Narkoterrorismoan aritzeko konspiratzea egotzita, besteak beste, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta haren emazte Cilia Flores epailearen aurretik igarotzekoak dira gaur berriro New Yorken (AEB), auzitegi federal batean. Urtarrilaren 3an hartu zituzten preso AEBek, eta bi egun geroago, epailearen aurrean lehendabizikoz deklaratu zutenean, biek ala biek adierazi zuten errugabeak zirela.
AEBetako Justizia Departamentuak akusaziorako aurkeztutako frogek balio duten ala ez eztabaidatzekoak dira gaurko saioan, eta, aldi berean, defentsa bere argudioak plazaratzekoa da. Hain zuzen, Maduroren abokatu Barry Pollackek salatu du AEBak Venezuelako presidentearen eskubide konstituzionalak urratzen ari direla, blokeatu egin baitituzte epaiketa gastuak ordaintzeko Caracasen funtsak. Horren berri eman zuen eskutitz batean, otsailaren 26an.
Mozio baten bidez, Madurok auzitegiari adierazi dio Venezuelako Gobernuak ordaindu dezakeela beraren defentsa, horretarako eskubidea duela. AEBetako hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, baina, fiskaltzak adierazi du gastuak ordaintzeko ezin direla erabili zigortutako gobernu baten funtsak. Kontuak kontu, Maduro atxilotu eta Delcy Rodriguezek haren lekua behin-behinean hartu duenetik, hobera egin dute Venezuelaren eta AEBen arteko harremanek, nahiz eta Donald Trump Etxe Zuriko maizterraren mehatxuek baldintzatu dituzten une oro.
Madurok eta Floresek ia hiru hilabete daramatzate preso, eta, tarte horretan, ez dute eskatu, esaterako, berme bat ordaintzea aske utz ditzaten. Alvin Hellerstein da kasuaren epailea —92 urte ditu—, eta haren esku egongo da gaur, aldeen argudioak entzun ondoren, epaiketa egiteko eguna zehaztea. The New York Times-en arabera, epaile horrek lo hartu zuen iazko auzi saio batean. AEBetako zenbait hedabidek adituak aipatuz kaleratu dutenez, auziak aurrera egiten badu epaiketa ez da hasiko 2027a edo 2028a baino lehen.
Zigortu gutxi
AEBetako Kongresuak 2006an onartu zuen narkoterrorismoaren kontrako legea, eta helburu zuen AEBek «terrorismotzat» hartutako jarduerak zigortzea. Reuters berri agentziak auzitegi federaletako erregistroak aztertu ditu, eta, argitaratu duenez, orduz geroztik delitu horrengatik lau pertsona baino ez dituzte zigortu epaiketa batean.
Horiek horrela, Maduro preso hartu zutenetik, AEBek eta Venezuelak akordio bat egin zuten aurrenekoaren petrolioa komertzializatzeko, eta harreman diplomatikoak ere berrezarri dituzte; 2019ko urtarrilean eten zituzten. Trumpek esan izan du pozik dagoela Delcy Rodriguezekin. Behin-behineko presidenteak, gainera, aldaketa nabarmenak egin ditu estatu egituretan. Lehengo astean, esaterako, kargutik kendu zuen Vladimir Padrino, 2014az geroztik Defentsa ministroa zena.