
Tsunami arriskuaren abisua pantaila batean, gaur, Japonian. FRANCK ROBICHON / EFE
Leire Salaberria Zubiri - Iraia Leon Pego - Maddi Iztueta Olano
2025eko uztailaren 30a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Richter eskalako 8,8 graduko lurrikara bat izan da Errusia ekialdeko Kamtxatka penintsulan, eta tsunami arriskuagatik alertak piztu dituzte Ozeano Bareko zenbait herrialdetan; tartean, Errusian, Japonian, Hawaiin eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Horietan ez ezik, Taiwanen, Txinan, Filipinetan eta Indonesian piztu dute alerta, baita Kanadan, Mexikon, Costa Rican, Perun, Ekuadorren, Txilen, Guatemalan, El Salvadorren, Kolonbian eta Nikaraguan ere. Zeelanda Berrira eta Salomon Uharteetara ere iritsiko dela espero da.

Errusiako Zientzien Akademiaren arabera, 1952tik eskualdean izan den lurrikararik bortitzena izan da. Beste aditu batzuek azaldu dutenez, munduan erregistratutako hamar lurrikara handienetako bat izan da; zehazki, handienetan zortzigarrena. John Townend adituaren hitzak aipatuz, SMC Hedabide Zientifikoetarako Zentroak jakinarazi du gaurko lurrikarak aurrekari bat izan zuela hilaren 20an: egun hartan 7,4 graduko lurrikara bat izan zen eremu berean. Gainera, adituek ohartarazi dutenez, litekeena da inguru horretan lurrikara gehiago gertatzea datozen egunetan, bai lurrikara nagusiaren zuzeneko erreplika gisa, bai jarduera sismiko horri lotutako mugimendu gisa. Errusiako adituek 5-6 graduko hamalau erreplika erregistratu dituzte dagoeneko Kamtxatkako hiriburuaren inguruan.

 

Epizentroa Petropavlovsk-Kamtxatski hiritik 126 kilometro hego-ekialdera kokatu dute, itsas gainetik 19,3 kilometroko sakoneran. Lurrikara hango 11:25 aldera izan da —Euskal Herrian goizaldeko 01:25 zirela—, eta zaurituak eragin ditu. Errusian tsunami arriskuen eremuan bizi diren 300 pertsona lekualdatu dituzte. Bestalde, eskualdeko gobernadoreak iragarri du aste bat pasatu arte ezin izango dela kalte orokorren ebaluazioa egin. 

Lurrikarak, gainera, Kamtxatka eskualdeko Klyuchevskoy sumendian erupzioa eragin du, baita Errusia hegoaldeko kosta eremuetan —eta Ozeano Bareko gainerako herrialdetan— tsunami arriskua piztea ere. Errusiako adituek ohartarazi dutenez, hiru metroko olatuak espero dituzte hurrengo egunetan. 

Tsunamiak Ozeano Barean nola eragingo duen adierazten duen mapa. NOAA / EFE
Tsunamiak Ozeano Barean nola eragingo duen adierazten duen mapa. NOAA / EFE

Hawaiira goizaldean iritsi dira tsunamiaren lehen olatu bortitzak, AEBetako Tsunami Larrialdi Zerbitzuak jakinarazi duenez. 1,5 metro pasako olatuak ikusi dituzte artxipelagoko kostaldeetako zenbait eremutan, eta itsas maila 1,8 metro hazi da gutxienez. Larrialdi zerbitzu horrek eskatu du premiazko neurriak har daitezela biztanleak eta ondasunak babesteko. Babeslekuak prestatu dituzte, baina, ur eta janari gutxi zutenez, ahal dutena eramateko eskatu diete hara joango direnei. Hala ere, Ozeano Bareko Tsunamien Alerta Zentroak adierazi du ez dela espero orain arte iritsi direnak baino olatu handiagorik; eta, beraz, irletako tsunami alertaren maila jaitsi dute, eta ebakuazio agindua bertan behera utzi.

Japonian, lurrikara ia ez da nabaritu, baina ebakuazio lanetan ibili dira goizean goiz, tsunami arriskuagatik. Gobernuak lekualdatzeko eskatu dio kostaldean eta ibaien inguruan bizi den jendeari, eta gune altuagoetara joateko. «Abisua indargabetu arte, ez dira leku seguruak», adierazi dute herrialdeko agintariek. Fukushimako Daiichi zentral nuklearra hustu dute, nahiz eta hango agintariek adierazi duten ez dutela «arrisku larririk edo kalterik» nozitu. Larrialdi zerbitzuek azaldu dute goizean bi milioi biztanlek leku seguruetara joan beharko zutela. Dena dela, herrialdean tsunami arriskua apaldu dela argudiatuta, Japoniak ere goizaldean ezarritako alerta maila jaitsi du lurraldearen gehiengoan —iparraldean alerta gorriari eutsi diote—.

