Gerra Ukrainan

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Errusiak eta AEBek adierazi dute azken egunotan ez dietela muzin egiten elkarrizketei. Eta, horren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak nabarmendu du Mendebaldeak kontuan hartu beharko lituzkeela Moskuren segurtasun bermeak, Vladimir Putin Kremlineko buruzagiak Ukrainako gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu.

Aurreko egunetan, AEBetan izan da Macron, eta TF1 telebista kateak bira horretan egin dioten elkarrizketa bat eman zuen atzo. Horretan nabarmendu zuen, besteak beste, Europak duela etorkizuneko bere «segurtasun egitura» prestatzeko beharra. «Horrek esan nahi du jorratu beharreko alderdiak direla —Putin presidenteak beti esan izan duen bezala— NATO bere ateetaraino heltzeko beldurra eta Errusia mehatxatu dezaketen armen hedapena», azpimarratu du Frantziako presidenteak.

Joan den otsailaren 24an Errusia Ukraina inbaditzen hasi aurretik, Putinekin bildu zen Mendebaldeko azken-aurreko liderra izan zen Macron; Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra izan zen azkena, otsailaren 15ean. Kremlineko burua eta Eliseokoa Moskun batzartu ziren otsailaren 7an, eta Putinek, hedabideen aurrean, hiru eskari egin zizkion Mendebaldeari, Ukrainako mugatik gertu zituen tropak erretiratzeko: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean; Mendebaldeko aliantza militarraren ahal handiko erasorako armak Errusiaren mugatik urruntzea; eta aliantzaren egitura 1997ko mugetara erretiratzea. Izan ere, ordura arte Varsoviako Ituneko estatu bakar bat ere ez zegoen aliantzan; 1999an, Hungaria, Polonia eta Txekia bihurtu ziren kide, eta 2004an, Estonia, Lituania, Letonia, Eslovakia, Bulgaria eta Errumania.

«Auzi hori bake elkarrizketetan egongo da. Beraz, aztertu behar dugu zertarako prest gauden, nola babesten ditugun geure aliatuak eta estatu kideak, eta nola ematen dizkiogun bermeak Errusiari negoziazio mahaira esertzen den egunean», esplikatu du Macronek, TF1eko elkarrizketan.

Ukraina esaten ari da azkeneko hilabeteotan ez dela negoziazio mahaian eseriko Errusiak bere lurraldetik tropak ateratzen ez dituen bitartean. Nolanahi ere, Washingtonek iradoki izan dio elkarrizketarako prest egon beharko lukeela. Testuinguru horretan, Macronek, beste batzuetan bezala, agenda propioa ezartzeko ahalegina egin du, AEBen rola auzitan jarriz, nolabait. Ezin du, ordea, EB Europako Batasunaren izenean hitz egin. Horrekin guztiarekin lotuta, Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak ohartarazpen bat egin zuen herenegun Sydneyn (Australia): «Europa ez da behar bezain indartsua. Estatu Batuak gabe arazoak edukiko genituzke».

Mehatxu gehiago

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak Telegramen atzo adierazi zuenez, Ukrainak hamabi herrialdetan dituen hamazazpi misio diplomatiko mehatxatu dituzte azken egunotan, gutun piroteknikoak eta kaxa susmagarriak bidalita. Oleg Nikolenko Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu zuen Hungariako, Herbehereetako, Poloniako, Kroaziako, Italiako eta Austriako enbaxadak daudela kaxak jaso dituztenen artean. CNN telebista katean egin dioten elkarrizketa batean, Kulebak esan zuen Errusia dagoela erasoen atzean. Moskuk ukatu egin du Espainiara bidalitako gutun piroteknikoekin zerikusirik duenik, eta Espainiako Poliziak esan du Espainiatik bertatik bidali zituztela.

Gerra frontean, bestalde, Khersongo agintari ukrainarrek eskatu diete Dnieper ibaiaren ekialdean dauden herritarrei mendebaldeko aldera, Ukrainak kontrolpean duenera, joateko. The Kyiv Independent egunkariak atzo kaleratu zuenez, Jaroslav Januxevitx jeneralak esan zuen atzo bihar arte laguntzen arituko direla Ukrainako indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.