Frantzia

Macronen aurkako zentsura mozioak asteartean eztabaidatuko dituzte

LR Errepublikanoak eskuineko alderdiak atzo aurkeztu zuen berea, eta gaur mozio bateratu bat aurkeztu dute PCF Frantziako Alderdi Komunistak, FI Frantzia Intsumisoak eta PS Alderdi Sozialistak. Frantziako presidentearen alderdiak gehiengo osoa du Asanblean.

Benalla eta Macron, 2017ko hauteskunde kanpainako irudi batean. EFE
ander perez zala
2018ko uztailaren 27a
19:31
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurka aurkezturiko bi zentsura mozioak egun berean eztabaidatuko dituzte, datorren asteartean, baina bi eztabaida eta bi bozketa izango dira saio berean. LRren diputatu taldeko presidenteak, Christian Jacobek, defendatuko du haren alderdiak aurkezturikoa, eta bigarrena hiru alderdien ordezkari taldeetako presidenteek defendatuko dute. 15:00etan hasiko da saioa.

Mozio bateratu bat aurkeztu duten arren, PSko idazkari nagusi Olivier Faurek azaldu du "adostasun berezi bat" dela, eta horrek ez duela irudikatzen "ezkerreko indarrak batzen ari direla". Desadostasun horien erakusle da FIko eta PSko diputatuek LR-ren mozioarekiko izango duten jarrera: ezustekorik ezean, FIkoek alde bozkatuko dute, eta PSkoek kontra. Eskuineko alderdiak ez du iragarri berea ez den mozioaren alde edo kontra bozkatuko duen.

Hala ere, Macronen alderdiak, LREM Errepublika Martxan-ek, gehiengo osoa du Asanblean; beraz, bi zentsura mozioak ez dira aurrera aterako. Frantziako presidentearen legegintzaldiko eskandalurik handiena piztu du Benalla auziak:Frantziako presidentearen bizkartzain ohi Alexandre Benallak hainbat manifestariri eraso egin zien Maiatzaren Leheneko manifestazioan, Parisen; egun horretan, istiluen aurkako poliziaren kaskoarekin eta polizia gisa identifikatzen zuen besokoarekin izan zen.

Macron duela hiru egun mintzatu zen lehenengoz gai horren inguruan, eta adierazi zuen bera dela gertaturikoaren "erantzule bakarra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.