Japonia iparraldean 30-40 zentimetroko olatuak izan dira, baina momentuz ez dute kalte handirik eragin. Tsunami olatu horiek ohi baino indartsuagoak dira, eta, adituen arabera, 50 zentimetroko olatu bat nahikoa da 200 kiloko objektu bat eramateko, ez baita horren garrantzitsua zenbateko garaiera duten, baizik eta ur masak zenbateko indarra hartzen duen.

Arriskua beste lurraldetara bidean

Lurrikara izan eta ordu gutxira, tsunami alerta Ozeano Bareko herrialde gehienetara zabaldu da. Bereziki Hawaiik eta Japoniak hartu dute esku egoeran, eta lehenetarikoak izan dira neurriak abian jartzen. Hala ere, bi eremu horietan arriskua murriztu dela adierazi dute adituek. Orduak igaro ahala, tsunami alerta beste hainbat lurraldetan piztu da, hala nola Kalifornian eta Polinesia Frantsesean. 

Polinesia Frantsesean, hain justu, lau metroko olatuak espero dira. Tsunami alerta ezarri dute Markesa uharteetan, eta tokiko agintariek ohartarazi dute litekeena dela 1,1 eta 2,2 metro arteko olatuak altxatzea datozen orduetan. Inguruko biztanleei eraikin garaietan edo babeslekuetan gordetzeko eskatu diete bertako agintariek. Gainontzeko Polinesia Frantsesa ebakuatzea ez da beharrezkotzat jo, baina kostaldera, hondartzara eta ibaien bokaleetara ez joateko eskatu zaie herritarrei.

Bestalde, alertari eutsi diote Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan, Panamako Unibertsitateko Geozientzien Institutuak azaldu duenez, «30 zentimetro eta metro bateko arteko olatuak» etor daitezkeelako. Esate baterako, gaur arratsaldean, Peruk 65 portu itxi ditu, eta Txilek prebentziozko ebakuazioa hasi du Pazko uhartean —kostatik 3.700 kilometrora dago uhartea—.

EB Europako Batasuna adi dago lurrikararen bilakaerari eta Ozeano Barean gertatu daitekeen tsunamiari, Krisialdien Kudeaketarako eta Berdintasunerako komisarioak bere sare sozialetan gaur adierazi duenez. Esan du EB prest dagoela laguntza mobilizatzeko beharrezkoa izanez gero.

AZKEN MENDEKO LURRIKARARIK HANDIENAK

Errusiako Kamtxatka eskualdekoa inoiz izan diren hamar lurrikara handienetan zortzigarrena izan da, eta mende honetan izan diren handienetan hirugarrena. Halere, azken 25 urteotan izan dira kalte handiak eragin dituzten beste lurrikara batzuk ere:

  • Sumatra, Indonesia (2004). Indonesiako irlarik handienean, Sumatran, gertatu zen inoizko lurrikararik handiena, baita kalterik handienak eragin dituena ere. 2004ko abenduaren 26an jazo zen, eta Richter eskalako 9,1 gradukoa izan zen; 170.000 pertsona inguru hil ziren lurrikara horren ondorioz.
  • Tokio, Japonia (2011). Richter eskalako 9,0 graduko lurrikara batek Japonia jo zuen 2011ko martxoaren 11n. Datu ofizialen arabera, 15.406 lagun baino gehiago hil ziren, 8.000tik gora desagertu eta ehunka mila herritar zauritu.
  • Kamtxatka, Errusia (2025). Gaur goizaldean Richter eskalako 8,8 graduko lurrikara bat izan da Errusia ekialdeko Kamtxatka penintsulan. Hango agintari ofizialen arabera, gutxienez aste bat beharko dute kalte guztiak aztertzeko; dena den, lurrikararen ondorioz alertak piztu dituzte Ozeano Bareko hainbat herrialdetan, tsunami arriskuagatik.
  • Concepcion, Txile (2010). Txile hegoaldeko Concepcion hirian izan zuen epizentroa, 2010eko otsailaren 26an, eta Richter eskalako 8,8 gradukoa izan zen. Kalte materialak handiak izan ziren, eta 700 pertsona baino gehiago hil ziren.
  • Sumatra, Indonesia (2005). Inoiz izan den lurrikararik bortitzena jazo eta hilabete batzuetara, Richter eskalako 8,7 graduko lurrikara bat izan zen Indonesiako Sumatra uhartean, 2005eko martxoaren 28an. Datu ofizialen arabera, 1.300 lagun baino gehiago hil ziren.
  • Sichuan, Txina (2008). Txinako Sichuan probintzian Richter eskalako 7,9 graduko lurrikara bat izan zen 2008ko maiatzaren 12an; ondorioz, 70.000 pertsona inguru hil ziren, eta kalte material handiak izan ziren.
  • Gaziantep, Kurdistan (2023). Richter eskalako 7,8 graduko lurrikara batek Kurdistango Gaziantep (Antep) hirian izan zuen epizentroa 2023ko otsailaren 6an. Horren ondorioz, 21.300 pertsonatik gora hil ziren Kurdistanen, Turkia hegoaldean eta Siria iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.