Macronek proposatu du hogei urteko epean erabakitzea Kanakiren estatus berriaz

Frantziako presidenteak estatu libre elkartuaren formula proposatu du. Negoziatzen segitzen dute bi aldeek.

Macron, ezkerrean, Kaledonia Berriko ordezkariekin, atzo. LUDOVIC MARIN / EFE
Macron, ezkerrean, Kaledonia Berriko ordezkariekin, atzo. LUDOVIC MARIN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 3a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kaledonia Berriko ordezkariekin batzartu zen atzo gauean Emmanuel Macron, eta Frantziako presidenteak proposatu zien hogei urteko epean erabakitzea Ozeaniako uhartedi horren estatusaz. Eliseoak ez du batzarrari buruzko iruzkinik egin, baina hori kaleratu du gaur Le Monde egunkariak, batzarrean parte hartu zuten iturriak aipatuz.

Datozen orduetan hitz egiten jarraitzekoak dira koloniaren ordezkariak eta Pariskoak, baina Macronek bide orri moduko bat marraztu du jada. Hasteko, datozen hamar-hamabost urteak baliatu nahi ditu uhartedia berreraikitzeko. Izan ere, iazko maiatzean, Parisek hautesle errolda zabaltzeko erreforma aurkeztu ondoren —indigenei ez zitzaien gustatu—, istiluak izan ziren, eta kalteak eragin zituzten lurraldean.

Behin hori eginda, beste estatus bat negoziatuko luke Parisek alderdi politikoekin, eta horri buruz bozkatuko lukete herritarrek. Kaleratutakoaren arabera, ez litzateke independentzia erreferendum bat izango; estatu libre elkartua izateko aukera jarri du Macronek mahai gainean. Adibidez, Puerto Rico AEBen menpe dago, baina estatus hori du 1952tik. Planteamendu hori, hain zuzen, Kaledonia Berriko zentroko indarren gustukoa da.

Horren bidez, zenbait eskumen transferitu egingo lirateke, esaterako. Manuel Valls Itsasoz Haraindiko ministroak maiatzean proposatutakoak ere antzeko zerbait planteatzen zuen, baina loialistak negoziazio mahaitik altxatu ziren orduan. Independentistak, aldiz, negoziatzeko prest daude, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko buruzagiek esan dutenez.

Noumeako Akordioari (1998) jarraituz, hiru independentzia erreferendum egin dituzte uhartedian, eta hiruretan ezezkoak irabazi du. 2018an, independentistek botoen %42 bildu zituzten; 2020an, %46; eta, 2021ean, boikoterako deia egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.