Macron Kaledonia Berriko ordezkariekin bilduko da, uhartediaren estatusaz eztabaidatzeko

Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministroak independentisten eta loialisten arteko negoziazioei berrekin die, baina Frantziako presidenteak hartuko du erreleboa bihar, Frantziaren parte izan nahi dutenak ez baitziren kontent atera azken bileratik.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), iazko maiatzean, Noumeara egin zuen bidaian. LUDOVIC MARIN / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), iazko maiatzean, Noumeara egin zuen bidaian. LUDOVIC MARIN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko uztailaren 1a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kaledonia Berriko ordezkariak eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea bihar biltzekoak dira, Parisen, Ozeaniako uhartedi horren estatusaz eztabaidatzeko. Dagoeneko horretarako urratsak eginak ditu gobernuak, aurten hiru elkarrizketa saio zuzendu baititu Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministroak, Kaledonia Berrian bertan; negoziazioak «berreskuratu» dituen arren, ez dute itxi lurraldearen «etorkizun instituzionala» zer-nolakoa izango den, adierazi zien Macronek Kaledonia Berriko ordezkariei joan den astean bidalitako gutunean. Autonomia handiagoa lortzeko bidean, 1998ko Noumeako Akordioa ordezkatuko duen hitzarmen baten faltan daude uhartedian, eta independentziaren aldekoak eta loialistak ez datoz bat.

Valls ministroak partekatutako autonomia eredua aurkeztu zien bi aldeei, zeinak «guztizko emantzipazioaren iritzi kontrajarriak» eta Frantziaren eta Kaledonia Berriaren arteko «harreman estrukturala» uztartzen zituen: defentsa, segurtasuna, justizia eta moneta eskumenak transferitzea, betiere estatuaren eta koloniaren arteko loturari eutsiz arlo horietan; herritartasun bikoitza ematea hango herritarrei; eta uhartediari «nazioarteko estatusa» aitortzea, besteak beste.

Independentziaren kontrako loialistak ez ziren kontent agertu gobernuarekin; are, negoziazioekin jarraitzeko aukera oro «hil» du «independentzia asoziatiborako» proposamenak. Hala adierazi zuten Frantziako parte izaten jarraitu nahi duten koalizio loialistako buruek, maiatzeko hirugarren eta azken elkarrizketa saioaren ostean egindako balorazioan. Vallsek esan zuen «Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesua amaitzeko» asmoa zuela, baina, bi aldeak ados jartzeko ahaleginak bertan behera geratu direla ikusita, bilkura bat gidatu nahi du Macronek berak, gutunean zioenez, «kontu instituzionalez harago», lurraldeko «arazo ekonomiko eta sozialei» heltzeko: «Behar adina iraungo du gure arteko hartu-emanak, kontu garrantzitsuak merezi duten seriotasunez eztabaidatzeko». Presidenteak biltzeko deia egin die Kaledonia Berriko Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei, enpresaburuei, uhartediko alkateen ordezkaritza bati, eta gobernuz kanpoko erakundeen ordezkariei.

Emmanuel Tjibaou UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentistako buru eta Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatuak atzo esan zuen, uhartediko hedabideei egindako adierazpenetan, «orain» nahi duela konpondu autonomiaren gaineko afera: «Erronka da 1988an hasitako deskolonizazio prozesuari buruz eztabaidatzea. Ez naiz negoziazio mahaitik altxatuko». Kaledoniar Batasuna FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka aliantzako alderdirik handiena da.

Aspaldiko afera da Kaledonia Berriaren autonomiarena: independentziari buruzko 1980ko hamarkadako kanak indigenen eta europarren arteko liskarren ondotik, Matignoneko Akordioa hitzartu zuten 1988an —bide eman zion uhartediaren autonomia zabaltzeko hamarkada beteko epeari—, eta prozesu horren emaitza izan zen Noumeako Akordioa.

Mende laurden pasatxo igaro da 1998an azken hori sinatu zutenetik. Zenbait eskumenen transferentzia aurreikusten zuen —Vallsek Kaledonia Berriari eskaini berri dizkionak izan ezik—, baita independentzia lortzeko hiru erreferendum egitea ere. Hain zuzen, Noumeako Akordioaren arabera, Kaledonia Berriak independentzia lortzeko hiru erreferendumetan ezezkoa ateraz gero, Ozeaniako uhartedi horretako ordezkariak elkartu behar dira, segidako hiru porroten osteko «egoera aztertzeko». Halaxe gertatu da.

2018an, 2020an eta 2021ean egin zituzten hiru galdeketok, eta ezezkoa atera zen horietan guztietan. Lehenengoan herritarren %56k egin zuten Frantziatik ez ateratzearen alde; bigarrengoan, %53k; eta hirugarrengoan, %96k —aintzat hartu behar da azken erreferendum hori boikotatu zutela independentziaren aldekoek, inguru horretan COVID-19aren pandemiak gogor jo baitzituen kanak indigenak—. Independentistek beste galdeketa bat egiteko eskatu zioten Parisi, baina hark ez zien jaramonik egin.

Iazko protestak

Hori dela eta, Kaledonia Berriaren deskolonizazio prozesurako aurreikusita zegoen kasuari heldu dio Macronek, koloniaren hurrengo estatusa adoste aldera. Eztabaida ez aurrera eta ez atzera egon da 2021etik, harik eta iazko protestak piztu ziren arte. Frantziako Gobernuak hautesle errolda zabaltzeko erreforma aurkeztu zuen hauteskunde probintzialetan, eta indigenek gogor erantzun zioten hari. Maiatzean piztu zen gatazka, eta, erreforma urrian atzera bota izanagatik ere, gobernuak ezarritako etxeratze aginduak sei hilabete iraun zuen, abendura arte. Hamahiru lagun hil ziren istiluetan, eta ehunka jendarme eta poliziazabaldu zituzten agintariek.

Noumeako Akordioei jarraikiz, 1998az geroztik heldutako herritarrek ezin dute bozkatu hauteskunde probintzialetan, eta hori aldatu nahi zuen Parisek —arau berriak modua emango zien uharteetan gutxienez hamar urte zeramatzatenei botoa emateko, jatorria edozein izanda ere—. Kaledonia Berrian 2019an egin zituzten azkenekoz hango Kongresuko kideak erabakitzeko hauteskundeak. Ordu hartan 170.000 herritar deitu zituzten hauteslekuetara; erreforma aplikatuko balitz, beste 42.000 lagunek ere botoa eman ahal izango zuketen. Iazko abenduaren 15ean hauteskundeak egitekoak ziren Kaledonia Berrian, baina urtebete atzeratu zituzten protesten harira. Jarraian, abenduan, Lois Mapou independentistaren gobernua erori zen, eta urtarrilean Alcide Ponga loialista hautatu zuten presidente.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.