Oposizioko alderdiek Benalla auziaren harira aurkeztu zituzten Frantziako presidentearen aurkako zentsura mozioak. Bozketetan arrakastarik ez izan arren, euren ikusgarritasuna handitzea eta Macron politikoki ahultzea lortu dute eskuineko zein ezkerreko alderdiek.
Mozioak aurkezteko arrazoia gertakari zehatz baten ondorio izan zen: Macronen bizkartzain ohi Alexandre Benallak hainbat manifestariri eraso egin zien Maiatzaren Leheneko manifestazioan, Parisen; egun horretan, istiluen aurkako poliziaren kaskoarekin eta polizia gisa identifikatzen zuen besokoarekin izan zen.
Mediapart eta Liberation hedabideek egunotan zabalduriko bi bideok frogatu dute Benallak beste atxiloketa batean parte hartu zuela egun horretan, Frantziako presidentearen alderdiko segurtasun buru Vincent Crasekin batera; bizkartzain ohiak atxiloketetan partu izana ukatu zuen joan den astean emandako elkarrizketa batean.
Macron joan den astean mintzatu zen lehenengoz gai horren inguruan, eta adierazi zuen bera dela gertaturikoaren "erantzule bakarra".