Mundua

Maliko Gobernuak eta MNLAk bakerako lehen akordioa egin dute

Su-etena bat, eta armada eta administrazioa Kidal hirira itzultzea hitzartu dute. Azawaden estatus politikoa uztaileko hauteskundeen ondoren eztabaidatuko dute.

mikel rodriguez
2013ko ekainaren 18a
20:09
Entzun

"Erran dezakegu lan handiena bukatu dugula. Oinarrizko gaietan ados paratu gara", adierazi du Tiebile Drame Maliko Gobernuaren ordezkariak. MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak ere baieztatu du akordioa sinatu dutela. HCUA Azawaden Batasunerako Kontseilu Gorenak ere MNLArekin batera onartu du hitzarmena.

Maliko presidentetzarako hauteskundeak Azawaden ere egitea onartu du gerrilla independentistak, eta herrialdearen estatus politikoa eta armak uztea gobernu berriarekin eztabaidatuko dute. Maliko armada eta funtzionarioak Kidalera itzuliko dira, eta gerrillari independentistak eremu berezi batean elkartuko dituzte. Prozesu hori Nazio Batuen Erakundearen Minusma misioak gainbegiratuko du.

MNLA iazko urtarrilean matxinatu zen Maliko Gobernuaren aurka, eta Azawad gehiena kontrolpean hartu ondoren, iazko apirilean independentzia aldarrikatu zuen. Ondoren, baina, hainbat talde islamistek lurralde gehienaren kontrola kendu zioten. Joan den urtarrilean Frantziako armadak esku hartu eta Azawad gehienaren kontrola berreskuratu zuen Malik. MNLAk, ordea, iparraldeko Kidal hiria mantendu du. Gobernuak eta gerrillak bi aste eman dituzte Burkina Fason negoziatzen. MNLA nagusiki tuaregek osatu eta babesten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.