GERRA UKRAINAN

Maiatzaren 10ean Bakhmutetik erretiratzeko mehatxua egin du Wagnerrek

Jevgeni Prigozhin talde paramilitarraren buruak munizio gabezia argudiatu du erretiratzeko erabakia hartzeko. Errusiako defentsa ministroa eta armadaren Estatu Nagusia iraindu ditu.

Pertsona bat txikitutako eraikin baten aurrean Bakhmuten, joan den urtarrilean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 5a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Aspalditik zeuden gaiztotuta Wagner mertzenario taldearen buruzagitzaren eta Errusiako Defentsa Ministerioaren arteko harremanak. Mosku talde paramilitar horrekin ari da borrokatzen Bakhmuten (Donetsk), azken hilabeteetako batailarik ikonikoenean, eta horren buru Jevgeni Prigozhinek behin baino gehiagotan kritikatu du Sergei Xoigu Defentsa ministroa, behar adina munizio ez ematea egotzita. Gudu horren balio sinbolikoa argi egonagatik, analista militarrak ez datoz bat hiria hartzeak zer garrantzi estrategiko izan dezakeen. Wagnerreko ugazabak martxoan ohartarazi zuenez, paramilitarrek Bakhmuten atzera egingo balute, fronte guztia «desegingo» litzateke. Bada, besteak beste munizio gabezia argudiatuta, datorren maiatzaren 10ean handik erretiratzeko mehatxua egin du Prigozhinek, gaur.

«Wagnerren unitateak Bakhmutetik erretiratuko ditut, zentzurik gabeko heriotza batera kondenaturik baitaude munizio gabeziarekin», nabarmendu du Telegrameko bere kanalean publikatutako bideo batean.

https://twitter.com/Baterial1/status/1654268174018260992

Esan du posizio horiek Defentsa Ministerioaren unitateei, hau da, militarrei entregatuko dizkietela, eta Kremlini oroitarazi dio munizioa ez emanda Errusiari ukatzen diotela garaipena. Behar dutenaren %30 dute, Prigozhinen hitzetan.

Ikusi gehiago: Errusiak arma ekoizpena handitzeko neurriak hartu ditu

Xoigu eta armadako Estatu Nagusiko buruzagi Valeri Gerasimov izan ditu jopuntuan. Hain zuzen, Defentsa ministroak iragarri zuen, aurreko asteartean, arma ekoizpena handitzeko neurriak hartu dituztela; jakinarazi zuen, hori bai, urtea amaitu bitartean Errusiako indarrek nahikoa munizio dutela borrokatzeko.

Eta Bakhmutetik erretiratzeko mehatxua egin baino ordu batzuk lehenago, Wagnerreko buruak beste bideo bat plazaratu du, eta horretan Xoigu zein Gerasimov iraindu ditu. Irudietan ikus daitezke gorpu batzuk ilaran. «Hauek dira gaur hil diren mutilak; odola freskoa dago oraindik», argitu du mertzenarioen buruak, gorpuen ondotik pasatzean. Haren esanetan, talde paramilitarreko 116 kide hil ziren atzo borroketan, eta iruditzen zaio eskatutako munizioa izan balute ez zela hori gertatutako. Beste zenbaki bat ere eman du: Bakhmuten 45.000 kilometro koadroetatik 2,5 ditu Wagnerrek konkistatzeke. Horren guztiaren harira, AEBetako zerbitzu sekretuek jakinarazi dute asteon Errusiako indarretako 20.000 bat kide zendu direla gerra frontean azkeneko bost hilabeteetan, eta erdiak Wagner mertzenario taldeko kideak zirela.

Ikusi gehiago: Bakhmut, higatze bataila bat

Wagnerreko buruak egindako iragarpenaz galdetu diote Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovi, gaur, egunero egiten duen prentsaurrekoan, baina ez du erabakiaz hitz egin. «Ezin dut iruzkinik egin, operazio militar bereziari eragite dion zerbait delako».

Bestalde, asteazken goizaldean Kremlinen gertatutako leherketen harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ekitaldi publiko batean adierazi du Moskuk «ekintza zehatzekin» erantzungo duela. Errusiako Gobernuak AEBei eta Ukrainako Gobernuari egozten die bi dronekin egindako erasoaren atzean egotea. Kievek eta Washingtonek, ordea, ukatu egin dute, eta, are, gertatutakoa aldez aurretik prestatzea egotzi diote Moskuri, modu horretan aurreragoko erasoak justifikatu ahal izateko.

Hagaren eskaera Hegoafrikari

NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Karim Khanek adierazi du, gaur, espero duela Hegoafrikak «zuzen» jokatzea eta Vladimir Putin atxilotzea, udan honetan Errusiako presidentea hara joaten bada.

Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak leporatuta. Hegoafrika auzitegi horretako kidea da, eta BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) taldea goi bilera bat egitekoa da datorren abuztuan han. Putinek ez du argitu joango den ala ez.

Gerrarekin lotuta, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du, gaur, ez dela «bake elkarrizketak» edukitzeko unea, Ukraina militarki laguntzekoa baizik.

Talde komunitarioari buruz Florentzian (Italia) egindako jendaurreko ekitaldi batean esan du Txinak auzia konponbidean jartzeko egindako proposamena «gogoeta jakintsuen zerrenda bat» dela, baina ez dio zilegitasunik eman. Finean, herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko eskatzen du Pekinek otsail amaieran aurkeztutako egitasmoak, baina, aldi berean, esaten du, Errusiaren izena aipatu gabe, estatuen «segurtasun kezka zilegiak» aintzat hartu behar direla. Borrellen esanetan, Volodimir Zelenskirena da «proposamen sendo» bakarra. Ukrainako presidenteak planteatzen du, besteak beste, Errusiako tropak Ukrainatik erretiratzea. Moskuk, baina, ez du hori aurreikusten.

Borrellek ez du aipatu ere egin Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak gatazkari irtenbidea emateko mahagaineratutako ideia, zeinak proposatzen duen «bakearen aldeko G20 bat». Horren guztiaren harira, Txinako Atzerri ministro Qin Gangek azaldu du, gaur, ohar batean, jarraituko dutela bake elkarrizketak sustatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.