Valeri Ghazaryan-i Lyoka esaten diote musikaren munduan, eta musikaria eta rap kantaria da. Artsakheko Errepublikakoa da sortzez, Karabakh Garaikoa. Maraghan jaio zen, 1989an, eta, familiarekin batera, bizirik ateratzea lortu zuen Azerbaijango indarrek 1992ko apirilaren 10ean Armeniako herriaren aurka egindako sarraskitik. Gaur egun Erevanen bizi da. Vardanyan parkean elkartu da BERRIArekin; 2019an inauguratu zuten parke hori, Armeniako hiriburuak 2.800 urte bete zituela ospatzeko.
Azerbaijanek inposatutako gerrek zauri ugari eragin dizkiote, eta haren ibilerak agerian uzten du zauri horietako bat. «Gorputza metalezko egituraz osatuta daukat hein handi batean. Entxufea baino ez zait falta kargatzeko, justu bihotzaren ondoan», bota du, irribarre goibel batez. Zera gehitu du ondoren: «Bizi guztian gerren eta lekualdaketen mende egon naiz. Familia 90eko urteen hasieran behartu zuten lehenengoz etxetik alde egitera».
Urte eta erdi eskas zuela zauritu zuten Lyoka aurreneko aldiz. «Horrela hasi zen gerrako nire esperientzia», azaldu du. «Gerrak erabat markatu dizkit pentsaera, jokabidea eta sinesmena. Nire abestiek gerraz hitz egiten dute, gerraren kausez eta ondorioez, baina nire mezua beti izan da biziaren aldekoa eta aurrera jarraitzeko beharrari buruzkoa».
Azerbaijan garbiketa etniko bete-betean ari zela, Lyokaren familian —bost anai-arreba dira— idazketa erabiltzen zuten, haurrak lanpetuta edukitze aldera errefuxiatuen guneren batean zeuden bakoitzean. Honela gogoratu du Lyokak: «Gure familiari asko gustatzen zitzaion poesia idaztea eta jolastea, beldurtu ez gintezen eta burua beste zerbaitetan izan genezan. Familiako kideei eta bizilagunei erakusten genien gure poesia, eta lehiaketa antolatzen genuen. Betidanik maite izan dut musika. Rapa lehenengo aldiz entzun nuenean, ohartu nintzen hori izango zela nire sentimenduak libre adierazteko bidea. 2007 eta 2008 inguruan hasi nintzen rapean. Artsakhen ez zen oso ohikoa, jendeak ez zuen ulertzen, eta pentsatzen zuen ez zela musika ona. Berria zen. Pixkanaka, ordea, jendea rapa entzuten hasi zen, eta, 2015 eta 2016 ingururako, ezagunagoa egin zen».
«Gerrak erabat markatu dizkit pentsaera, jokabidea eta sinesmena. Nire abestiek gerraz hitz egiten dute, gerraren kausez eta ondorioez»
Lurralde horretako oraingo gatazka 1988an hasi zen, eta bizi-bizi iraun zuen 1994ra arte. 2008 eta 2020 artean, tentsioa handituz joan zen, eta azkenean beste gerra bat piztu zen, 2020ko irailaren 27an. Azerbaijanek Susa bereganatu ondoren —Artsakheko kokalekurik handienetan bigarrena—, su etena sinatu zuten urte hartako azaroaren 10ean Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek —2018an hautatu zuten— eta Errusiako presidente Vladimir Putinek. Turkiak Azerbaijani eman zion babesa nola gatazka hartan hala hurrengoan.
Nolanahi ere, 2021eko maiatzean, su etena hautsi zuten: Azerbaijango tropak Armeniako lurraldean sartu ziren, kilometro batzuk aurrera egin, eta 41 kilometro karratu okupatu zituzten Syunik eta Gegharkunik inguruan. Geroago, 2022ko abenduan, Laçingo korridorea blokeatu zuen Azerbaijanek —Artsakhen eta Armeniaren arteko lotura bakarra—, eta «ingurumen protesta» gisa mozorrotu zuten ekintza. Baina, benetan, ezkutuan aritutako funtzionario eta militar batzuek itxi zuten bidea. Blokeo horrek krisi humanitario oso larria eragin zuen: oinarrizko produktuen sarbidea itxi zuten, eta Gurutze Gorriko konboiei eta Errusiako bake indarrei sartzea eragotzi zieten; ondorioz, 120.000 herritar harrapatuta geratu ziren.
