Chavistena izan da atzoko garaipena, 5,1 milioi boto eskuratuta (%49,2). Oposizioak, berriz, 4,4 milioi bildu ditu (%42,7). Emaitza horiei esker, Nicolas Madurok arnasa hartu du tarte baterako, MUD Batasun Demokratikorako Mahaiak, oposizioa batzen duen koalizioak, Maduro boteretik kentzeko urrats gisara hartu baititu hauteskundeok. 337 alkate aukeratu dituzte, baina presidentea hautatzeko bozen itxura izan dute.
Oposizioaren asmoa zen bozak irabaziz gero Maduro boteretik kentzeko kanpainari ekitea. Konstituzioak ezartzen dituen urratsak egin, eta 2016rako erreferendum bat proposatzea. Ez du nahia lortu, baina horretarako aukera oraindik ez du galdu. Oraingoz chavisten indarra handia da, baina oposizioa lekua egiten ari da, eta Capriles arerio serioa gertatzen ari zaio Madurori. Botoetan gorantz egiten ari da oposizioa etengabe.
Boz hauetan oposizioak bereganatu ditu hiri garrantzitsuenak. Caracasko alkatetzari eutsi dio, Maracaibokoari ere bai, eta, horrez gainera, bere egin ditu Valencia, Maturin, Barquisimeto eta Barinas.
Chavez gogoan
"Urtebetera Chavez presidenteari esan diezaiokegu aberria dugula oraindik, etorkizunerako aberria", azaldu du Madurok, pozik, emaitzak jakin bezain pronto. Duela urtebete agertu zen Chavez azken aldiz jendaurrean, eta egun hori baliatu dute, hauteskunde eguna hain zuzen, Hugo Chavezekiko Leialtasunaren Eguna ezartzeko. Oposizioak hori salatu du hauteskunde eguna bera ere kanpaina egiteko erabili duelako gobernuak. Chavezek oraindik itzal luzea du, eta kanpaina osoan izan da presente, gobernuko ordezkarien aldetik, baina baita oposiziokoen artean ere.