Protestak

M-15 mugimenduko kideek kale borrokarekin lotzea deitoratu dute

Indarkeria errefusatua dute Bartzelonako taldeko protestagileek. Herenegun Parlamentuaren aurreko protestatan atxilotu zituzten zazpi lagunetik bost epailearen aurrera eraman dituzte gaur, eta erresistentzia, desobedientzia eta kalteak leporatu dizkiete.

2011ko ekainaren 17a
15:18
Entzun 00:00:0000:00:00

Bartzelonako M-15 mugimenduko kideek errefusatu egin dute gaur goizean indarkeria, eta bide batez, Artur Mas Kataluniako presidenteak atzo euren mugimendua eta kale borroka lotzea deitoratu dute. Eurena mugimendu baketsua dela adierazi dute, eta ez duela zer ikusirik herenegun Kataluniako Parlamentuaren atarian izan ziren istiluekin.

Ciutadella parkea egin dute agerraldia mugimenduko kideek, eta zenbait politikarik atzo esandakoak esanda euren mugimenduaren izen ona galarazi nahi dutela salatu dute, "gizartean duen babesarekin amaitzeko". "Eztabaida puztu egin dute gure kolektiboa estigmatizatzeko, eta arreta Gobernuak egin dituen murrizketetatik desbideratzeko", gaineratu dute.

Atxilotu gehiago egongo direla ohartarazi du Poliziak

Gaur epailearen aurrera eramango dituzte herenegun Kataluniako Parlamentuaren atarian atxilotu zituzten zazpi lagunetatik bost. Erresistentzia, desobedientzia eta kalteak leporatu dizkiete, baina Kataluniako Polizia iturriek jakinarazi dutenez, istiluetan ardura handiagoa izan ote zuten ikertzen ari dira. 

Gainera, manifestari gehiago identifikatu nahian dabiltza, eta ez dute baztertzen datozen orduetan jende gehiago atxilotzea. Felip Puig Barne sailburuak beste hamar bat manifestari identifikatu dituztela esan zuen atzo.

Atxilotuetako beste batek atzo deklaratu zuen epailearen aurrean, eta aske utzi zuten ondoren, erresistentzia eta desobedientzia leporatuta. Zazpigarren atxilotua adingabekoa da, eta Adingabekoen Fiskaltzan deklaratu zuen.

Fiskaltzak esan duenez Zigor Kodearen 498 artikulua ezar ahal zaien aztertzen ari da. Artikulu horren arabera hiru eta bost urte arteko espetxe zigorra ezar dakioke "Parlamentuko, Senatuko edo erkidego autonomo bateko ganbera bateko kide baten aurka indarra, biolentzia edo mehatxu larria" erabiltzen duenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.