2023ko irailaren 19an eraso gehiago izan ziren Stepanakerten aurka. Erasoaldia oso bortitza izan zen, eta biharamunean beste su eten bat sinatu zuten. Ondorioa: Karabakh Garaian zeuden 120.000 herritarrek ihes egin behar izan zuten Armeniatik. Lyokak dioen moduan, exodo hura «gizadiaren kontrako krimentzat hartu izan da».
2023ko irailaren 20ko akordio haren arabera, Artsakheko indarrak behartuta zeuden armak uztera eta erabat armagabetzera. Handik gutxira, iragarri zuten Artsakheko Errepublika desegingo zutela 2024ko urtarrilaren 1erako. Nolanahi ere, 2023ko abenduan, hango presidente Samvel Sahramanianek bertan behera utzi zuen erabakia, haren ustez bertako legedian ez baitzegoen legezko oinarririk hori egiteko.
2025eko abuztuan Armeniak, Azerbaijanek eta Ameriketako Estatu Batuek Washingtonen egindako goi bileraren ondoren, martxoan Erevanek eta Bakuk lortutako akordioaren berri eman zuten. Dokumentuak hamazazpi puntu ditu, baina oraindik ez dute ofizialki sinatu; Azerbaijango presidente Aliyevek esan du berak ez duela izenpetuko Armeniak konstituzioa aldatu ezean. Bestalde, Washingtonek Zangezurko korridore estrategikoari buruzko akordioaren berri eman zuen.
Musika, tresna
Goi bileraren aurretik, Lyokak zenbait zalantza zituen: «Nire ustez, bake akordioa ez da benetakoa akordio horrek Artsakh eta Armeniako beste lurralde batzuk galtzea ekartzen badu; ez dut horretan sinisten. Beste herrialde baten mendeko bihurtuko gintuzke. Gerraren eta indarkeriaren aurka nago, baina norbaitek zure etxea okupatzen badu, defendatu egin behar duzu. Duintasuna garrantzitsua da. Babestu ala hil, beste aukerarik ez baduzu, ba, babestu egin behar duzu. Armenia barruan iritzi bat baino gehiago daude: batzuek gobernua babesten dute; beste batzuek, berriz, haren aurka daude herritarren eskubideak defendatzeko».
«Nire ustez, bake akordioa ez da benetakoa akordio horrek Artsakh eta Armeniako beste lurralde batzuk galtzea ekartzen badu»
Lyokaren kantarik arrakastatsuenetako bat Tun Tareq da (Eraman nazazu etxera), 2019an ondua. Abesti horretan, bere etxeari eta 90eko hamarkadako lekualdatzeari buruz hitz egiten du. 2020ko gerraren ondoren, abesti hori ereserki moduko bat bihurtu zen milaka lagunentzat. Tarte batez isilik egon eta gero, 2024an beste abesti bat kaleratu zuen, Es der kam (Bizirik nago oraindik). Kanta horretan, bere bizipenak ez ezik, galerak eta erresilientziak markatutako belaunaldi oso baten bizipenak kontatzen ditu.
Lyokarentzat, musika funtsezko tresna da Artsakheko egoeraren berri emateko eta giza eskubideak defendatzeko. Musikariari nekeza zaio Erevango bizimodura ohitzea: «Ez da nire ingurua, ez dira nire kaleak, ez dira nire bizilagunak. Hemen bizitzea zailagoa da, baina aukera gehiago daude». Aukera horiei esker, Lyoka disko berria prestatzen ari da: Kyank (Bizitza). Izenburu horretan hitz jokoa egiten du, hitz horrek bi adiera baititu armenieraz: bizitza eta bizitzea bera.